Ukrainako gerrak eta inflazioak ez dute moteldu Nafarroako ekonomia

Lehen hiruhilekoan %1 hazi da, aurreko hiruhilekoko erritmo berean, industriak eta zerbitzuek bultzaturik.

Iruñeko alde zaharrean, udaletxe plazan terraza bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko ekainaren 24a
13:26
Entzun

Apirilean aurreratutakoa berretsi du Nastatek. Oraingoz, inflazioak eta otsailean hasitako Ukrainako gerrak ez dute eragin handirik izan Nafarroako ekonomiaren dinamismoan. Alde batetik, lehen hiruhilekoan iazko azken hiruhilekoko erritmo berean handitu da BPGa. Bestetik, urte arteko tasari dagokionez, hazkundea %6,5ekoa da

Ekonomiak bi alde ditu, eta, eskaintzari dagokionez, industriak (+%7,4), eraikuntzak (%6,8) eta merkatu zerbitzuek (+%9,3) igoera handia izan dute iazko datuekin alderatuta —zerbitzuek, oro har, %7 egin dute gora—. Iazko lehen hiruhilekoan pandemiaren ondorioz murrizketak indarrean zeudenez, alderatze horren ondorio ere bada igoera. Hala, ostalaritzaren eta administrazio zerbitzuen jarduera igo da gehien.

Eskariaren atalean, sendien kontsumoa hiru hamarren jaitsi da iazko azken hiruhilekotik aurtengo lehen hiruhilekora; %4,4koa da hazkundea urtarriletik martxora bitartean. Inbertsioa, berriz, sei hamarren igo da, eta adieraz dezake oraingoz inflazioak, gerrak eta hornidura kateetako arazoek ez dutela enpresen inbertsio ahalmena geldotu.

Bide beretik, esportazioak %5,9 handitu dira urtebetean, urtarriletik martxora arteko epean. Batik bat industria jarduerak azaldu du dinamismorik handiena kanpo merkataritzan. Epe berean, inportazioak %2,9 handitu dira. Nastaten arabera, esportazioen eta inportazioen alde positiboa handitu da lehen hiruhilekoan.

Enplegua, berriz, %5,2 handitu da lehen hiruhilekoan, Nastaten arabera. Eraikuntza eta merkatu zerbitzuak izan dira lanpostu gehien sortu duten bi sektoreak: %6 eta %6,5, hurrenez hurren. Industrian %2 handitu da lanpostu kopurua, eta lehen sektorean, %0,2.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.