Migratzaileak

25 urteko migratzaile bat zendu da Bidasoa ibaian

Behobiako zubi inguruan aurkitu dute hilotza; ez du indarkeria zantzurik: itota hil dela uste dute. Gipuzkoako SOS Arrazakeria elkarteak manifestaziora deitu du biharko, Donostian.

Europaren migrazio politiken kontrako elkarraratzea Irungo Behoako zubian, artxiboko irudian. JON URBE, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 18a
09:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Guardia Zibilak gorpu bat topatu du gaur goizean Bidasoa ibaian, Irun aldean (Gipuzkoa); Behobiako zubiaren inguruan, zehazki. Hilotza migratzaile gazte batena da: Abderrman Bas izeneko gizonezko ginear bat da, 25 urtekoa. Gazteak ez zeraman dokumentaziorik soinean, baina hatz marken bidez identifikatu dute; Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzak jakinarazi duenez, Lanzarotera (Kanaria uharteak) iritsi zen maiatzean.

Jaurlaritzaren arabera, gaztea «berriki» zendu da. Astelehenean egingo diote autopsia, baina argitu dute gorpuak ez duela indarkeria zantzurik: itota hil den susmoa dute.

Aurten Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan zendutako bigarren migratzailea da Abderrman Bas. Martxoaren 12an Bidasoa gurutzatzen ari zela desagerturiko pertsona baten bila ari zirela jakinarazi zuten. Hainbat egunetan bila ibili ondotik, martxoaren 30ean atzeman zuten harena izan zitekeen hilotza.Ondoren, apirilaren amaieran ere beste baten bila ibili ziren, Endarlatsa inguruan. Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak asteon bertan gogoratu du azken hilabeteetan lau pertsona hil direla Bidasoan itota, beste batek bere buruaz beste egin duela Irunen, eta hiru lagun hil direla Ziburun trenak harrapatuta.

Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE-EE) atsekabea adierazi du, ohar baten bidez: «Ezin gara drama honetara ohitu». Mugako kontrolak «birplanteatzera» deitu du: «Ezin ditugu hainbeste gazte galdu ibaian, tantaka. Uretara salto egiten dute mugako kontrol zorrotzetatik ihesi; hori bada arazoa, konpondu egin behar dugu». Frantziako Gobernuari mintzatu zaio: «Europan migrazio politika komunak ezarri behar dira, halako egoerak saihesteko».

Ildo berean mintzatu da Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendaria, Xabier Legarreta. Frantziako Poliziak mugan egiten dituen «kontrol selektibo eta arrazistak» salatu ditu, eta migratzaileentzako «bide seguruak» galdegin ditu.

Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasok ere adierazpenak egin ditu sare sozialen bitartez, albistea plazaratu berritan. Twitterren, esan du «beste ezbehar humano bat» gertatu dela Bidasoan. «Etxe bila joan, bizitzan aurrera egiteko toki baten bila aritu, eta heriotzarekin egiten dute topo mugan, Europan».

Gaitzespen irmoa

Albistea plazaratu eta segituan hasi dira, errenkadan, heriotzaren gaineko mezuak zabaltzen. Suminez, gaurkoa bezalako heriotzen erantzuleak migrazio politikak direla nabarmendu dute zenbait eragilek. Besteak beste, oharra kaleratu du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak. «Hendaiako muga: axola ez duten bizitzak», idatzi dute titulu.

Elkarteak gogor salatu ditu mugako kontrolak, eta, halaber, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio aurki osatuko den Frantziako Gobernuari exiji diezaiola bertan behera utz daitezela kontrol horiek.

Gaitzespena ozentzeko, elkarteak protestara deitu ditu herritarrak. Mobilizazioa eginen dute bihar eguerdian, 12:00etatik, Donostiako Aquariumetik abiatuta. Astelehenean errefuxiatuen nazioarteko eguna izango da, eta horren harira, manifestazioak eginen dituzte Bilbon eta Gasteizen ere, 19:00etan, Arriagatik eta Andre Mari Zuriaren plazatik abiatuta, hurrenez hurren; Iruñean, berriz, 18:00etan aterako dira protestan Sarasate pasealekura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.