ERRONKA DEMOGRAFIKOA

Jaurlaritzak onartu du familiei hiru urtean umeko 7.200 euro emango dizkien plana

Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategiak biltzen ditu neurri horiek, eta gaur onartu du Jaurlaritzak. Beste hainbat neurri biltzen ditu: gazteentzako maileguak eta ikuspegi demografikoa beste hainbat arlotan txertatzea, besteak beste.

Haur batzuk eskolan, artxiboko argazki batean. JON URBE/FOKU
jone arruabarrena
2022ko ekainaren 21a
12:57
Entzun

36 egitasmo osagarri onartu ditu gaur Jaurlaritzak, guztiak helburu berarekin: «Susperraldi demografikoaren aldeko neurri eta baldintzen ekosistema eratzea». Neurri horiek, hain zuzen, erronka demografikoari aurre egiteko 2030 Euskal Estrategiaren parte dira, eta hauek dira batzuk: hilean 200 euroko laguntza emango zaie gurasoei umeak 3 urte bete arte; 2 urtera arte, haur eskolak doakoak izango dira; eta gazteentzako epe luzerako maileguak emango dituzte.

Hain zuzen, maiatzaren 18an, erronka demografikoari buruz Eusko Legebiltzarrak egindako osoko bilkura monografikoan onartu ziren 74 ebazpenak jaso dira estrategiaren aurreikuspenetan. Jaurlaritzak hiru multzotan banatu ditu ebazpen horiek. Lehenengoan, epe laburreko lau neurri onartu ditu. Batetik, urtean 100.000 euro baino gutxiagoko errenta daukaten gurasoei seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko diru laguntza emango die Eusko Jaurlaritzak hilero, umeak 3 urte bete arte.

Laguntza hori bateragarria izango da egungo kenkari fiskalekin, eta baita diru sarrerak bermatzeko errentak seme-alabak izateagatik ematen dituen diru laguntzekin ere, eta 2023. urtean sartuko da indarrean. Hala ere, neurri horrek ez du betetzen oposizioko talde batzuek eskatutakoa; Osoko Bilkura Monografikoan, besteak beste, EH Bilduk adierazi zuen neurri hori ez zela nahikoa, eta laguntza hori 18 urtera arte luzatu beharko litzatekeela.

Gazteak eta haurrak

Jaurlaritzak iragarri du «ekintzailetzarako, prestakuntzarako edo gazteentzako etxebizitzako proiektuetarako» interesik gabeko maileguak eta epe luzera itzultzeko aukera ematen dutenak ere emango dituela, eta Haurreskolak partzuergoa indartuz bi urte arteko haur eskolak doakoak izango direla. Bukatzeko, ikuspegi demografikoa legeetan, arauetan, estrategietan eta bestelako programetan txertatzeko konpromisoa hartu du.

Gazteentzako laguntzekin ere kritiko agertu zen EH Bildu joan den hileko osoko bilkuran. Orduko hartan, lehendakariak iragarri zuen Gaztelagun programan parte hartzeko baldintzak malgutu zituela Jaurlaritzak, baina EH Bilduk leporatu zion programa hori indartzea ez dela nahikoa: «Gaztelagun programaren zain bagaude, gazteak izaten jarraituko dugu 50 urte dauzkagunean ere».

Epe luzera begira

Epe laburreko neurriez gain, luzera begirakoak ere onartu ditu Jaurlaritzak, honako ardatz hauetan oinarrituta: «Gazteak emantzipatzeko neurriak, etxebizitza, enplegua, ekintzailetza eta autonomia lortzen lagunduko dutenak; familien eraikuntza, kontziliazioa eta seme-alaben hazkuntza bultzatzeko neurriak; erabateko zahartze osasungarria bultzatuko duten neurriak; eta migratzaileak erakartzera eta gizarteratzera bideratutako neurriak».

Izan ere, Iñigo Urkullu lehendakariak Demografiari Buruzko Monografikoan aitortu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera demografikoa ez dela «ona». Egoera horren arrazoitzat jo zituen «jaiotzen beherakada», gazteak «geroz eta beranduago» emantzipatzea —30,2 urterekin egiten dute alde gurasoen etxetik, batez beste; Europako batezbestekoa baino lau urte beranduago—, seme-alabak ere «beranduago» izatea, eta bizi itxaropena luzatzea. Horrek guztiak biztanleriaren zahartzea ekarri duela azaldu zuen, eta, gainera, lan egiteko adinean dagoen biztanleen kopuruak ere behera egin duela adierazi zuen; azken 20 urteetan 92.000 pertsona gutxiago daude adin tarte horretan, eta 2050. urterako 220.000 pertsona gutxiago izatea espero da.

Egoerari aurre egiteko, beraz, zeharkako jarduera ildoak zehaztu ditu Jaurlaritzak, «landa inguruneko zahartzeari eta despopulazioari aurrea hartu eta eremu horri balioa berriz emango dioten duten neurriak», esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.