Bertsolaritza

Aurkeztu dituzte Bertsolari Txapelketa Nagusiko hamalau saioak

Bertso plazen egoera hobera egiten ari dela ikusirik, txapelketa «duin eta txukuna» egiteko modua ikusten dute Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideek. Orain arteko txapelketen sailkapen sistema bera izango du, eta bihar jarriko dituzte salgai saio guztien sarrerak.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irudi bat. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2022ko ekainaren 22a
12:41
Entzun

Bertsolari Txapelketa Nagusiak badu eskeletoa. Ezaguna zen jadanik zer 42 bertsolari arituko ziren kantuan, eta gaur jakinarazi dituzte irailaren 24tik abenduaren 18ra bitarte «euskararen lurralde osoan» antolatutako hamalau saioko egutegia eta sailkapen sistema. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lurraldekako ordezkariekin eta antolakuntza taldeko zenbait kiderekin batera eman ditu nondik norakoen azalpenak Gontzal Agote elkarteko lehendakaritzako kideak: «Gure nahia da orain bertsolariei hitza ematea, eta lekua uztea bertsolaritzan dagoen aniztasunari, aberastasunari, bakoitzaren ukituari eta sormen lanari, eta hemendik aurrera bertsolaritza izan dadila berriz ere protagonista». Bihartik aurrera egongo dira saio guztietarako sarrerak salgai, www.bertsosarrerak.eus orrialdean, eta hainbat abantaila izango dituzte Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Koronabirusak eragindako krisiaren ondoren, oraindik ere «erabat normaldu gabe» ikusten dute bertso plazen egoera elkarteko ordezkariek, baina «bere onera» itzultzen igartzen dute jadanik, eta horregatik ikusten dute aukera txapelketa «duin eta txukun bat» antolatzeko. Elkarteko ordezkarien hitzetan, ezinbestean, loturik baitoaz plazak eta txapelketa, eta lan zabalago baten puntarik ikusgarriena baino ez baita Bertsolari Txapelketa Nagusia.

Zehazki Getxon (Bizkaia), Arrasaten (Gipuzkoa), Gotaine-Irabarnen (Zuberoa), Gasteizen, Donostian, Lizarran (Nafarroa), Elizondon (Nafarroa), Donibane Garazin (Nafarroa Beherea), Irunen (Gipuzkoa), Durangon (Bizkaia), Amurrion (Araba), Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira saioak. Bertsozale elkartearen webgunean ikus daitezke saio bakoitzaren ordutegia eta parte hartzaileen zerrenda.

«Urte gogorrak»

Berez, 2021ean zen txapelketa hastekoa, baina urtebete beranduago hasiko da azkenean. Horregatik, osasun krisiaren ondorioz izandako etenaldiaz ere egin dute gogoeta aurkezpenean. «Orain arte ezagutu gabeko ataka batean izan da bertsolaritza: bertso plaza ia erabat geldirik, sortzaileak kinka larrian, gure ekosistema egun batetik bestera hankaz gora, bertso eskolak halabeharrez mutu, ekimen franko bertan behera». Egoera «gordin» horrek izan du «ifrentzua», halere, eta jasotako elkartasuna aipatu dute adibidetzat. Gainera, geldialdia «munta handiko» hainbat gai lantzeko ere baliatu dutela esan dute. «Kulturak gizartean duen zereginaz eta sortzaileen lan baldintza duinez mintzatu gara azken hilabeteotan».

Orokorrean «urte gogorrak» izan direla onartuta ere, «gauza batzuetan» irakurketa positiboa egiterik ere badela argudiatu dute.

Sailkapen sistema

Aurreko aldietako sailkapen sistema bera izango du txapelketak aurten ere.

Lehen fasean 36 bertsolarik hartuko dute parte, eta haietako hemeretzi pasatuko dira finalaurrekoetara. 2017ko finalista izandako bertsolariek finalaurrekoetan hasiko dute lehiaketa, eta, beraz, fase horretan hasiko dute txapelketa Unai Agirrek, Amets Arzallusek, Sustrai Colinak, Beñat Gaztelumendik eta Aitor Mendiluzek. Bi itzuli izango ditu finalaurrekoen fase horrek, 24 bertsolarik kantatuko dute lehenengoan, eta hemezortzi onenek bigarrenean, eta bi itzulietan lortutako puntuen arabera erabakiko da zer zortzikote ariko den finalean Maialen Lujanbio egungo txapeldunarekin batera kantuan.

Igor Elortza eta Aitor Sarriegi ere izan ziren 2017ko finalean, eta, beraz, bazuten aukera aurtengo txapelketan finalaurrekoetan kantuan hasteko. Aukera horri uko egitea erabaki dute, ordea, eta horregatik dira bost aurten finalaurrekoetan eta ez zazpi.

Izan dira uko gehiago ere. Herrialdekako txapelketetan lortutako puntuazioak Txapelketa Nagusian egoteko aukera eskaintzen zien, esaterako, Beñat Lizasori, Etxahun Lekueri, Jokin Urangari, Jon Maiari eta Odei Barrosori, baina ez kantatzea erabaki dute. Horregatik, haien ordez, Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Imanol Uria, Maialen Akizu eta Patxi Iriart arituko dira kantuan.

Iruñeko finala

Finalaren kokapena izango da aurtengo Txapelketa Nagusiaren berritasun nagusietako bat. Lehenengoz, Iruñean egingo dute finala, abenduaren 18an, Nafarroa Arenan, eta 13.000 ikusle hartu ahalko ditu aretoak. Donostian egin izan dira finalak 1935etik 2001era arte, eta lautan egin da Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan. Nafarroa Arenak dituen azpiegiturek ahalbidetu dute orain aldaketa, elkarteko ordezkariek esan dutenez. Baina ez da hori izan arrazoi bakarra. «Orain ikusi da bazela aukera Iruñean egiteko, besteak beste, azpiegitura berri bat dagoelako, eta txapelketaren beraren izaeran euskararen lurralde osoa hartzea dagoelako».

Agotek borobildu du azalpena: «Txapelketari ez diogu bakarrik bertsolaritzatik begiratzen: kulturgintzatik eta euskaratik ere begiratzen diogu».

Nafarroako Bertsozale elkartean ere egongo da aukera finaleko sarrerak aurrez aurre erosteko, eta elkarteko bazkide direnek erreserbatua izango dute finaleko sarrera ekainaren 30era arte. Finalerako autobus eta bazkari zerbitzua ere antolatuko dute, baina irailean emango dute haien berri.

Finala ETBn zein Bertsoa.eus orrialdean ere ikusi ahalko da zuzenean, eta BERRIAk jarraipen berezia egingo dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.