Amaiur, 500 urte

'Azken ekitaldiko' gutunak

Gaur zortzi beteko dira 500 urte Amaiurko gaztelua erori zela, Nafarroako Erresumak Nafarroa Garaian izan zuen azken lurraldea, Hondarribiarekin batera. Gotorlekuko azken defendatzaileek aurreko egunetan elkarri bidali zizkioten gutunen inguruko bi erreportaje argitaratu zituen BERRIAk 2009ko azaroaren 22an, Igandea gehigarrian. Erreportaje horien berrargitalpena da hau.

1512-2012 Nafarroa Bizirik ekimenak 2011n egin zuen Amaiurko gazteluaren maketa. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 11
14:55
Entzun

Arrazoirik ez du falta Aitor Pescador historialariak (Bilbo, 1970) Amaiurko gutunez hitz egiten duenean: «Gutxiagorekin hamaika film egingo lukete AEBetan, gutunak El Alamon idatziak balira». Letters from Iwo Jima filmean kontatzen den istorioarekiko antzekotasunak bila daitezke, etsaia gainean dutelarik gertakari historiko bat bizi zuten pertsonen sentipenak eta sentimenduak jasotzen baitituzte; mesfidantza eta adorea, adibidez. Amaiurko gutunen istorioa ez da, ordea, fikzioa; gotorlekua defenditu zutenek idatzi eta jasotako eskuizkribuak dira.

Nafarroako errege Henrike II.a Albretekoari leial zitzaizkion azkenekoek idatzi zituzten, 1521. eta 1522. urteetan, Amaiurko gazteluaren defentsan, Erresumaren azken-aurreko borrokan —Hondarribia 1524an galdu zuten—. Erresuma eta independentzia berreskuratzeko saio horretan gotorlekuaren kanpoan eta barruan zeudenek elkarri bidaltzen zizkioten gutunak dira, Nafarroaren konkistaren lekuko eta Erresuma defendatu zutenen hamar hilabeteko kronika bizia.

Ikusi gehiago:Gutuneko protagonistak: gerrako jendea, urterik zailenetan

Nafarroako konkistaren ondorengo urteetan, 1512tik aurrera, Erresuma berreskuratzeko hainbat saio izan ziren; besteak beste, 1516an eta 1521ean. Aurrekoak bezala, Amaiur eta Hondarribikoa ere antzua izan zen. Guillaume Gufiet Boniveteko jaun eta Frantziako almirantearen laguntzarekin, nafarrek Pirinioak zeharkatu eta Amaiur eta Hondarribia berreskuratu zituzten 1521eko udazkenean. Amaiurren egon ziren soldaduek 1521eko urritik 1522ko uztailaren 19ra arte gorde zioten lekua errege Henrike II.a Albretekoari. Juan Iturralde Suitek esan zuen moduan, «gotorleku horretan gertatu zen Nafarroaren independentzia galtzearen dramako azken ekitaldia», eta horrelaxe jaso zuen Pedro Nabaskuesek ere (Migel Orreagakoa ezizenarekin) Amayur, los últimos navarros liburuan.

Epaiketetarako gordeta

Amaiurko gutunak gaztelua nafarren esku egon zen hamar hilabete horietan idatziak daude, gehienak gotorlekuko alkaide Jaime Velaz Medranokoari zuzenduak. Gaztelarrek presoak epaitzeko gorde zituzten gero, Nafarroako Erresuma nortzuek laguntzen zuten frogatzeko. Gaur egun Nafarroako artxibategian daude gordeta, kaxa batean, Juan de Renaren artxibo partikularrean. De Rena Gaztelako erregeak Nafarroan izan zuen diruzaina izan zen, eta haren esku geratu ziren azkenean. Guztira 55 gutun daude, eta horietako 48 dira gazteluaren ingurukoak. Gehiago ere egon daitezkeela dio Pescadorrek, hainbat kaxa katalogatu gabe daudelako.

