Arrauna

Donostiarra eta Orio izan dira garaile Donostiako badian

Gaur eguerdian jokatu da aurtengo estropada denboraldiko bigarren bandera, eta garaileak ez dira urrutitik iritsi. Eusko Label ligan Donostiarrak eskuratu du bandera, eta Euskotren ligan, Oriok.

Orioko arraunlariak, garaipena ospatzen, Kontxako badian. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 3a
19:29
Entzun

Garaipenak gaur ez dio ihes egin Donostiarra arraun taldeari. Atzo estropada ona egin zuen Bilbon, baina kateatu egin zen une batean, eta bigarren izan zen, Orioren atzetik. Gaur, baina, lehen postuan helmugaratu dira, eta bandera eskuratu dute, non eta etxean. 20:35eko denbora egin dute etxekoek, eta bost segundoko aldea atera diote bigarren sailkatuari, Hondarribiari. Hirugarren Urdaibai izan da, hamabi segundora, eta laugarren Orio, 25 segundora. Eusko Label Ligako sailkapenaren buru jarri da, gainera, Donostiarra.

Hondarribiarekin aritu da nor baino nor Donostiarra ohorezko txandan. Lehen ziabogara iristerako soilik hondarribiarrak erakutsi dute donostiarren pare jotzeko gai zirela. Orio zortzi segundora zuten ordurako, eta Zierbena, hamabostera. Bigarrenean, Hondarribiak aurrera egiten du, eta parez pare iritsi dira lehen bi ontziak. Hondarribiak bi segundoren aldea izan du hirugarren luzean.

Azken ziabogatik ere ia batera atera dira Donostiarra eta Hondarribia. Etxeko taldeak, ordea, olatu bat baliatu du aurrea hartzeko, eta bi segundo aurreratu dira. Alde hori eskuan, ahalegin handia egin dute arraunlariek, eta azkenean handitzea ere lortu dute azken luzean.

Eusko Label ligako bigarren txandan Urdaibai eta Santurtzi aritu dira aurrez aurre. Bermeotarrek irabazi dute bigarren txanda hori, eta gertu izan dute Getaria ere. Urdaibai bikain aritu da ziabogetan. Estropadako lehen txandan Lekittarrak hobera egin duela baieztatu da. Txanda, ordea, Kaikuk irabazi du, zigortu egin duten arren.

Eusko Label Ligako Bandera Fabrika sailkapena

1 Donostiarra 20:35,57
2 Hondarribia + 05.44ra
3 Urdaibai +12.19ra
4 Orio +25.54ra
5 Getaria +30.52ra
6 Kaiku +38.45era
7 Lekittarra +39.81era
8 Cabo da Cruz +44.91ra
9 Zierbena +46.97ra
10 Itsasoko Ama +47.01era
11 Ares +56.90era
12 Ondarroa +1:01.80ra

Euskotren ligan, atzoko erlojupekoaren ondoren, gaur Donostian jokatu dute bigarren bandera, eta Orio nagusitu da Kontxako badian. Laugarren kalean aritu dira arraunean oriotarrak, eta lehia estua izan dute atzoko garaileekin, Arraun Lagunak taldeko arraunlariekin. Azken metroetan, ordea, indartsuago aritu dira oriotarrak, eta bost segundoren aldea atera diete donostiarrei.

Euskotren ligaren Bandera Fabrika sailkapena

1.- Orio 11:17,54
2.- Arraun Lagunak +04.58ra
3.- Donostiarra +30.36ra
4.- Tolosaldea +31.06ra

Denboraldiko lehen estropada jokatuta, sailkapen nagusian Orio eta Arraun Lagunak daude lehen bi postuetan, zazpina punturekin berdinduta. Donostiarra da hirugarren, lau punturekin, eta Tolosaldea, laugarren, bi punturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.