Athleticeko hauteskundeak

Parte hartzea handitu egin da Athleticeko hauteskundeetan

Hiru hautagaiek bozkatu dute. 21:00etan itxiko dira bozkalekuak eta 23:30ak inguruan jakinaraziko dute nork irabazi dituen.

Bazkideak, San Mames inguruan, gaur goizean. MONIKA DEL VALLE, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko ekainaren 24a
14:02
Entzun

Hauteskunde eguna da gaurko Athleticen, eta itxura guztien arabera, aurrekoetan baino bazkide gehiago hurbilduko dira botoa ematera. Hiru dira hautagaiak: Rikardo Barkala, Iñaki Aretxabaleta eta Jon Uriarte. Goizeko 09:00etan ireki dituzte bozkalekuak, eta 13:00ak bitartean bazkideen %17,2k eman du botoa: 6.913 bazkidek (40.257 dira denera botoa emateko eskubidea dutenak). Aurreko hauteskundeekin alderatuta lau puntu igo da parte hartzea, eta litekeena da gaurkoak izatea inoizko parte hartze handiena izan duten bozak. 2011n %65ak bozkatu zuen (bazkide kopurua txikiagoa zen orduan).

Hautagaiek ere bozkatu dute jada. Uriarte izan da lehena 10:00etan, Aretxabaletak 11:00etan egin du, eta Barkalak, 12:00etan. Uriartek esan du nekatuta eta urduri zegoela, lan itzela egin dutela, baina pozik dagoela egindakoarekin. Gainera, txalotu egin du bozketa San Mamesen egitea, eta ez orain arte egiten zen bezala, Ibaiganen.

Barkalak parte hartzeko eskatu die bazkideei, hautagaitzen artean zer hautatu badagoela. Berak ere lan handia egin dutela esan du, eta agerikoa dela hilabeteetako lana dagoela euren hautagaitzaren atzean. Aretxabaleta ere urduri eta hunkituta agertu da. Horrek ere esan du lan handia egin dutela, eta irabazten ez badu, bere proiektua irabazlearen eskuetan utziko duela gaineratu du.

Bazkideek 21:00ak arte izango dute botoa emateko aukera. Ondoren zenbaketari ekingo diote, eta emaitza 23:30erako espero da. Hautagaitza jasotzeko garaian, Uriarte izan zen berme gehien aurkeztu zituena. Faboritoa izan zitekeela zirudien, baina Carlos Acuñarekin gertatutakoaren ostean ez dago hain garbi bazkideen babes hori emango dioten. Uriartek Aviña jarri nahi zuen kirol zuzendari baina horrek sare sozialetan argitaratuak zituen iruzkin matxista eta homofoboengatik atzera egin du.

Edonola, kanpainan entrenatzaile posibleen izenak izan dira ardatz nagusia. Ernesto Valverde edo Marcelo Bielsa izango da Athleticeko hurrengo entrenatzailea, Marcelinoren lekukoa hartuko duena. Athleticeko jokalari ohia Barkalak eta Uriartek lotu dute, eta argentinarra, Aretxabaletak. Beste izen batzuk ere nabarmendu dira, ordea. Atzo, berriz, Barkalak iragarri zuen Jon Moncayola Osasunako jokalaria eramango duela Athleticera, 22 milioi euroko etete klausula osorik ordainduta.

Edozein kasutan, Bizkaiko Hitza-k zale eta bazkideekin hitz egin du eta harrobiaren azpiegitura indartzea eta hura erakargarri egitea eskatzen diote zaleek presidente berriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.