Nafarrek 1521eko urrian berreskuratu zuten gaztelua, baina, hamar hilabetez egon baziren ere, lehen gutunetan ikusten da jada gaztelarren kontraeraso batekiko kezka. Aitor Pescador Aranzadiko historialariak dioenez, Gaztelako Karlos V.a (Karlos I.a zeritzona) enperadoreak udara arte itxaron zuen, baina Jaime Velaz Medranokoak eta besteek bazekiten eraso egingo zietela. Susmo txarrak eta mesfidantza gutunetan azaldu zituzten. Joan Elizondokoak 1521eko urriaren 18an Karlos V.a enperadorearen soldaduak Berroetan zeudela esan zion Migel Jatsukoari, Xabierko jaunari. Gazteluko alkaide Jaime Velaz Medranokoarekin batera hamar hilabetez gaztelua gorde zutenetako bat izan zen Jatsukoa. Joan Elizondokoarekin gutuna Andre de Foix Saint-Andre mariskalari bidali zion Jatsukoak. Baionatik gaztelua hornitzeaz arduratzen zen Saint-Andre, eta Elizondokoak aipatzen zituen soldaduak Belate pasa ostean Gipuzkoara joan baziren ere, Frantziako mariskalak erantzunean, azaroan, erne egoteko eskatu zion Jatsukoari, etsaiak ezustean harrapa ez zezan.

Informazioaren gerra

Etsaia, ordea, ez zegoen gaztelarren artean soilik. Amaiurtik Baztan osoa zaintzen zuten nafarrek, baina baztandarren artean baziren espioiak ere, eta baziren Karlos V.a enperadorearen aldekoak. Velaz Medranokoa eta Migel Jatsukoa euren lurretatik urrun zeuden, eta iristen zitzaizkien zurrumurruak errotik mozten zituzten, ahulduko zituztelako beldurrez. Hori gertatu zen Migel Aurizberrikoarekin. Itxura denez, Velaz Medranokoak gaztelua 4.000 dukaten truke saltzen zuela ari zen esaten Aurizberrikoa; alkaideak abenduaren 29an idatzi zion, hori nork esan zion azaltzeko eskatzeko, bestela zurrumurrua berak sortu zuela pentsatuko zuela, eta harrapatuz gero bere borondatearen kontra esanaraziko ziola bere «mingain zikinetik». Biharamunean jaso zuen erantzuna, eta Aurizberrikoak ukatu egin zuen horrelakorik esan izana.

1522ko lehen hilabeteak lasaiak izan ziren; gutun gehienak administratiboak dira. Karlos V.a gerran ari zen Italian, eta, negua izanik, mugimendurik ez zen Baztanen. Velaz Medranokoa eta haren armagizonen kontrola oso zorrotza zen, hala ere, gutunetan ageri denez. Martxoaren 26an Nafarroako erregeak berak idatzi zion gutun bat alkaideari, lan horietan «hobekien» aritu zedin eskatzeko. Egunik gabeko beste gutun batean ere, Joan Agerrekoak Doneztebeko bere senideei kalterik ez egiteko eskatu zion, erregearen kontra zerbait egiten bazuten berak zigortuko zituela.

Ikusi gehiago:Udako seriea: 'Amaiurko batailak 500 urte'

Udaberriarekin berriro hasi ziren gaztelarren mugimenduak. Victor Maulekoak apirilaren 5ean idatzi zion ibarrerako sarreratik, Zigatik, Velaz Medranokoari, esateko Gaztelatik Iruñera garia eta garagarra eramaten ari zirela eta defentsak indartzen ari zirela. Tuteran Mirandako kondea, Adriano Utrechtekoa aita santua (Gaztelaren aldekoa) eta Leringo konde Luis Beaumontekoa elkartuak zirela ere jakinarazi zion. Migel Jatsukoa ordurako Elizondon zegoen bere soldaduekin, handik Baztan egokiago kontrolatzeko. Velaz Medranokoari Elizondotik idatzitako gutun horietako batean espioien jardunaz ohartarazten du alkaidea: «Zure gutunetako batean agintzen didazu zure izenean datorren ardoa pasatzen uzteko. Zu zerbitzatzeagatik egingo dut, une honetan eta besteetan, baina jakinarazi nahi dizut ardo garraio horrek kaltea eragingo digula. Ardoa daramaten pertsonak horra joateko aukeratutakoak izan direla jakin dut, gure artean zer gertatzen den azter dezaten».

