Amaiur, 500 urte

Gerrako jendea, urte zailenetan

Gaur zortzi beteko dira 500 urte Amaiurko gaztelua erori zela, Nafarroako Erresumak Nafarroa Garaian izan zuen azken lurraldea, Hondarribiarekin batera. Gotorlekuko azken defendatzaileek aurreko egunetan elkarri bidali zizkioten gutunen inguruko bi erreportaje argitaratu zituen BERRIAk 2009ko azaroaren 22an, Igandea gehigarrian. Erreportaje horien berrargitalpena da hau.

Amaiurko gazteluko monolitoa. MIKEL ARRIZABALAGA
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 11
15:02
Entzun

Amaiurko gaztelua zegoen lekuan oroitarri bat jarri zuen Nafarroako monumentuen batzordeak eta Foru Diputazioak 1922an; Julio Altadillek proposatu zuen, eta oroitarrian Amaiurko gazteluaren defentsan parte hartu zutenen izenak jaso zituzten. «Napar-askatasunaren alde Amayurko echarrian borroka egin zuten gizonai betiko argia. 1522. Juan de Orbara abad de Urdax, Jaime Velaz de Medrano alcaide del castillo de Maya, Miguel de Jasso señor de Xavier, Luis Velaz de Medrano, Juan de Jasso, Victor de Mauleon, Juan de Aguerre de Echalar. 1922».

Amaiurko gutunek gaztelua Nafarroaren esku egon zeneko azken hilabeteak, asteak eta egunak azaltzeaz gain, pertsona horien kezkak eta motibazioa ere agertzen dituzte. Horietako batzuk 1512ko borroketan aritutakoak ziren, eta horren ondotik Nafarroa berreskuratzeko egin ziren ahalegin guztietan ere parte hartu zuten; Amaiurkoa izan zen azkena. Gerra urteak izan zituzten, Nafarroak bataila bat bestearen ondotik galdu zuen garai horretan.

Ikusi gehiago:'Azken ekitaldiko gutunak'

Amaiurko gaztelua errenditu ondoren, Francisco de Zuñiga Mirandako konde eta Nafarroako erregeorde gaztelarrak euren biziak errespetatuko zituela zin egin zuen arren, ez zuten denek bizirik iraun. Gazteluko defendatzaileak 200 baziren ere, borrokan zauritu asko eta hildako asko izan zirela jaso zuten garaiko kronikek. Soldadu batzuek ihes egin ahal izan zuten errendizioaren ondoren gaztelutik ateratzean; izan ere, Gaztelaren aldekoen artean ere euren herrietako bizilagunak zeuden, eta horien laguntza jaso zuten. Amaiurko defentsaren buruzagiek, ordea, bestelako zoria izan zuten.

Saint-Andre Guienako gobernadoreak «gizon jentilak eta gerrako jendea» zirela argudiatuz ondo tratatzeko eskatu zion Mirandako kondeari. Aitor Pescadorrek azaltzen duenez, garai horretan ohikoa zen borroka baten ondoren nobleak diru truk libre uztea. Baina Amaiurren ez zen hori gertatu. Pedro Esartek Navarra, 1512-1530 bere obran azaltzen duen moduan, soldadu nafarren buruak Iruñera eraman zituzten. Mirandako kondeak, ordea, uztailaren 22an idatzi zion Karlos V.a enperadoreari —Karlos I.a ere deitzen zioten—, eta azaldu zion Amaiurren preso hartutakoen artean errebolta guztietan aritzen ziren zazpi «gizon jentil» zeudela, eta Mirandako kondeak berak Iruñera eraman bazituen ere, Gaztelako gotorlekuren batera bidaltzeko eskatu zion erregeari «Erresuma honen kontuetan oso eskandalagarriak direlako». Mariskal Pedro Nafarroakoaren pare jarri zituen Renak; 1516. urtetik Simancasen (Espainia) zegoen preso, bakartuta.

Joan Orbarakoa, Urdazubiko abadea

Nafarroako Erresumaren defendatzailerik leialenetako bat izan zen. Gertukoa zuen mariskal Pedro Nafarroakoa. Urdazubiko San Salbadore monasterioko abadea zen, pertsona jantzia. Izatez, Aezkoakoa zen Joan Orbarakoa, eta Iruñeko kalonje izan zen izan zen Urdazubiko abade izendatu aurretik. Mirandako kondeak bere izendapena bertan behera utzi nahi izan zuen; Gaztelako koroari ez zitzaiola leial susmatzen zuen, eta ez zitzaion arrazoirik falta, 1513. urtean Zangozan soldadu gaztelarren aurkako matxinadan tartean egon baitzen. Matxinadaren ondorengo errepresioan, Comaresko markesak Fernando II.a Gaztelako Erregearengana bidali zuen Zangozako beste 25 lagunekin batera. Fernando II.ak barkatu egin zien egindakoa, eta etxera bidali zituen bueltan.

