Sekretu Ofizialen Legea

Sanchezek iragarri du uztailean onartuko dutela Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko aurreproiektua

Legea «demokrazia garatuenetako» araudien pare egongo dela adierazi du, baina ez du eman haren inguruko xehetasunik.

Pedro Sanchez, Espainiako Kongresuan, gaur. CHEMA MOYA / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko uztailaren 13a
13:43
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek adierazi du hilabetea amaitu aurretik prest izango dutela Informazio Klasifikatuen Lege aurreproiektua: «Azken elaborazio fasean dago». Hura izango da gobernuaren proposamena 1968ko Sekretu Ofizialen Legea ordezkatzeko.

Sanchezen arabera, «egungo beharretara» egokituko du legea, eta «nazioarteko estandarretara» egokituko du, «demokrazia garatuenen» pare jartzeko: «Europako Batasunak, NATOk eta nazioarteko itunek adierazitako eskakizunak beteko ditu». Halere, presidenteak ez du eman gobernuaren proposamenaren inguruko xehetasun gehiago. Mugatu da esatera «sekretu ofizial deritzenen klasifikaziorako eta desklasifikaziorako sistema arautu eta bermedun bat» ezarriko duela, eta informazio horietara «sarbide judizial eta parlamentarioa» izateko prozesuak arautuko dituela.

Pegasus auziak eragindako harrabotsari erantzun bat eman nahian, Sanchezek maiatzean adierazi zuen Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren kontrol judiziala arautzeko legea erreformatzeko asmoa. EH Bilduk, ERCk eta JxCk eskatuta egindako ezohiko bilkura monografikoan izan zen. Orduan, gobernuburuak adierazi zuen funtsezkoa dela legedia «oinarri demokratiko eta konstituzionaletara eta nazioarteko estandarrik onenetara egokitzea».

Sekretu Ofizialen Legearen erreforma ez da berria Espainiako Gobernuaren agendan. Azken bi urteetan, haren plan normatiboaren parte izan da, eta hura gauzatzeko urratsak duela urtebete baino gehiago iragarri zituen lehen aldiz. Oraingoz, ordea, ez da pausorik eman.

Espainiako egoerari buruzko eztabaidan egin du iragarpena Sanchezek, EAJko eledun Aitor Estebani erantzunez. Izan ere, jeltzaleek aurkeztutako lege proposamena da oraingoz Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko mahai gainean dagoen bakarra; 2020an aurkeztu zuten bigarrenez —aurreko legealdia amaitzearekin hil zen lehena—, eta hari zuzenketak aurkezteko epea oraindik ere irekita dago. Besteak beste, sekretu gisa klasifikatutako dokumentuak 25 urtera desklasifikatzea proposatu dute. EAJko diputatu Mikel Legardak BERRIAri adierazi zionez, baina, arazoa beste bat da: frankismoaren, trantsizioaren, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen eta gerra zikinaren inguruko informazioa argitaratzea eragingo lukeela jeltzaleen proposamenak. Ikusteko dago nola helduko dion afera horri gobernuaren lege aurreproiektuak.

Ikusi gehiago:Estebanek Sanchezi exijitu dio urratsak egiteko Gernikako Estatutua betetzeko

Ikusi gehiago:Aizpuruak Sanchezi gogorarazi dio subiranisten beharra duela

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.