SUTEAK

Nafarroako suteak egonkortze fasean sartu dira

Sutea piztu da Itzan, trenbidearen ondoan. Larrialdi zerbitzuak hura itzaltzeko lanetan dabiltza. Halere, bertan behera gelditu da Nafarroako Babes Zibilerako Plana.

Helikoptero bat sua itzaltzeko lanetan. ANDONI LUBAKI / FOKU
jon olano
2022ko ekainaren 22a
10:00
Entzun

Nafarroan joan den astean piztutako suteak egonkortzen ari dira jada, bart gauean euria egin eta suhiltzaileak lanean aritu eta gero. Horregatik, bertan behera utzi dute Nafarroako Babes Zibilerako Plana, baina indarrean dago oraindik suteak eragozteko planaren 2. maila.

Dena dela, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du beste sute bat piztu dela berriki. Itza ondoko eremu batek hartu du su; trenbidearen ondoko gune batek, zehazki. Itzaltzeko lanetan ari dira suhiltzaileak.

Edonola ere, bart gauean egindako euriak franko lagundu du oraindik piztuta zeuden suteei kontra egiten. Orbaibarren, esaterako, metro koadroko hamabost litro bota ditu 02:00etan. Gainera, debekatuta zegoen suteak piztu zitzaketen laborantza lanetarako makinak erabiltzea; debeku hori kendu egin du gobernuak, baina tentuz jokatzera deitu, arriskuak saihesteko. Suteen ondorioz itxitako errepide guztiak ere zabaldu dituzte.

Nafarroan larunbatean piztutako suteek 10.000 hektareatik gora kiskali dituzte. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburu eta gobernuko lehendakariordeak atzo adierazi zuen «historikoa» izan dela suteek erretako eremua: «Soroak eta basoak hondatu ditu, baina, tamainagatik, batez ere basoei egin die kalterik handiena». Remirezek esan zuen suteek eragindako kalteak oso handiak izan direla. Kalteei buruzko datu ofizialak gobernuko ingurumen teknikariek landuko duten txostenean jasoko dira, eta hori izan arte itxoiteko eskatu zuen lehendakariordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.