Hizkuntza eskubideak

Kontsumitzaileen legeak ez du «elementu berritzailerik», Kontseiluaren arabera

Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi du legearen oinarria sustapena izateak hizkuntza eskubideak ez bermatzea eragin dezakeela. 33 zuzenketa egin dizkio Eusko Jaurlaritzaren lege proiektuari.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKALGINTZAREN KONTSEILUA
Julen Aperribai.
2022ko ekainaren 21a
15:28
Entzun

«Arautzea saihestu» du Eusko Jaurlaritzak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren lege proiektuarekin, Euskalgintzaren Kontseiluak kritikatu duenez. Horrenbestez, Jaurlaritza lantzen ari den lege proiektuak ez ditu bermatuko hizkuntza eskubideak, Kontseiluaren arabera, eta, are, zenbait atzerapauso ere baditu 2003an onartutako legearekin alderatuta. Gardena da balorazioan: «Legebiltzarrak eztabaidatuko duen zirriborroak elementu berritzailerik jasotzen ez duela ondorioztatu dugu. Are gehiago, hainbat kasutan aurreko legeak jasotako elementuak ezabatu ditu, eta, beraz, hizkuntza eskubideen bermea zailagoa izango da».

Kontseiluak gogorarazi du hizkuntza eskubideak sustapenaren menpe uzteak ez betetzeko arriskua dakarrela: «Eskubideen aitortzak eta eskubideen bermeak arau egingarriak behar dituzte; bestela, homilia hutsa izango dira». 33 ekarpen egin dizkio lege proiektuari, eta gaur aurkeztu ditu Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean. Bi norabidetan kokatzen dira zuzenketak, Bilbaoren esanetan; batetik, hizkuntza eskubideen «zehar-lerrotasuna» aintzat hartu eta gainerako eskubideetan ere txertatu nahi izan dutela azaldu du, eta, bestetik, 2003ko legeak zituen elementuak «berreskuratu» nahi izan dituztela, iritzita horietako hainbat «aurrerakoiak» zirela.

Hizkuntza eskubideek badute atal berezitu bat lege proiektuan, baina Kontseiluak salatu du gainerako ataletan ez dela ikuspegi hori txertatu. Izan ere, atal horretatik kanpo hizkuntzari buruzko hiru aipamen baino ez daude. Horietatik aparte, inon ez da ageri hizkuntzari buruzko aipamenik, ezta «kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hainbat eskubide eta horien bermerako mekanismoak zehaztean» ere. Kontseiluak ondorioztatu du lege proiektuak ez duela kontuan hartzen bi hizkuntza ofizial daudela, eta, beraz, «jasotzen diren elementu guztiak hizkuntza batean zein bestean bermatu beharko liratekeela».

Gainera, salatu du hizkuntza eskubideei buruzko atal berezituak 6/2003 Legearekin alderatuta «atzerako urratsak ekar ditzaketen ezberdintasunak» dituela. Ondasunei eta zerbitzuei buruzko informazioari dagokionez, esaterako, lege proiektuak ez du zehazten informazio hori erabiltzaileek euskaraz jaso ahalko dutela. Hori gerta dadin bermatzeko, Kontseiluak hainbat artikulutan ekarpenak egin ditu, informazioa «hizkuntza ofizialetan» jaso ahalko dela zehaztu dadin.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan araututako jatorri izendapeneko edo kalitate izendapeneko produktuak aurkeztean ere euskararen derrigortasuna kendu dutela salatu du Kontseiluak. 2003ko legeak produktu horien «nahitaezko datuak eta borondatezko informazio gehigarriak» gutxienez euskaraz agertu behar zirela zioen, baina hala arautzen zuen artikulua ezabatu egin zuen Patxi Lopezen gobernuak, 2012an. Hala ere, «berriz indarrean jartzeko modukoa» da, Kontseiluaren esanetan.
Kontseiluari «kezka» sorrarazi dio, halaber, «euskara ikusezin bihurtzeko aukerak». Izan ere, lege proiektuan hainbatetan aipatzen da dokumentuak-eta euskaraz, gaztelaniaz edo ele bitan jasotzeko aukera, eta beldur da planteamendu horrek soilik gazteleraz idatzitako informazioak zabaltzeko modua emango duen.

Betebeharrak, gutxiagok

Hizkuntza betebeharrak izango dituzten enpresak zehaztean ere sumatu du atzerakada Kontseiluak. 6/2003 Legearekin alderatuta «entitate batzuk» desagertu egin direla azaldu du: «Euskara lan-harremanen eremuan eta jendaurreko arretaren eremuan baliatzeko berariazko diru laguntzak jasotzen badituzte soilik ezarriko die derrigortasuna». 2003ko legeak, berriz, diruz lagundutako edozein entitateri ezartzen zien betebeharra, ez soilik euskararekin lotutako diru laguntzak jasotzen zituztenei.

Zer betebehar izango duten, horretan ez dator bat Kontseilua, gainera, «sustapen politikak» soilik aipatzen baitira.

Arau hausteak zehazten dituen kapituluaz ere kexatu da Kontseilua, hizkuntza eskubideen urraketak horietatik kanpo uzten baititu zirriborroak: «Beste eskubideen urraketekin edo betebeharrekin ez bezala, hizkuntza eskubideak lasai asko urratu ahal izango dituzte enpresek, ez baita inolako neurririk hartuko».

Gaubeka, eskubide urraketez

Bilbao ez ezik, Agurne Gaubeka Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendaria ere izan da Eusko Legebiltzarreko batzordean. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideez aritu da, eta horietan ohikoak izaten diren hainbat urraketa zerrendatu ditu. Eremu pribatuan esku hartu beharra ere defendatu du, eskubideok bermatu ahal izateko: «Sarritan zabaldu da gure gizartean agintariek ez dutela, hizkuntzari dagokionez, eremu pribatua arautzerik. Horixe izan da gurea bezalako hizkuntzen erabilerari oztopoak jartzeko baliatu izan den aitzakietako bat».

Hizkuntza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean oinarrituta, Gaubekak gogorarazi du hizkuntza komunitate orok duela bere hizkuntzan jarduera sozioekonomiko guztietan aritzeko eskubidea. Gainera, hori bermatu ezean, herritarrei hizkuntza eskubideak ez ezik, bestelakoak ere urratzen zaizkiela nabarmendu du. Halaber, adierazi du «zentzurik» ez duela euskara ofizialtzat jotzeak eta herritarrei euskaraz egin dezaten eskatzeak, «horretarako espaziorik eskaintzen ez bazaie».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.