KPI

Energiak eta elikagaiek %9,7raino igo dute inflazioa Hego Euskal Herrian

Ekaineko beroaldiak berriro garestitu du argindarra b Erregaiak inoizko prezio handiena izan du, eta deskontuen efektua indargabetu du bElikagaien garestitzea ez da eten

jarraia215889.jpg
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 13a
09:16
Entzun

Bigarrenez, KPI kontsumo prezioen indizea bi zifrara iristeko atarian geratu da Hego Euskal Herrian. Martxoan %9,6ra heldu zen, eta ekainean, berriz, %9,7ra. %10eko mugara ez iritsi arren, azken hiru hamarkadetako inflazio handiena dago egun, eta arazo handia da, batez ere maila ekonomiko apala duten herritarrentzat.

Lan itunen eguneratzean ere arazo iturri da prezioen halako garestitzea, eta horrek azaltzen du azken hilabeteetan lan gatazkak handitu izana. Patronalek argudiatu ohi dute soldata igoera handiek enpresak arriskuan jartzen dituztela; sindikatuentzat, berriz, lehentasuna da langileen erosahalmena defendatzea.

Espainian inflazioaren datu aurreratua %10,2ra iritsi izanak pentsarazten zuen ekainean Hego Euskal Herrian ere bi zifrako inflazioa izango zela, eta hori gertatu da Nafarroan (%10,2) eta Bizkaian (%10). Baina behetik izan da Araban (%9,8) eta, batez ere, Gipuzkoan (%8,9), eta horrek jaitsi du batez bestekoa. Lurralde horrek ere izan du prezio igoerarik apalena maiatzetik ekainera: %1,7koa. Hegoalde osokoa, berriz, %1,9koa izan da.

Erregaiak, %39,7

Erregaiak izan dira azken hilabetean KPIak izandako jauziaren arduradun nagusiak. Ekainean, batez beste 2,048 euroan ordaindu zen gasolio litroa Hego Euskal Herriko gasolindegietan, maiatzean baino 15,6 zentimo gehiago. Gasolina, berriz, 2,148raino igo zen, 20,4 zentimo gehiago. Prezio horiei kendu behar zaie Espainiako Gobernuak eta petrolio konpainiek ematen dituzten deskontuak, hogei eta 25 zentimorainokoak.

Uztailean pixka bat merkatzen ari dira erregaiak, atzeraldiaren beldur behera doalako petrolio upelaren prezioa.

Azken urtean %39,7 garestitu dira erregaiak Hego Euskal Herrian, eta antzeko kopuru bat beste gastu energetikoa, argindarrarena eta gasarena. INEk berokuntza, argiztapena eta ura atalean biltzen ditu kontsumo horiek, eta, bere datuen arabera, %36,1 garestitu dira azken hamabi hilabeteetan. Maiatzean pixka bat apaldu zen igoera hori (%32,9ra), baina argindarraren prezioak berriro gora egin du ekainean, egun batzuetan izandako bero zakarrak aire egokituaren kontsumoa handitu zuelako, eta, haize eskasiaren ondorioz, eolikoak ekoitzi ez zuena gas garestiaren bidez ekoitzi zutelako.

Argindarra

Igoera are handiagoa zatekeen baldin eta argindarra sortzeko gasari gehienezko prezio bat eman izan ez baliote —40 euro, orain—. Neurri hori ekainaren 15ean jarri zen indarrean, eta lehen egunetan ez zuen eragin handirik izan, beroaldiaren eraginez —gasa erretzen duten konpainiei konpentsatu egin behar zaielako eta gas asko erre zutelako hilabete horretan—.

Horrela, ekainean, 215 euroan ordaindu dute argindar megawatt-ordua tarifa arautua daudenek, kopuru handienetan hirugarren, abenduaren (239 euro) eta martxoaren (283 euro) ondoren. Efe agentziak bildutako datuen arabera, argindarra merkatzeko tresna izan ez balitz, 274 eurora iritsiko zatekeen megawatt-ordua, hau da, %15,6 garestiago.

Kontuan hartu behar da INEk merkatu arautuan dauden fakturak soilik hartzen dituela kontuan KPIa neurtzean, nahiz eta gaur egun familien %40 baino gutxiago diren tarifa horretan daudenak. Egoera zuzentzeko agindua du estatistika erakundeak, baina kexatu izan da argindar konpainiek ez dizkiotela datuak helarazten.

Elikagaiak, %12 garestiago

Ekaineko datuak erakusten du beste sektoreetara hedatzen ari dela energiak eragindako inflazioa. Enpresak garraio eta ekoizpen kostuen igoera beren produktu eta zerbitzuen prezioetara eramaten ari dira, eta hori elikagaietan ikusten da argien. INEk dioenez, azken urtean haien prezioa %12 igo da. Agustin Markaide Eroskiko buruak atzo aitortu zuenez, produktu merkeagoetara eta marka txurietara bideratzen ari da orain herritarren gastua.

Olioa da azken urtean prezio igoera handiena izan duen produktua (+%33), Ukraina da ekilore olioaren esportatzaile nagusia, eta haren esportazioak gutxitzeak eskasia eragin du une batzuetan, baina baita eskasi horri etekina atera nahi diotenen erabakiek ere.

Asko garestitu dira arrautzak (%29,5), fruta (%17,5), zerealak eta esnea (%17), patatak (%12,5), eta ogia ere bai (%10,1).
Haragien artean, behikiaren (%12,4) eta oilaskoaren prezioa igo da gehien (%11,7). Txerrikia duela urtebete baino %9,2 garestiago dago, eta ardikia, berriz, %4,9 garestiago.

Azpiko inflazioan ikusten da prezioen goititzea zabaltzen ari dela. Ekainean, %5,2ra heldu da azpiko inflazioa, hau da, atalik gorabeheratsuenak —elikagai freskoak eta energia— kontuan hartzen ez dituena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.