Lan gatazka

Mercedesen, sindikatuen batasunik gabe hasi dituzte lanuzteak

Lehen greba egunak ia erabateko babesa izan du sindikatuen arabera, ekoizpena ere geratzeraino. Zuzendaritzak ere onartu du erantzun zabala izan duela. Manifestazioan agerian geratu da langile batzordearen zatiketa, eta batasuna eskatu dute batzuek.

Mercedeseko langileen manifestazioa, gaur. Aurrean, sindikatuen arteko desadostasunak salatu dituzten beharginak. DAVID AGUILAR / EFE
aitor biain
2022ko ekainaren 22a
08:29
Entzun

Gasteizko Mercedes Benzen lantegian deitutako lehen greba egunak inoiz ez bezalako erantzuna izan du gaur. Lan hitzarmenaren negoziazioaren testuinguruan, inbertsio handien truke zuzendaritzak ezarri nahi dituen lan baldintzen aurka antolatu zuten lanuztea sindikatuek, eta erantzun «historikoa» izan du.

Hiru txandei eragin die, eta ia erabateko babesa erakutsi diote langileek: 5.000 behargin inguru zeuden grebara deituta, eta %95 inguruk egin dute bat, sindikatuen arabera. Zuzendaritzak ere ez du arrakasta hori ezkutatu nahi izan, nahiz eta kopuru apalagoak jakinarazi dituen. Ekoizpena geratzea lortu dute azken hogei urteetan lehen aldiz, eta beraz, gaur ez da furgonetarik egin Euskal Herriko fabrikarik handienean.

Mobilizazioaren aldeko babes zabal hori urardotuta geratu dan goizeko manifestazioan, hala ere. Manifestazioa batera egin dutelako sindikatu guztiek, baina ez elkarrekin, eta hasieratik agerian geratu dira dituzten desadostasunak. Ez da pankarta nagusirik izan; ez dute batera hasi nahi izan, eta lantegia inguratzeko protestan ere martxaren buruan nork joan behar zuen erabakitzeko ere ez dira ados jarri.

Izan ere, langile batzordea zatituta dago, eta sindikatu bakoitzak bere argudioei helduta egin ditu protestak gaur, goizean nahiz arratsaldean.

Hiru bloketan

Goizean goizetik hasi dituzte protestak lantegiaren aurrean. Pikete informatiboak egin dituzte lehen orduan, eta, Ertzaintza bertaratu bada ere, ez da istilurik izan. Manifestazio nagusia, dena den, 11:00etan egin dute. Aurrez, elkarretaratzea antolatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek.

Malgutasuna da marra gorrietako bat haientzat; ez dute gaueko seigarren txandarik nahi, eta hori izan dute aldarri nagusi protestan. Hori baita zuzendaritzaren proposamenak jasotzen duen arlorik «krudelena», Igor Gebara ELAko ordezkari eta langile batzordeko presidentearen hitzetan.

Gebarak salatu du enpresak agintari politikoak «erabili» dituela haien aurka presio egiteko, eta azpimarratu du mobilizazioak ez direla gatazka gisa ulertu behar. «Protestak modu bat dira adierazteko langileak jada ez daudela zuzendaritzarekin. Kokoteraino daude malgutasunarekin; ostegunera arte larunbatean lan egingo duten ez jakitearekin... Hori da benetako gatazka». Gaitzetsi du, halaber, soldatak izozteaz gain, aparteko sarien igoerak ere soilik ituna indarrean izango den urteetara mugatzea nahi duela enpresak.

Txistuak CCOO eta UGTri

CCOO eta UGT sindikatuek ere parte hartu dute manifestazioan, eta bat egin dute haien aldarriekin Ekintza eta PIM sindikatuek ere. Txistu artean hartu dituzte protestara batu direnean, baina arazorik gabe jarri dira martxaren buruan pankarta propioekin. Soldata igoera eta malgutasuna arautzea izan dira haien aldarrikapen nagusiak manifestazioan.

Roberto Pastor CCOOko ordezkaria, hain zuzen, gaueko seigarren txanda hori «kudeatzearen» alde agertu da, betiere sistema berri bat adostea lortuz gero; izan ere, uste du gaur egungoa «muturrera» iritsi dela, eta egungo ekoizpen beharrei erantzuteko balio badu ere, ez dela nahikoa etorkizunean. «Multinazionalak auto horiek ekoizteko segurtasuna behar du, formula berriak bilatu beharko ditugu, betiere langileen kontziliazioa baldintzatuko ez dutenak».

Sindikatuen arteko desadostasunei buruz galdetuta, Pastorrek aitortu du malgutasuna «eztabaidagarria» izan daitekeela, baina haren ustez autogintzaren sektorean «beharrezkoa» dela. Hala ere, azpimarratu du sindikatu guztiek protestan parte hartu izana dela garrantzitsuena. «Zuzendaritzak aintzat hartu beharko luke mobilizazioa».

Hain zuzen ere, langile talde batek eratu du manifestazioko hirugarren blokea. Dozena bat lagunek osatutako taldea ezustean batu da protestara, eskuetan bi pankarta zituztela. Horietan argi utzi dute sindikatuen arteko zatiketak enpresari baino ez diola onik egiten, eta, beraz, «batasun sindikala» aldarrikatu dute. Baita Batzar Orokor baten beharra ere. Manifestazioan amaieran batzeko eskatu diete sindikatuei: «Hori nahi dute langileek».

Zuzendaritzaren erreakzioa

Zuzendaritzak ez du mobilizazioen inguruko baloraziorik egin nahi izan, baina berri agentziei aitortu die grebak uste baino eragin handiagoa izan duela lantegian. Haien datuen arabera, langileen %75ek egin dute bat lanuztearekin.

Azken bi hamarkadetako mobilizaziorik jendetsuena izan zela eta, enpresak uste du horrek agerian uzten duela lantegia ez dela «gatazkatsua». Eta ituna «berandu baino lehen» lortzeko nahia agertu du.

Protestek jarraipena izango dute datorren astean. ELAk, LABek eta ESK-k astelehenetik ostiralean egingo dute greba; asteazkenean, CCOOk eta UGTk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.