Memoria historikoa

Ortuzarrek esan du ETAk ez zuela sekula existitu behar izan

Miguel Angel Blancoren hilketaz hitz egin du EBBko presidenteak, EAJren Arabako IV. Alderdikide Egunean.

Arabao IV. Alderdikide Eguna, Maeztun. EAJ
inaut matauko rada
2022ko uztailaren 9a
18:49
Entzun

Arabako IV. Alderdikide Eguna ospatu du gaur EAJk Maeztun (Araba), eta alderdi jeltzaleko Xabier Agirre eta Felix Ormazabal politikari arabarrak gogoratzeko eta omentzeko erabili dute ekitaldia. Izan ere, duela urte bat baino gutxiago hil ziren biak ala biak. Ekitaldian izan dira Andoni Ortuzar EBBko presidentea, Estefania Beltran de Heredia senataria eta Jose Antonio Suso ABBko presidentea. Hala ere, Miguel Angel Blancoren bahiketaren urteurrenaren bezperan, gertakari horri buruz hitz egiteko tartea izan du Ortuzarrek: «Esan beharrekoa esango dugu beti: hiltzea txarto egon zela, ETAk ez zuela sekula existitu behar eta atentatu eta indarkeria guztiak gaitzesten ditugula», adierazi du.

Ortuzarrek adierazi du Agirre eta Ormazabal alderdikide ohiek «EAJk 127 urteko historian» izan dituen bi ezaugarri ordezkatzen zituztela: «Alde batetik, zerbitzu publikoa, alderditik eta erakundeetatik; eta, bestetik, konpromiso etiko, zintzo eta garbia». 127 urteetan EAJ «historiaren alde zuzenean» egon dela nabarmendu du EBBko presidenteak, izan 36ko Gerran, diktaduran, trantsizioan eta gaur egun. «Xabier Agirre eta Felix Ormazabal bezalako erreferenteekin, inor ez dadila etorri guri etika lezioak eman guran», gehitu du Ortuzarrek.

«25 urte berandu datoz»

Aurkari politikoei zuzendu zaie Ortuzar Arabako Alderdikide Egunean, Miguel Angel Blancoren bahiketaren urteurrenaren bezpera izan dela aprobetxatuz, nahiz eta ez den oso zehatza izan: «Denek ezin dute esan historiaren alderdi zuzenean egon direla. Gure eredu etikoaren aurrean, oraindik gauzak diren moduan deitzeko gai ez direnak. 25 urte geroago adierazpen orokorren atzetik ezkutatzen direnak, horrenbesteko mina gaitzetsi gabe eta barkamena eskatu gabe», esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.