Amaiurko gazteluan aurkitutako ezpata bat, konkistaren garaikoa, Iruñeko Kondestablearen jauregian 2016an egin zuten erakusketa batean.Iñigo Uriz, Foku

Gutunen edukia irakurriz garbi geratzen da egunetik egunera tentsioa gero eta handiagoa zela Nafarroako soldaduen artean. Martxoaren 13an jada gaztelarren bi konpainia Doneztebera arte sartu ziren, eta egun horietan Elizondon ere izan zuten eraso bat beaumontarren aldetik. Velaz Medranokoari idatzitako gutun batean, Jatsukoak kontatu zion Martin Ursuakoa Elizondoko elizan gotortu zela, eta Luis Velaz Medranokoak semea soldadu gehiagorekin eta arma gehiagorekin bidaltzeko eskatu zion, elizan gordetzen ziren horiek «beldurrez» hil zitezen.

Gazteluko defendatzaileentzat egoera ez zen erraza, gutunetan irakur daitekeenez. Batetik, desinformazioari, espioien mamuari eta Karlos V.aren alde ari zirenen erasoei egin behar zieten aurre; bestetik, Henrike II.a Albretekoak eskatzen zien zuhurtasunari: «Bortzirietako bizilagunak eta Baztangoak eta Doneztebekoak mendeko on eta leial moduan tratatzea nahi dugu, begirunea erakutsi eta leialtasuna zin egin dutelako. Baten batek gehiegikeriarik edo krimenik egin badu, horien berri izan nahi dugu. Jakin dugunez, gaizki eta arrazoirik gabe jokatzen ari zarete, eta horrek ez gaitu pozten. Horregatik, antzekorik ez egitea agintzen dizuegu», idatzi zien erregeak Jatsukoari eta Velaz Medranokoari apirilaren 22an.

Gaztelarrak erasoa ari ziren prestatzen. Gracian Etxauzkoak apirilaren 25ean idatzi zion alkaideari, eta jakinarazi zion Gaztelatik armada handia zihoala euren kontra borrokatzera, bai zaldiz baita oinez ere. Gainera, tresna bereziak egiten zituzten maisu bikainak ere bazeudela esan zion. Mirandako kondea beaumontarren artean dirua biltzen hasi zen, «frantziarrek duten Amaiurko gotorlekua» hartzeko. Beste kasu batzuetan bezala, gaztelarrek frantziarren aurka ari zirela esaten zuten, nafarrak frantziarren laguntzarekin ari zirelako, baina Amaiurren ez zegoen Henrike II.a Albretekoarena ez zen beste armagizonik.

Eraso batekiko kezka

Eraso baten inguruko kezkak alarma piztu zuen Baztanen. Maiatzean Saint-Andre mariskalak Joan Ollokikoari baimena eman zion Donezteben zeuden gaztelarren bi konpainiei eraso egiteko, baina aldi berean Amaiurko gazteluko alkaidea lasaitzen saiatu zen, zurrumurrua besterik ez zela izango esanez. Donezteben, ordea, gaztelarrek irabazi zuten, eta nafarrek Elizondora egin zuten atzera ekainaren 17an. Urduritasuna zabaltzen hasi zen Amaiurko defendatzaileen artean. Victor Maulekoa bere armagizonekin gotorlekura joan zen, baina horren berri emateko idatzitako gutunean, Migel Jatsukoak eskatu zion Velaz Medranokoari egin beharrekoa egiten zutenean berarengana bidal zitzala: «Beharra handia da hemen, eta han ez da ezer falta. Garaiak eskatzen duenean gu guztiok joango gara hara».

