Villarejo auzia

Sanchez Galanen aurkako ikerketa artxibatu egin dute

Iberdrolako presidenteari egotzi zioten Villarejo komisarioa kontratatu izana aurkariak espiatzeko. Hamar urtetik gora igaro dira ordutik, eta epaileak ebatzi du gertakariek preskribatu dutela.

Sanchez Galan Iberdrolako presidentea, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen, joan den urtarrilean. ZIPI / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 23a
13:20
Entzun

Villarejo auzitik onik irtetekotan da Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentea. Eta ez da izango frogatu delako ez zituela bere aurkakoak espiatu, baizik eta leporatzen zaizkion delituak ikertzeko epea jada igaro delako. Hala ebatzi du Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Sanchez Galanen aurkako auzibidea artxibatu duen epaian. Edonola ere, badago aukera ebazpenari helegitea aurkezteko.

Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek joan den urtarrilean deklaratu zuen Villarejo auziaren harira. Villarejo komisarioarekin lotura zuen Cenyt enpresari ustezko enkargu ilegal batzuk egitea leporatu zioten; Iberdrolak, ordea, Galan «jazarpen kanpaina sistematiko» baten biktima zela ziurtatu zuen, eta gertakariek jada preskribatu zutela.

Epaileak auto judizialean adierazi du «ez dagoela jarduteko tarterik». 2009ra arte egin zituen enkargu horiek Galan presidenteak, eta iaz inputatu zuten. Hortaz, hamar urte baino gehiago igaro dira, eta preskribaturik daude. Horixe bera argudiatu zuen Iberdrolako presidentearen defentsak.

Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak hiru delitu leporatzen zizkion: eroskeria, intimitatearen aurkako delitua eta agiriak faltsutzea.

Florentino eta ekologistak

Arcos de la Fronterako (Andaluzia, Espainia) ziklo konbinatuko lantegi bati buruzkoa da garai hartan komisario ohiari agindutako lanen artean ezagunena: udalaren eta ekologisten oposizioa ezabatzea omen zen helburua, haien bizitza pribatuan arakatuz eta auzian zerikusia izan zezaketen epaileekin harremanetan jarriz.

Beste lan bat Florentino Perez ACS eraikuntza enpresako eta Real Madrilgo presidenteari lotutakoa izango litzateke. Perezek Iberdrolako buru izateko urratsa egin zuen 2009an, akzioen %20 erosita, eta hori eragozteko kontratatu omen zuten Villarejo Sanchez Galanek edo haren gertukoek.

Sanchez Galanen ospeari ez ezik, Iberdrolaren negozioari ere eragin dio ikerketak. Izan ere, iazko abenduan Mexiko Berriko (AEB) merkatuen arautzaileak eragotzi egin zuen Bilboko konpainiak PNM Resources konpainia erostea, eta Sanchez Galanen aurkako ikerketa aipatu zuen arrazoien artean.

Oso handia da Villarejo komisario ohiaren itzala Espainiako mundu politiko eta ekonomikoan. Espainiako enpresa boteretsu gehienetara iristen dira komisario ustelaren atzaparrak: hala nola irregulartasunekin nahastu dituzte Francisco Gonzalez BBVAko presidente ohia, Isidre Faine Caixabankekoa eta Antonio Brufau Repsoleko burua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.