Gazte mugimendua

«Gazte borrokaren» beharra berretsi du Ernaik, eta gazte auzipetuei elkartasuna agertu

Iazko maiatzean Bilbon atxilotutako zazpi gazteen kontrako epaiketa hasi da. Fiskaltzak akordioa proposatu dio defentsari, eta hark ez du onartu, akusazioei «zilegitasunik ez» emateko. Urtebete eta urte eta erdiko kartzelaldiak eskatzen dituzte gazteentzat, eta 20.000 euro baino gehiago isunetan eta kalte ordainetan.

Ernairen protesta Bilboko auzitegiaren atarian, gaur goizean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko ekainaren 15a
11:29
Entzun

Gaur hasi da Bilbon iazko maiatzean hiri horretan bertan atxilotutako zazpi gazteren kontrako epaiketa. Fiskaltzak akordio proposamena egin dio defentsari, baina hark ez du onartu. «Akordio proposamenak frogarik eza agerikoa dela ikusarazi du, eta, beraz, ez zaie akusazio eta karguei zilegitasunik eman nahi izan», azaldu dio Ernaik BERRIAri. Hala, epaiketarekin aurrera egin dute.

Auzitegiko atarian, dozenaka lagunek elkartasuna adierazi diete auzipetuei, eta, horrekin batera, «bizitza duinen aldeko borrokan» jarraitzeko deia egin dute. Halaber, gogor salatu dute epaiketaren zioa. «Gezurrez beteriko atestatu baten ondorio» dela adierazi du Ane Alaba Ernaiko bozeramaileak, eta gaineratu «mugimendu eta borroka sozialen aurkako estrategia» baten erakusgarri dela, gazte mugimenduaren kontrakoa izateaz gainera.

Gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatzeak eraman ditu auzitegira zazpi gazteak. Iazko maiatzean, Ernai gazte antolakundeak manifestazioak egin zituen Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, Larrialdi egoeran gaude lelopean, eta Bilboko nahiz Gasteizko manifestazioen amaieran Ertzaintzak gazteen kontra jo zuen. Zortzi gazte atxilotu zituen, eta 60 baino gehiago zauritu. Bilbon atxilotutakoen kontra urtebete eta urte eta erdiko espetxe zigorrak eskatu dituzte, eta 20.000 euro baino gehiago isunetan eta kalte ordainetan.

Hala ere, Ernaik gaur nabarmendu du, ohar bidez, epaituak ez direla eurak soilik izango, «bizi baldintza duinen alde» borroka egiten duten guztiak baizik: «Tubacex, ITP eta Alconzako langileak jipoitzen dituzten borrek denok jipoitzen gaituzten bezala; San Frantzisko auzoko gure auzokideen aurkako mehatxuak gure aurkako mehatxuak ere badiren bezala; eta kide feminista bat atxilotzen dutenean denok atxilotzen gaituzten modu berean».

Mobilizazioaren arrazoiak ere gogoratu ditu Ernaik. Azaldu duenez, sistemak gazteak «estrukturalki» zapaltzen dituelako atera ziren kalera, baita «orainik zein etorkizunik eza» besterik jasotzen ez dutelako ere. «Gazteon egoera benetako larrialdi egoeran murgildu zela ikusten genuen». Larrialdi egoera horrek gazteen egunerokoan zer esan nahi duen ere gaineratu du gazte antolakundeak; «emantzipatu ezina eta bizi proiektu bat garatu ezina», «hedabideetan gazteak etengabe kriminalizatuak izatea» eta «antsietate eta depresio kasuek gora eta gora egitea», besteak beste. Egoera horrek, gainera, bere horretan jarraitzen duela ohartarazi du.

«Bortizkeria» eta «muntaketa»

Aldarrikapenok kalera ateratzeari Ertzaintzak «bortizkeriaz» erantzun ziola salatu du Ernaik, «Eusko Jaurlaritzaren isiltasun eta konplizitate guztia bazutela jakitun egonda». Modu hori, gainera, lan gatazketan, etxegabetzeetan eta herri mugimenduen mobilizazioetan «etengabe» errepikatzen dela erantsi du: «bortizkeria poliziala», lehenik, eta «muntaketa polizialean oinarritutako epaiketa», ondoren.

Halakoak ikusita, «elkartasuna josi eta gure borroketan berrestea» da erantzunik onena, Ernairen arabera, eta, batez ere, «gazteen bizi baldintza duinen aldeko eta bizi proiektu burujabeak garatzeko borrokan» jarraitzea. Horretarako deia egin dute auzitegi atarian, eta, halaber, barruan ere hala egingo dutela nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.