San Agustin ordenaren ondasunak ez zituela deklaratzen ere leporatu zion Mirandako kondeak Joan Orbarakoari, eta Amaiurko gazteluan epaitu zuten. Joan Abretekoa Nafarroako erregea deserrian lagundu zuela frogatutzat eman zuten, 1512. urtean Nafarroako soldaduak hornitu zituela eta 1516an mariskal Pedro Nafarroakoarekin Erronkaritik sartu zela, Erresuma berreskuratu asmoz. 1516. urteko Karlos V.a enperadorearen barkamen agiria jaso zuen Orbarakoak. Mirandako kondeak, ordea, deserritu egin zuen, Remiro Goñikoarekin batera, eta Gipuzkoara bidali zuen.

Amaiurko batailari buruzko jatorrizko eskuizkribuak, gazteluaren arkeologia zentroan, 2020an.Jagoba Manterola, Foku

Orbarakoa ez zen itzuli Nafarroara harik eta agaramontarrak altxatu eta, Andre du Foix Asparrosko jauna Frantziako jenerala buru zuela, 1521. urtean Henrique II.a Albretekoaren gudarostea iritsi zen arte. Bitarte horretan, espioia izan omen zen. Noaingo batailaren ondoren, 1521ean, deserritu egin zuten berriro, eta Baionatik gotorlekuko defendatzaileak kanpoan izan zuten babesle eta bultzatzaile nagusietako bat izan zen.

1522ko uztailaren 22an, Amaiurko gaztelua hartu eta hiru egunera, Urdazubiko abadea Ezpeletan zegoela aitortu zuen Pedro Aratzurikoak, Nafarroarentzat aritzen zen espioiak, gaztelarrek atxilotu ondoren; beste batzuekin batera, 700 gizon zituela bere esanetara gaineratu zuen, borrokarako prest. Gaztelarrek 1522an Amaiur hartu eta monasterioa suntsitu ondoren, Joan Orbarakoa Elizondon geratu zen, hilko zuten beldurrez, eta, ondoren, Iruñera eraman zuten. Handik bere kargura itzul zezaten eskatu zuen, eta mariskal Pedro Nafarroakoaren albokoari aita santuaren aurrean bitartekari izateko eskatu zion. Karlos V.ak 1523ko barkamenetik kanpo utzi zuen.

Jaime Velaz Medranokoa, Lizarrako merioa

Joan Albretekoa 1512. urtean Nafarroako Erresumara itzuli zenean, altxatu zirenen artean zen Jaime Velaz Medranokoa, Lizarrako merioa. Lizarraren defentsan parte hartu zuen. Horretaz gain, hura izan zen 1516an mariskal Pedro Nafarroakoaren errekonkista saioa Monjardingo gazteluan defendatu zutenetako bat. Gurutzadetan parte hartu zuten jaunen oinordekoa zen Jaime Velaz, eta bera eta Joan bere anaia «gizon heroiak, Nafarroako askatasunaren martirrak, leialtasunaren eta zaldunteriaren ikur» izan zirela esan zuen Joaquin Argamasilla de la Cerda historialariak.

1514ko irailaren 19an auzi-ihes batean heriotzara kondenatu zuten Velaz Medranokoa. 1516ko porrotaren ondoren, Fernando Gaztelakoarekin etxera nola itzuli negoziatu zuen, baina ez zuten ezer lortu. Nafarroak 1521ean Amaiur berreskuratu zuenean alkaide izendatu zuten, eta hari zuzenduak dira gutun gehienak, nork laguntzen zuen frogatzeko gorde baitzituzten gaztelarrek.

