Albistea entzun

Analisia

Giza eskubideetan maldan behera

 

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2022ko ekainak 25

Aurrekaririk gabeko gertaera larri batek esnarazi ditu AEBak, aspaldian sare kontserbadore antolatu batek instituzioetan eta haietatik kanpo landu eta errotu duen estrategiaren emaitza lazgarriak. Haurrak izateko adinean diren 36 milioi emakumeen eskubideen kontra egin du Auzitegi Gorenak, mende erdiz izandako eskubidea bertan behera utzita. Zortzi hamarkadan izandako auzitegirik kontserbadoreenak abortuaren kontrako erakundeen eta erlijiosoen nahia bete du, eta, lehendik baldin bazetorren ere, errepublikanoen urteetako lana ondo josia utzi zuen Donald Trumpek boterea utzi aurretik, bere ildoko hiru epaile izendatu baitzituen agindu bitartean, denak oso polemikoak eta eskuin muturrekoak.

Roe v. Wade epai historikoa baliogabetuta, aurrerantzean estatu bakoitzak izango du auziaren gainean zer legedi zehaztu erabakitzeko eskumena, baina praktikan 50 estatuetatik 26tan debekatu edo murriztuko dituzte egun dauden aukerak, luze gabe. Estaturik kontserbadoreenak aspaldian zebiltzan hari guztiak lotzen, eta 26 estatu horietatik hamahirutan prestatuta dauzkate trigger laws esaten zaien legeak. Horrek esan nahi du berehala aktiba dezaketela abortatzeko debekua, eta abortatuz gero zigortzeko moduak.

AEBetan, abortatzeko eskubidearen mapa errepublikanoen eta demokraten estatuek erakusten duten marrazki bera da. Herrialdea bitan banatuta dago, eta erdialdea zulo beltz bat izango da emakumeentzat, eragozpen guztiak jarriko baitituzte aborta ez dezaten. Agerikoa da, beti bezala, emakume beltzak, migranteak eta pobreak izango direla umeak halabeharrez izango dituztenak edo seguruak ez diren bideak erabili beharko dituztenak, abortatzea legezkoa den estatuetara joateko baliabiderik ez dutelako. Abortatzeak duen kostuaz gainera, bidaia eta egonaldia ez baitira merkeak.

Diruak emango dio ahalmena emakumeari abortatzeko, baina, nolanahi ere, emakume guztiak dira kaltetuak: kalte konponezina da magistratu atzerakoi eta matxista batzuek erabaki ahal izatea noraino irits daitezkeen giza eskubideak, norainoko ahalmena duten emakumeen askatasuna mugatzeko eta haien gorputzaren gaineko erabakiak debekatzeko; gizonen agindupean erregimen baten menpera jartzeko.

Erabakiak berehala erreakzioak sortu ditu mundu zabalean, eta amorrua, berriz ere gogorarazi behar baita asko borrokatutako eta irabazitako eskubideak ere gal daitezkeela, emakumeek lortzen dituzten garaipenek kontrako erreakzio ultrak eragiten dituztela. Hau ere badela gerra bat. AEBetako erabakia abisua da munduko emakume guztientzat, gustuko izan edo ez, lehen mundu deritzon horretako herrialderik boteretsuenak eragin handia baitu. Inguruko herrialde gero eta kontserbadoreagoentzat etsenplua izan liteke, eta aurrera egiten ari ziren herrialde batzuentzat oztopo.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Txinaren globoa, ustez espioitzarako erabili dutena, atzo, AEBen hego-ekialdeko Charlotte hiriaren gainean. ©NELL REDMOND / EFE

Txinak ustez espioitzarako erabili dituen globoetako bat eraitsi dute AEBek

Ander Perez Zala

Baloiak bost egun pasatu ditu herrialdeko aire eremuan, ipar-mendebaldetik hego-ekialdera. Pentagonoak beste globo bat detektatu du Latinoamerikan

AEBetako Defentsa idazkaria eta Filipinetako Defentsa ministroa, ostegunean. ©EFE
Peruko bozak aurreratzeko testua, blokeatuta
Montanan atzeman zuten globoa. ©BERRIA

AEBek Txinaren bigarren globo bat atzeman dute Latinoamerikan

Julen Otaegi Leonet

Pentagonoak Montanan atzeman zuen atzo ustezko lehen globo espioia; gaurko ordu txikietan, beste bat, Latinoamerikan. Ez du zehaztu non. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Txinara egitekoa zen bidaia bertan behera utzi du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.