Athletic

Ernesto Valverde da Barkalak eta Uriartek hautatutako entrenatzailea

Valverdek hirugarren aroa izango luke Athleticen entrenatzaile gisa. Klubaren historian neurketa gehien zuzendu duen prestatzailea da: 307. Bi urte eta erdi daramatza talderik entrenatu gabe, Bartzelona utzi zuenetik.

Ernesto Valverde San Mamesen, 2020an egindako ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko ekainaren 22a
09:30
Entzun

Argitu da misterioa: Ernesto Valverde da (Viandar de la Vera, Espainia, 1964) Rikardo Barkalaren eta Jon Uriarteren hautagaitzek aukeratutako entrenatzailea. Ez dute edozein hautatu; Athleticen historian neurketa gehien zuzendu duen prestatzailea da Valverde, eta, bi hautagai horietako batek irabaziz gero, hirugarren aroa luke talde zuri-gorrian.

Ondorioz, seguru-seguru, kluba ezagutzen duen entrenatzaile bat izango da San Mameseko aulkian datorren denboraldian: Barkalak edo Uriartek irabaziz gero, Valverde, eta Iñaki Aretxabaletak irabaziz gero, Marcelo Bielsa. Ostiralean argituko da, beraz, entrenatzailea nor izango den ere.

Barkalak, atzo argitaratutako elkarrizketa batean, aitortu zuen litekeena zela bere entrenatzailea «hautagai batek baino gehiagok adostutakoa» izatea: «Ez zen lehen aldia izango», esan zuen. Uriarteri, berriz, bikain datorkio Valverderen albistea orain ematea, atzo eta gaur artean Carlos Aviñaren inguruan sortutako polemika izan baita Athleticen hauteskundeetako protagonista.

Dena den, batek baino gehiagok harridura erakutsi dute Barkalak eta Uriartek entrenatzaile bera aukeratu dutelako. Izan ere, ez dute antz handirik haien proiektuek. Hautagai klasikoa da Barkala, eta berritzailea Uriarte. Bien proiektuetan sartu da, ordea, Valverde.

Jakina da, gainera, Valverde ez dela Barkalaren lehen aukera izan. Sonatuak izan ziren Mauricio Pochettino PSGko entrenatzailearekin izan zuen harremana.

Hirugarren aroa

Ernesto Valverdek 306 neurketa zuzendu ditu Athleticen. Lehen aldiz 2003. urtean egin zen lehen taldearen kargu, aurretik klubaren harrobiko talde batzuetan jardun ostean. 2005. urtean utzi zuen Athletic, eta 2013an itzuli zen, 2017ra arte. Haren gidaritzapean irabazi zuten zuri-gorriek 2015eko Espainiako Superkopa, eta taldea Txapeldunen Ligan sartu zuen, Napoli kanporatuta. Ligan, Athletic zuzendu zuen sei denboraldietan, taldea bost aldiz sailkatu zen Europan jokatzea ahalbidetzen duten postuetan.

Tartean entrenatu ditu Espanyol, Olympiacos (bi arotan), Vila-real, Valentzia eta, azkenik, Bartzelona. Han Espainiako bi liga, kopa bat eta superkopa bat irabazi zituen. Ordutik ez du talderik entrenatu. Jokalari gisa Alavesen, Sestaon, Espanyolen, Bartzelonan, Athleticen eta Mallorcan jokatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.