Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena

Gaur bete dira 25 urte ETAk Miguel Angel Blanco hil zuela

Zauriturik topatu zuten aurreko egunean, eta ordu txikietan hil zen, erietxean. Askoren ahotan ibili da gaia azken egunotan, urteurrenaren harira, eta ika-mika iturri ere izan da.

Blanco zinegotzia Donostiako Ospitaleko larrialdietara iritsi berritan, 1997ko uztailaren 12an. ANDER GILLENEA / FOKU
2022ko uztailaren 11
15:43
Entzun

Gaur bete dira 25 urte Miguel Angel Blanco PPko Ermuko (Bizkaia) zinegotzia hil zela, aurreko egunean Lasarten (Gipuzkoa) zauriturik aurkitu ostean, buruan bi tiro zituela. ETAk bahitu zuen bi egun lehenago, 1997ko uztailaren 10ean, Eibarren. Blanco askatzeko, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara eramateko 48 orduko epea eman zuen ETAk. Espainiako Gobernuak uko egin zion baldintza betetzeari, eta, epea bete ostean, ETAko kideek tirokatu egin zuten.

Bi herritarrek Blanco topatu zuten, oraindik bizirik zegoela. Anbulantzia batean Donostiako erietxera eraman zuten, baina han hil zen.

<p>

Gertaera haren funtsean euskal presoen eta haien senideen aurka eraturiko sakabanaketa politika zegoen. 1990eko hamarkadako tentsio gune nagusietako bat izan zen espetxe politika.

Azken egunotan hainbat ekitaldi eta adierazpen egin dira Blancoren bahiketa eta hilketa gogoratzeko. Igandean, Espainiako estatu omenaldia egin zioten Ermuan, eta horretan, besteak beste Felipe VI.a Espainiako erregeak, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hitz egin zuten.

«Politikaren erabilera maltzurrak min egin zidan, atzo ere», esan zuen herenegun Mari Karmen Garmendia Eusko Jaurlaritzako eledun ohiak, Euskadi Irratian. Duela 25 urteko diskurtsoak «errepikatu» egin zirela esan zuen, eta horietako batzuk bizikidetzari onik ez dakarkiotela gaineratu zuen.

Aurreko astean Eusko Jaurlaritzako gaurko eledun Bingen Zupiriak Sorturi eskatu zion Blancoren hilketaren inguruko «gogoeta bat» egiteko. Alderdi hartako idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek erantzun zion, Urriaren 18ko Adierazpena gogora ekarrita: «Idatziz jarri genuen. Ikaragarri sentitzen genuela ETAren biktimek jasandako mina, geure egiten genuela min hori».

Ikusi gehiago: AHURRETAN SARTU EZINEZKO 48 ORDU

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.