Ekainarekin nafarrak eta gaztelarrak borrokarako prestatu ziren. Ezpeletako andereari dirua Amaiurrera bidaltzen laguntzeko eskatu zion gutun horietako baten bidez Saint-Andre mariskalak, eta, aldi berean, ondo gotortzeko eskatu zion Velaz Medranokoari. Bitartean, Mirandako kondea jendea mobilizatzen hasi zen, eta uztailaren 3an arotzak jarri zituen Amaiurrerako bidean lanean, artilleria eraman ahal izateko bideak konpontzen. Uztail hasieran artilleria guztia Takonerako zelaian bildu zen, Iruñean. Beaumontarren eta gaztelarren artean 7.000 soldaduko gudarostea sortu zuten; Joan Elizondokoak idatzi zuenaren arabera, beaumontarrak ziren gehienak. Azkenik, uztailaren 4an abiatu ziren Amaiurrerantz. Albistea jakin bezain laster, Ziga eta Elizondo utzi eta Henrike II.a Albretekoari leial zitzaizkion nafarrak Amaiurren elkartu ziren.

«Gure nazio eta leinuko»

Une horretatik aurrera kanpotik jasotzen zituzten gutunak izan zituzten gaztelukoek informazio iturri. Gaztelarrak hurbildu ahala, gero eta sendoagoa zen kanpokoek, Baionatik batik bat, borrokarako eta defentsarako egiten zieten deia. Antxo Esakoak arbaso nobleen oroitzapena ekarri zien gogora, eta, aldi berean, euren belaunaldiko gogoratuenak izango zirela esan zien. Uztailaren 15ean iritsi ziren gaztelarrak Amaiurrera. «Jaun noble eta handia: ikusi dut berorrek idatzitako gutuna, baita Saint-Andre jaunari idatzitakoa ere. Jauna, berorren bihotzean kabitzen den bertutea Cipion erromatarrarena bezain handia dela ikusten dut; eta, horretan ari direla, jakin dezala berorrek Jaime Velaz jaunak, berorrek eta gure nazioko eta leinuko gizon jentil horiek guztiek inoiz nazio batek irabazi duen bezainbeste ohore irabaziko dutela», idatzi zion Antxo Esakoak Jatsukoari uztailaren 12an.

Aitor Pescadorren iritziz, nafarrek jakin bazekiten ordurako gaztelarrak baino gutxiago zirela, bai gaztelu barrukoek, baita kanpokoek ere, eta testuinguru horretan bitxia da Joan Elizondokoak uztailaren 11n Orbarakoari idatzi zion gutuna: «Jaime Velazi hemengo kide on batzuk bidali dizkiot, eta prestasun ona jartzeko eskatu, soldadu gisa neronek joan behar badut guztiok joango garela gaztelu hori defenditzera».

Indusketa lanetan gazteluaren azpian aurkitutako mina bat. Aitor Pescador

Joan Orbarakoak uztailaren 12an idatzi zion Velaz Medranokoari, eta errege Henrike II.a Albretekoaren aginduz Baionan 2.500 soldadu zeudela esan zion, eta 4.000 ere izango zirela; Zuberoatik eta Lapurditik ere iritsiko zirela gehiago, baita Frantziatik eta Suitzatik ere. Gotortutakoentzako zoritxarrez, hori izan zen jaso zuten azken gutuna, soldaduak ez baitziren inoiz laguntzera joan. Setio batekin hasi zen gaztelarren erasoa, baina, Baionatik laguntzera joango zitzaizkiolakoan, harresietan minak jarri eta lehertu egin zituzten, borroka luza ez zedin. Aleson apaizak borrokaz egin zuen kontakizunean setiatutakoen adorea nabarmendu zuen, eta Leringo konde Luis Beaumontekoak ere goraipatu zituen. 1522ko uztailaren 19an errenditu behar izan zuen Velaz Medranokoak, larunbatez. Biharamuneko gutunak jada Leringo kondearenak dira, Amaiurko gotorlekuaren konkistaren berri emateko Gasteizera bidaliak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.