Korsikako nazionalistek hiru eserlekuei eutsi diete

Acquaviva (%50,23), Castellani (%63,01) eta Colombani (%57,61) autonomistek berriz irabazi dute nork bere hautesbarrutian. Aiacciuko auzapez Marcangeli gailendu da azken lehian (%51,76).

Michel Castellani diputatu autonomista, artxiboko irudi batean. @CASTELLANI_
ander perez zala
2022ko ekainaren 19a
21:25
Entzun

Korsikako mugimendu nazionalistak duela bost urteko arrakasta bera izan du Frantziako Asanblearako bozetan. 2017an uharteko lau hautesbarrutietatik hirutan irabazi zuen, eta aurten garaipen sorta hori mantentzea lortu du, nahiz eta autonomistak eta independentistak zatituta aurkeztu diren.

Korsika Garaiko lehen hautesbarrutian irabazi du Femu a Corsicako Michel Castellanik (botoen %63,01), baina duela bost urte baino 3.000 bat boto gutxiago jasota; halere, Castellanik gogorarazi du «ia udalerri guztietan aurretik» dagoela, eta orain «Korsika ahalik eta hoberen» ordezkatu nahi duela. «Gaurko emaitzak egiazko sinesgarritasun bat ematen dit. Kanpaina amaitu da: denen diputatua bilakatzen naiz. Lan asko egin beharko da lan, eta lan asko egingo dugu», esan dio politikari autonomistak France 3 Corse ViaStella telebista kateari.

Jean-Felix Acquavivak ere irabazi du berriz (%50,23), baina, haren kasuan, lehia askoz ere estuagoa izan da, 150 bat botoren aldeaz irabazi baitio aurkariari; gainera, duela bost urteko emaitzekin konparatuz gero, Acquavivak 5.000 bat boto galdu ditu. «Borroka politiko gogor baten amaiera da. Gure aurrean genituen Jean-Felix Acquaviva eta Gilles Simeoni erorarazi besterik nahi ez zuten indar politikoak», esan du Korsika Garaiko bigarren hautesbarrutiko diputatuak.

Hego Korsikan, PNC Korsikako Nazioaren Alderdiko Paul-Andre Colombanik irabazi du bigarren hautesbarrutian (%57,61), nahiz eta 2.000 boto galdu dituen duela bost urteko emaitzekin alderatuta. Horren aurrean, Colombanik adierazi du «hortzez eta haginez» egingo duela lan Korsikaren interesak defendatzeko: «Gaur, berriz banoa [Frantziako Asanbleara] nire lagun Jean-Felix Acquaviva eta Michel Castellanirekin. Pozik nago berriz ikusiko ditudalako Parisen bost urterako».

Azkenik, mugimendu nazionalistak ez du lortu garaipena lehen hautesbarrutian, baina espero baino emaitza hobea lortu du Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aliantzaren babesa zuen hautagaiaren aurka: Laurent Marcangeli Aiacciuko auzapezak botoen %51,76 jasota irabazi du, Femu a Corsicako Romain Colonnaren kontra lehiatuta. Colonnak porrota aitortu du, baina esan du bere aldeko babesa «garaipen politiko bat» dela.

Hortaz, hiru diputatu autonomistak Frantziako Asanbleara itzuliko dira, eta, oro har, Korsikako mugimendu nazionalistak 2017an baino babes handiagoa lortu du behe ganberarako hauteskundeetan (2.200 boto gehiago), nahiz eta abstentzioa bost puntu inguru igo den, %54,49ra.

Gainera, garaipen horiek argudiotzat erabiliko ditu Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak hilaren amaieran Frantziako Gobernuarekin uhartearen autonomia estatusaren inguruan hastekoak dituen negoziazioetan.

Aurtengo bozak desberdinak izan dira mugimendu nazionalistarentzat, 2017an ez bezala zatituta aurkeztu baita. Bi itzulien artean ere ez da berriz elkartu, baina mugimendua osatzen duten indar batzuek asteon pausoa eman dute lau hautesbarrutietan garaipena lortzen laguntzeko.

Femu a Corsica autonomistak, esaterako, bere hiru hautagaien eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdiarenaren alde bozkatzera deitu zuen, baita hauteskundeetan parte hartu ez duen Core in Fronte independentistak eta Simeonik ere.

Corsica Libera independentistak, aldiz, esan zuen ez zituela Femu a Corsicaren hiru diputatugaiak babestuko, alderdi horrek batasuna hautsi zuela argudiatuta; PNCk, berriz, denen alde egitera deitu zuen.

Itsasoz haraindiko emaitzak

Kaledonia Berrian ez da sorpresarik izan, hautagai loialistek irabazi baitute independentisten aurka. Lehen hautesbarrutian, Ensembleko Philippe Dunoyer aise gailendu zaio FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakako Walisaune Wahetrari, botoen %66,4 jasota; eta beste lehian ere Macronen aliantzaren diputatugaiak irabazi du, baina tarte txikiagoarekin, Nicolas Metzdorfek babesen %54,23 bildu baititu FLNKSko Gerard Reignierren kontrako lehian.

Ezustekoa Polinesia Frantsesean izan dute, independentistek lehen aldiz lortu baitute hiru hautesbarrutietan garaile izatea: Tavini Huira’atira alderdiko Tematai Le Gayicek (%50,88), Steve Chaillouxek (%58,89) eta Moetai Brothersonek (%61,32) irabazi dute nork bere barrutian. Hirurek NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria aliantza ezkertiarraren babesa izan dute kanpainan, eta, printzipioz, horren talde parlamentarioaren parte izango dira Frantziako Asanblean.

Martinikan ere arrakasta izan dute NUPESek babestu dituen lau hautagaiek. Nork bere hautesbarrutian irabazi dute honako hauek: Jiovanny Williamek, zeina etiketarik gabe aurkeztu den (%62,9); Peyi-A alderdi independentistako Marcellin Nadeauk (%63,5) eta Jean-Philippe Nilorrek (%71,4); eta PPM Alderdi Progresista Martinikarra autonomistako Johnny Hajjarrek (%58,7).

Antzekoa gertatu da Guadalupen, han NUPESek babestu dituen lau hautagaietatik hiruk lortu baitute diputatu kargua Frantziako Asanblean: Elie Califerrek (%100) —beste diputatugaia ez da aurkeztu— eta Olivier Servak (%74,04) arazorik gabe irabazi dute nork bere hautesbarrutian, eta Christian Baptiste (%58,65) aise gailendu zaio bere aurkariari. Azken barrutian, berriz, Max Mathiasinek, zeinak Ensembleren babesa baitzuen, gutxigatik irabazi dio (%52,12) eskuin muturrari.

Guyana Frantsesean, berriz, MDES Deskolonizazio eta Emantzipazio Sozial Mugimenduko Jean-Victor Castorrek irabazi du lehen hautesbarrutian (%56,5), eta NUPESek babestu duen Davy Rimanek bigarrenean (%54,1).

San Martin eta San Bartolome uharteek osatzen duten hautesbarrutian, berriz, Ensembleren hautagai Frantz Gumbsek irabazi du, botoen %67,2 jasota; eta Saint-Pierre eta Mikelunen Stephane Lenormandek gutxigatik irabazi du, babesen %50,4 bilduta —Archipel Demain alderdi eskuindarrekoa da—.

Azkenik, Ensembleren sostengua jaso duen Mikaele Seok irabazi du Wallis eta Futunan, botoen %50,1 jasota.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.