Lan gatazkak

Mercedesek lan hitzarmenaren negoziazioa eten du

Zuzendaritzak sindikatuei esan die grebak dirauen bitartean ez duela negoziatuko. Grebak lantegia gelditu du beste egun batez.

Gasteizko lantegiaren inguruan langileek egindako protesta. MARISOL RAMIREZ/FOKU
aitor biain
2022ko uztailaren 7a
11:49
Entzun

Gasteizko Mercedes-Benz lantegiko lan gatazka hasierara itzuli da. Enpresak eta sindikatuek asteartean berrekin zieten elkarrizketei, eta asteazkenean zuten bigarren bilera. Jarrerak hurbiltzen hasi zirela ematen zuenean, ordea, zuzendaritzak sindikatuei adierazi die grebak dirauen bitartean elkarrizketak etengo dituela. Lantegian bertan, bilera hasi bezain pronto eman die erabakiaren berri, Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA) azaldu duenez. Kritiko azaldu da Gebara zuzendaritzarekin, eta erabakia gaitzetsi du. «Berriro ere Emilio Titos jaunak hartu du negoziazioaren gidaritza, ez jarrerak hurbiltzeko eta langileek diotena entzuteko, baizik eta negoziazioa blokeatzeko, esanez grebarekin ez duela negoziatuko, nahiz eta duela egun batzuk hala egin zuen».

Ez da zuzendaritzak negoziazioak eteten dituen lehen aldia. Ekaineko lanuzte jendetsuak hasi zituztenean ere hala egin zuen. Aste honetan berrekin diete. Zuzendaritzak proposamen bat helarazi zien langileen ordezkariei asteartean. Soldatak aurten %5 igotzea eta lan malgutasunari arau batzuk jartzea eskaini zien, besteak beste. UGTk, CCOOk, Ekintzak eta PIMek «aurrerapausoak» ikusi zituzten zuzendaritzaren jarreran, nahiz eta aitortu zuten proposamena hobetu zitekeela. ELAren, LABen eta ESK-ren iritziz, ordea, ez da nahikoa, eta ez ditu aintzat hartzen beren eskariak.

Langile batzordea zatituta egoteak ez zuen eragotzi grebak erantzun zabala izatea atzo. ELAk, LABek eta ESK-k deitu zuten grebara, eta langile gehienak ez ziren lanera joan. Atzo eta gaur ere ekoizpena geratzera deitua zuten sindikatu abertzaleek, eta hala izan da: deitzaileen arabera, langileen %95 ez dira lanera joan asteazkenean, eta lan hitzarmenaren gatazka hasi zenetik bosgarrenez ez dute furgonetarik egin Gasteizko lantegian.

Manifestazio jendetsua

Langileek protesta egin dute lantegiaren aurrean; milaka lagun elkartu dira fabrika inguratzeko manifestazioan, ordezkariak bilera egiten ari ziren bitartean. Erabakiaren berri izan dutenean, ordea, ELAk, LABek eta ESK-k zuzendaritzaren jarrera kritikatu dute. «Mehatxutzat» jo du erabakia Mikel Diaz de Alda LABeko ordezkariak, presioa langileengan jarri nahi duelako enpresak. Eta iragarri du gaurko grebari eutsiko diotela. Hain zuzen ere, ELAk, LABek eta ESK-k asteartean iragarri zuten datorren asteazkenean, ostegunean eta ostiralean ere grebara deituko zutela negoziazioan urratsik egon ezean.

Hiru sindikatuek langileekin batera egin nahi dute bidea, eta hasieratik ari dira batzar orokorra egin nahian. Deitzeko nahikoa babes ez dutela-eta, batzar irekiak egin dituzte kalean azken egunotan. Atzo ere egin dute, hurrengo pausoak «guztien artean» zehazteko. «Ez dugu erabakirik hartu nahi beroaldian», esan du Gebarak. Lantegiko sarreran piketeak egingo dituzte hurrengo egunetan ere, baita manifestazio eta elkarretaratzeak ere.

CCOOren eta UGTren eskaintza

CCOOk alde guztien gogoeta eskatu du, «estrategiarik onena bilatu» eta negoziazioan aurrera egiteko. Roberto Pastor ordezkariak Europa Press berri agentziari adierazi dionez, zuzendaritzaren jarrera ez da «ona» izan; «nahastu» egin da, haren iritziz, «mahaian aurrera egin eta akordio bat lor daitekeela» erakusteko aukera zuelako.

Arratsaldearen amaieran, CCOOk, UGTk, Ekintzak eta PIMek eskaintza bat helarazi diote zuzendaritzari: seigarren gau batez lan egiteko proposamena kenduz gero, lanera itzultzeko eskatuko diete langileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.