Errenditzeko saioa harengandik atera zen, Francisco de Alenson garaiko kronistaren arabera jateko gutxi geratzen zitzaiela eta gaztelarrek jarritako minak harresian egindako zuloa ikusita; zaldi bat sartzeko adinakoa omen zen zuloa. Amaiurko gotorlekua galdu ondoren, Iruñeko San Nikolas eliza gotorlekuan kartzelatu zituzten Jaime Velaz Medranokoa, Luis bere semea, Xabierko jaun Migel Jatsukoa, Etxarrengo jaun Fernando Azkonakoa, Sadako jaun Joan Azpilkuetakoa, Joan Bertiz Ganboa eta Luis Mauleko eta Viktor Mauleko anaiak. Jaime eta Luis Velaz aita-semeak espetxeratu eta hamalau egunera hil ziren, pozoituta; guardiek hil zituztela uste zuenik izan zen garai horretan.

Luis Velaz Medranokoa, «azken borrokalaria»

Jaimeren semea zen, eta aitarekin defendatu zuen Amaiurko gaztelua. Gaztea zen, eta Juan Iturralde Suit historialariak gaztetasunaren kemenarekin eta ausardiarekin jantzi zuen Amaiur galdu aurreko egin zuen irudikapen batean. Ez zen urruti izan. Francisco de Alensonek idatzi zuenez eta Miguel de Navascuesek Miguel de Orreaga ezizenarekin Amayur obran jaso zuenez, aitak errenditzea negoziatu zuenean Luis izan zen ados etorri ez zen bakarra; protesta egin zuen, eta errenditzeko unean ez zuen amore eman: «Ez zuen ezpata eman nahi izan, baizik eta heldu nahi zutenengandik horrekin defenditu zen, ezpatez inguraturik, bera ere preso geratu zen arte...». Erresuma zaharraren azken borrokalaria izan zela idatzi zuen Navascuesek. Aita eta Luis egun berean hil ziren Iruñeko San Nikolas eliza gotorlekuan preso zeudela.

Migel eta Joan Jatsukoak, Xabierko jauna eta anaia

Xabierko San Frantziskoren anaiak ziren, biak ere santua baino helduagoak. 1521etik 1522ra Amaiurko gotorlekua defendatzen ari zirenean 27 eta 25 urte zituztela uste da; santua 1525ean Parisera ikastera joan aurretik, Nafarroako Erresumaren alde borrokatu ziren behin eta berriz anaiak. Xabierko jauna zen Migel, Isabel Goñiko eta Azkoiengoarekin ezkondua. Joan kapitaina zen, eta gerrak bukatu eta Karlos V.aren barkamena jaso ondoren, Joane Arbizukoarekin ezkondu eta Obanosko jauregira joan zen bizitzera. Senitartekoen artean, Joanek zuen Frantzisko anaiarekin harremanik onena, eta sarri idazten zioten elkarri, anaia gaztea Parisen ikasten ari zela.

Migel azkenera arte egon zen Amaiurko gotorlekuan, eta Iruñeko San Nikolas eliza gotorlekuan espetxeratu zuten Amaiurren preso hartu eta. Handik emakumez jantzita egin zuen ihes: «Denon aurretik egin zuen ihes; bere ama noblearen malkoek eta otoitzek salbatu zuten», azaltzen du Navascuesek, Francisco de Alenson eta Esteban Garibai eta Zamalloa kronistak aipatuz. Ihesaldian Xabierrera joan zen ama Maria eta Frantzisko anaiarengana, eta handik Hondarribira joan zen, Joan anaia, Valentin lehengusua eta Nafarroako Erresumako beste noble batzuk laguntzera.

1523an, Karlos V.a enperadorearen barkamena jaso arren, Hondarribia defenditzen aritu zen Migel 1524an. Otsailean, gotorleku hori ere errenditu zen, eta, apirilaren 21ean, Karlos V.a enperadorearen barkamena jaso zuen berriz, beste batzuekin batean, eta Vitor (sic) Maulekoarekin batean. Migelekin ikusten da nolakoak ziren batailaz bataila hainbat urtez Nafarroaren askatasunaren alde aritu ziren borrokalariak. Errepresio gogorra ere jasan zuten jatsuarrek 1516ko altxamenduaren ondoren —eraitsi egin zizkieten Xabierko gaztelua, Azpilkuetako dorrea eta Iruñeko etxeak—, baina, halere, azkenera arte jarraitu zuten bi anaiek borrokan Henrike II.a Albretekoaren alde.

