Eutanasia

Legearen lehen urtemugako datua: 30 eutanasia egin dira

Hilaren 25ean urtea beteko da eutanasiak egitea ahalbidetzen duen legea Hegoaldean indarrean sartu zenetik; gaiaren gaineko informazioa hedatzen jarraitu behar da, EAEko DMD elkartearen iritzian

arantxa iraola
2022ko ekainaren 22a
11:32
Entzun

Martxoak 18 zituela, iaz, Espainiako Kongresuak onespena eman zion eutanasia onartzeko eta arautzeko legeari; hiru hilabete ingururen buruan ezartzeko xedearekin onetsi zuten, eta iazko hilaren 25etik indarrean dago. Horiek horrela, orain Hego Euskal Herrian legezkoa da eutanasia egiteko eskatzea, eta, legeak zedarritutako irizpideen barruan, osasun sistemek eskaini beharreko zerbitzu bat da, bermatu beharrekoa. Legearen lehen urtemugaren harira, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako osasun departamentuek jakinarazi dute 30 eutanasia egin direla denera hamabi hilabeteotan.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak adierazi du bost eutanasia egin direla, bi eskabide atzera bota dira, eta beste bi aztertzeko fasean daude oraindik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du denera 71 eutanasia eskari jaso dituela osasun sistemak, eta 25 egin direla; 22 eskatzaile hil dira eutanasia egin aurretik, eta sei eskaera atzera bota dira. Gainerakoak oraindik ebazteko prozesuan daude. Osasun Sailaren datuen arabera, eskatzaileen batez besteko adina 64 urtekoa izan da.

Egoera jakin batzuetan da legezkoa eutanasia. Jasota dago legean noiz har daitezkeen aintzat pazienteen eskakizunak: «Era informatuan, argian, eta behin eta berriz egindakoan». Eta «pairamendu» egoeretan beti: «Pertsonak ezin onartuzkotzat duen eritasun edo pairamendu sendaezin bat nozitzen duelako, ezin izan dena baretu beste bide batzuen bidez».

DMDren «kexuak»

DMD Euskadi elkarteak oharra plazaratu du urtemugaren harira. Iaz, legea onetsi berritan, esan zuten «zorrotzegiak» zirela eutanasia eskeak aintzat hartzeko zenbait irizpide, baina abiapuntu ona izan zitekeela. Gainerako erkidegoekin alderatuta, oro har, eutanasiak egiteko prozedurak ezartzen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila «aitzindaria» izan dela onartu dute. Hobetu beharrak ere ikusi dituzte, ordea; esaterako hainbat eskabide martxan jartzeko atzerapenak egon direlako «kexuak» jaso dituztela jakinarazi dute, hainbat paziente hil direla eutanasia eskatu eta egiteko baimena jaso aurretik, eta atzera bota diren hainbat eskabide «denboran eta forman» ez direla egoki jakinarazi.

Arazo horietako zenbaiten atzean «esperientzia falta» egon daitekeela onartu dute. DMD-Euskadin susmoa dute, ordea, egon diren zenbait arazoren atzean «beldurra» ere badagoela, eta, areago, legearen zenbait irizpideren gaineko «desadostasuna» sumatu dute zenbait kasuren berri izan dutenean. Horiek horrela, legearen gaineko informazioa «hedatzen» jarraitzea ezinbestekoa dela gogoratu dute; osasun profesionalen artean, eta gizarte osora begira, oro har. Lege honen inguruko informazioa zabaltzea ez ezik, bizitzaren amaierari buruzko eskubideez eta betebeharrez ere usuago mintzatzea ezinbestekoa dela uste dute.

Gutxi landuta

«Beharra» zelakoa den nabarmentzeko, datu bat eman dute elkartean: aurretiazko borondateen agiriak, adibidez, soilik herritarren %1,7k dituzte eginak gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan. Agiri horiek tresna aski argigarriak izaten dira pazienteentzat heriotzaren atarian edo sendabiderik gabeko gaitzak dituztenean, zer arta mota nahi duten hortxe jasota uzten baitute. Horregatik, Osasun Sailari eskatu diote gaiaz informazioa zabaltzeko espazioak sortzeko, bere zabalean: «Osasun zentroetan, erietxeetan, egoitzetan...». Administrazioaren egitekotzat daukate.

Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Santos Indurainek Nafarroako Parlamentuan egin zuen, joan den astean, legeak eman duenaren balorazioa. Onartu zuen ez dela «erraza» izan eutanasiak egitea bermatuko duen sare bat eta prozedura bat ehuntzea, «gabeziak» izan direla bidean, baina uste du, oro har, era «arrazoizkoan» bideratu ahal izan dela dena. Nabarmendu egin zuen, besteak beste, trebakuntzaren alde egin duten hautua: 800 profesionalek gaiarekin lotutako ikastaroetan-eta parte hartu dute. Indurainek goraipatu nahi izan zuen, era berean, ebaluaziorako eta bermerako herrialdean eratu duten batzordearen lana; «lan oso serioa egiten ari dira, zorrotza, bermatzailea». Tankerako batzordeak erkidego guztiek eratu behar izan dituzte, eta eutanasia eskeek ezin dute aurrera egin horien oniritzirik jaso gabe.

Trebakuntzan egin duten lana goraipatu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ere. 5.000 profesionalek baino gehiagok propio legearekin lotutako jardunbideen inguruko prestakuntza jaso dutela nabarmendu zuen, eta harrera «positiboa» izan duela, oro har, osasun profesionalen artean. Datu bat ere eman zuen: %2,5 bakarrik dira kontzientzia eragozle.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.