Bertsolaritza

Bertsolari Txapelketarako sarrerak erosteko moduan daude, arazo teknikoak konponduta

Atzo jarri zuten martxan sarrerak saltzeko sistema, baina, eskaera kopuru handia zela-eta, gainezka egin zuten zerbitzariek

Sarrerak salgai, bertsosarrerak.eus gunean.
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 24a
14:32
Entzun

«Arazo teknikoak konpondu dira, eta martxan dago berriro ere ataria», hala adierazi du Bertsozale Elkarteak, ohar baten bidez.

Atzo jarri nahi izan zituzten salgai Bertsolari Txapelketa Nagusirako hamalau saioetarako sarrerak, baina, hasieratik, ezinezkoa izan zen erostea, Bertsosarrerak.eus gunea blokeatu egin baitzen eskaera ugariengatik.

Antolatzaileak arazoa konpontzen saiatu ziren egun osoan, baina, azkenean, gunea bertan behera utzi behar izan zuten, behin-behinean, arazo teknikoak konpondu bitartean.

«Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie bertsozale guztiei izandako pazientziagatik», idatzi dute, «eta barkamena eskatu sortutako eragozpenengatik». Atzo esan zutenez, aurreikusi zuten jende askok erosi nahiko zuela sarrera, baina, halere, ezin izan zuten arazoa saihestu.

Gogoratu dutenez, paperezko sarrerak ere erosterik badago, elkarteak Iruñean duen egoitzan (Baratzeetako zeharkalea 2 behea), gaur 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta astelehenetik ostegunera ordutegi berean.

Horrez gain, bazkideei oroitarazi diete ekainaren 30era arte erreserbatuta edukiko dutela finaleko sarrera, eta bazkide ez direnek ere aukera bera izango dutela uztailaren 1etik aurrera.

Herenegun aurkeztu zuten Bertsolari Txapelketa Nagusiaren egitaraua. Lehendik ere zabaldu zuten zer 42 bertsolari arituko diren kantuan, eta atzo iragarri zuten zein izango diren irailaren 24tik abenduaren 18ra bitarte egingo diren hamalau saioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.