Viktor Maulekoa, Joan eta Katalina errege-erreginen kapitaina

Luis anaiarekin batera, gaztelarrek Amaiurko gotorlekuan preso hartu zuten. Gutunetan 1522ko apirilean Zigan zegoela idatzi zuen, eta, biharamunean, Amaiurren izango zela aurreratu zuen Maulekoak. 1522ko uztailean Baionan egon ondoren, askatasuna eman zion Sain-Andre mariskalak nahi bazuen gotorlekura joateko edo nahi bazuen mendian geratzeko. 1523an, Karlos V.ak barkatu egin zuen, baina, 1524. urtean, Hondarribiaren defentsan ere hartu zuen parte, Migel Xabierkoarekin batera; bataila hori galdu ondoren, barkatu egin zuen berriro Karlos V.ak. Kapitaina zen, Pedro Nafarroakoa mariskalaren iloba; Joan Albretekoa erregearen eta Karlos Maulekoa bere anaiaren ondoan borrokatu ostean, Noainen, Amaiurren eta Hondarribian Nafarroa defenditu zituen. Karlos V.a enperadoreak bera ere 1524ko barkamenetik kanpo utzi zuen.

Joan Agerrekoa, berri-emaile nagusia

Etxalarkoa zen, eta Donezteben eta Bortzirietan senitartekoak zituen. Gutunen bidez gaztelarren mugimenduen berri-emaile nagusia izan zen, bai Joan Orbarakoarentzat bai Jaime Velaz Medranokoarentzat. Espioiak zituen han eta hemen. Urdazubiko abadearen laguna zen. Gaztelarren espioietako batek bere gutun bat atzeman eta atzeko aldean idatzi zuen ondo zegokeela Joan Agerrekoa «sekretuki» harrapatu eta zigortzea. Uztailaren 11ko gutun batean, gaztelarrak Amaiurrera gerturatzen ari zirela azaltzen da eta eskatuz gero gazteluaren defentsan hiltzeko prest zegoela.

Joan eta Ramon Ollokikoak, barkamenik onartu nahi izan ez zutenak

Migel eta Joan Jatsukoaren lehengusuak ziren, eta haiek bezala Nafarroaren defentsan hainbat borrokatan hartu zuten parte. Amaiurko eta Hondarribiko batailetan aritu ondoren, ez zuten inoiz Karlos V.aren barkamenik onartu (horrek eskaini arren), eta Henrike II.a erregea jarraituz Frantziara joan ziren. Hondarribia galdu ondoren, armagizon gehienek Karlos V.aren karguren bat onartu zuten, euren leinuei zegokien moduan. Ollokikoak, ordea, ez ziren inoiz itzuli Nafarroara. Joan Ollokiko jauna 1545ean hil zen Abbevillen.

Antso Esakoa, Iruñeko bizilaguna

Jatsuarren laguna zen, eta Baionatik idazten zituen bere gutunak. 1522ko uztailaren 12an, Jaime Velaz Medranokoari idatzitakoa bere hotsanditasunagatik nabarmentzen da, nazio hitza bi aldiz aipatzen du, leinu, jentil eta ohore hitzekin batera, defentsaren amaiera gertu egon arren, barruan zeudenak itxaropenez bete asmoz.

Saint-Andre mariskala, Gazteluaren hornitzaile

Guienako gobernadorea zen, eta gutunetan ageri denez, bera zen gotorlekuaren hornikuntzaz arduratzen zen pertsona. Aitor Pescadorrek dioenez, gutunetan zaldienganako zaletasun handia agertzen du, eta Baztango zaldi bat bidaltzeko ere eskatzen dio Velaz Medranokoari.

Joan de Rena, Nafarroaren benetako jabe

Venezian jaioa zen, elizgizona. Euren konkista sendotzeko ekarri zuten gaztelarrek Nafarroara, eta Mariano Arigita Lasa idazle nafarrak idatzi zuenez, hogei urtez Nafarroaren benetako jabe izan zen; dirua, boterea eta aita santuen buldak izan zituen, eta diru kontu guztiak bere eskuetatik pasatu ziren. Amaiurko defendatzaileen kontra erabilitako kartak, Pescadorrek aztergai dituenak, berak gorde zituen.

Francisco de Zuñiga, Mirandako kondea eta Nafarroako erregeordea

Nafarroako erregeordea zen, Gaztelaren aldekoa. 1522ko uztailean soldadu bilketa orokorra deitu zuen, eta Nafarroa osoko herritarrak gerrara deitzeaz gain, gerrarako dirua ere bildu zuen. Amaiur hartu ondoren, berak bete zuen gotorlekua suntsitzeko Karlos V.ak emandako agindua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.