Albistea entzun

Hizkuntza eskubideak jomugan

Euskaraz erantzuniko brebetako azterketak zuzentzen ari dira Baionan

Zuzenketa zentroa antolatu dute Baionako Arteen Hirian, Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin. Adierazi dutenez, sinetsiak dira ekintzak «ondorioak» izanen dituela. Donibane Garaziko zuzenketa zentroan protesta egin dute sare publiko eta pribatuetako irakasleek, Seaskari babesa erakusteko.

Baionako Arteen Hirian antolatu dute zuzenketa zentroa, Euskal Elkargoaren babesarekin
Baionako Arteen Hirian antolatu dute zuzenketa zentroa, Euskal Elkargoaren babesarekin Guillaume Fauveau Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2022ko uztailak 5

Joan den astean egin zituzten Seaskako ikasleek brebetako azterketak. Frantziako Hezkuntza Ministerioaren debekuen gainetik, horietako askok euskaraz erantzun zuten zientzietako azterketa, Frantziako Hezkuntza administrazioak frantsesez egitera behartzen baditu ere. Bada, gaur, proba euskaraz egiteko hautua egin zuten ikasleen azterketak zuzentzen hasi dira Baionan. Hain zuzen, Seaskakoek zuzenketa zentroa antolatu dute Baiona Arteen Hirian. Goizetik dira zeregin horretarako lanean.

Euskal Hirigune Elkargoaren babesarekin antolatu dute zentroa. Seaskakoek azaldu dutenez, horrek aski nabarmen lagundu du prozesuan. Babes horren garrantzia azpimarratu du, besteak beste, Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak.

Ikusi gehiago: Frantziaren kontsuletxeetan sartu dira, euskarazko azterketak itzul ditzatela eskatzeko

Halaber, gaurko ekintza «sinboloaz harago» doa, dioenez. «Badakigu aldarrikapena legala dela, arautegian sartzen dela, eta dekretuak baimentzen duela akademiak azterketak euskaraz eginaraztea. Arazoa da akademiak ez duela nahi».

Gainera, aurrera begira, zehaztapena egin du: «Dudarik gabe, horrelako ekintza batek ekarriko ditu ondorioak». Nabarmendu duenez, elkargoaren babesa bakarrik ez, jendearena ere badute: «Lurralde honetan denek kontsideratzen dute zilegi dela azterketak euskaraz egitea; horrek aitzinaraziko ditu gauzak».

Mañolo Espelet da Baionako Arteen Hirian antolatu duten zuzenketa zentroko zuzendaria –Estitxu Robles Arangiz kolegioko zuzendaria ere bada–. Espeletek nabarmendu du ikasleentzat euskararen aldeko engaiamendu bat erakusteko aukera dela. «Ez ditugu ikasleak behartzen, haiek bizi dute euskara. Heldutasunez jokatzeko eskatzen diegu».

Publiko eta pribatuaren babesa

Zuzenketa zentro bat baino gehiago dago Ipar Euskal Herrian; horietako bat Donibane Garaziko zitadelako kolegioan da. Goiz bukaeran, zuzenketan parte hartzen ari ziren ikastetxe publiko eta pribatuetako hogeita hamar bat irakasle kanpora atera dira, Seaskari babesa erakustera. «Negu honetan hiru sareetako irakasleak juntatzen hasi ginen, elkarrekin zerbait egiteko ideiarekin», esplikatu du Edurne Apezetxea Mauleko Argia kolegioko irakasleak. Izenpe biltze bat egin zuten lehenik, euskarazko kopiak zuzentzeko zuzentzaile eskasiarik ez zela erakusteko. Gaur, gutuna bidali diote Bordeleko errektoreari «ikasle euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak» izan daitezela eskatzeko. Halaber, aurten ere Frantziako hezkuntza administrazioak euskaraz erantzundako Zientzietako probak bahitu dituela esplikatu du. «Euskaraz eginak izan diren kopia horiek ez dakigu non diren. Pentsatzen dut Bordelera-edo eramanak izan dira», adierazi du. Zuzentzaile erdaldunen esku utzi izana deitoratu du: «euskaraz zuzenduak izaten ahal ziren».

«Guk uko egin diogu zuzenketan parte hartzeari, baina horrek erran nahi du [publikoko eta pribatuko] irakasleek kopia gehiago dituztela zuzentzeko», adierazi du Celine Tourreuil, Larzabaleko (Nafarroa Behera) Manec Erdozaintzi Etxart kolegioko zuzendariak. «Hala ere sostengu osoa izan dugu haien partetik, bai publikotik eta baita pribatutik ere. Badakite zer den erronka eta bat egiten dute gure aldarrikapenarekin». Ildo beretik jo Maider Hariñordoki irakasleak ere. «Bagenekien bazirela batzuk gurekin borrokan, baina goiz honetan banaka banaka zuzentzaile guziei aipatu diegu prentsaurrekoa eginen genuela, eta anitz agertu dira. Sorpresa bikaina izan da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Dozenaka auzokide joan ziren Itzulbaltzetako Nagusien Etxearen atarira protesta egitera, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eguneko zentro baten hustea

Javi West Larrañaga

Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak Getxoko Itzubaltzeta auzoko Nagusien Etxea husteari ekin zioten atzo. Auzitegiak agindu du eraikina ez eraisteko, baina poliziek lanean segitu dute halere.
Mugimendu feministak atzo egin zuen agerraldia, Getxon. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Mugimendu feministak esan du Algortan ez zietela oztoporik jarri ertzainei

Irati Urdalleta Lete

Nabarmendu dute ez dutela mugimendu feministaren «kriminalizaziorik» onartuko, eta azaldu dute jaietako protokoloa bete zutela
 ©BERRIA

Irudi ase, intimitate gose

Isabel Jaurena

Azken urteetan ohikoa bihurtu da gurasoek seme-alaben argazkiak eta bideoak sare sozialetan zabaltzea. Adituek ohartarazi dute praktika horrek kalte egiten diola adingabeen pribatutasunari.

Hutsuneak ditu adingabeen pribatutasuna babesteko legediak

I. Jaurena

Ipar Euskal Herrian badaude sare sozialetan edukia sortzen duten adingabeak babesteko neurriak; Hego Euskal Herrian, ordea, ez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...