Gizarte Segurantza

Akordioa egin dute autonomoen kotizazio sistema berritzeko

Alde guztiek onetsi dute Espainiako Gobernuaren proposamena. Gizarte Segurantzari hilero egin beharreko kotizazioak 200 eta 590 euro artekoak izango dira.

Jose Luis Escriva, Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. JUANJO MARTíN/EFE
aitor biain
2022ko uztailaren 20a
11:28
Entzun

Azkenean, akordioa. Autonomoek diru sarreren arabera kotizatzeko Espainiako Gobernuaren proposamenak alde guztien onespena jaso du. Hilabeteetako negoziazioen ondoren, eta Europako Batzordeari agindutako epea gaindituta, autonomoen ordezkari nagusiek baiezkoa eman diote sistema berriari. Atzo egin zuten UPTA elkarteak (UGT) eta UATAE elkarteak (CCOO), eta gaur goizean adierazi du baiezkoa ATAk, CEOE Espainiako patronaleko kide den erakundeak. Kotizazioak 200 eta 590 euro artekoak izango dira 2025etik aurrera.

Gaur egun, langile autonomoek berek erabakitzen dute zenbat kotizatu nahi duten, eta hamarretik zortzik gutxienekoa pagatzen dute, 294 euro hilean. Baina, sistema berriarekin, irabazien arabera kotizatuko dute. Errendimendu garbiak hartuko dira oinarri gisa, hau da, diru sarreren eta kenkarien arteko aldea. Hala, asko fakturatzen dutenek gehiago kotizatuko dute, eta gutxi fakturatzen dutenek, berriz, gutxiago. Espainiako Gobernuak ziurtatu du sistema horrekin autonomo gehienek gutxiago pagatuko dutela.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroaren azken proposamenaren arabera, autonomoek hilero egin beharreko kotizazioak 200 eta 590 euro artekoak izango dira 2025etik aurrera, irabazien araberako hamabost tartetan banatuta. Sistema berria datorren urtean jarriko da martxan, hala ere. Aldaketa mailakatua izango da, eta hiru urteko epean egokituko da.

Urtarriletik aurrerako taula aurreko eskaintzan onartu bezala mantendu da. 670 euro baino gutxiagoko errendimendu garbia duten autonomoek 230 euroko kotizazioa izango dute hilean, eta 225 eurokoa 2024an. Gehien irabazten dutenei dagokienez, 500 euroko kotizazioa izango dute datorren urtean, eta 530 eurokoa 2024an. Sistema malgua izango da, hala ere, eta taularen arabera dagokien zenbatekotik gora kotizatzeko aukera izango dute, eta tarte batetik bestera bi hilabetean behin aldatu ahal izango dira.

Hogei eguneko atzerapena
Espainiako Gobernuak Bruselarekin adostu zuen ekainaren 30erako hitzartzea sistema berria, baina hogei egun berandu etorri da akordioa. Madrilek ekaina amaitu aurretik onartu zuen sistema egokitzeko dekretua, eta horri esker aldaketa epe barruan egin zuela argudiatu zuen, nahiz eta sistema berriak erabateko adostasuna ez izan. Izan ere, alde guztien onespena lortu nahi zuen Escrivak. Eta lortu du azkenean.

Tarte horretan dozenaka aldiz aldatu du kotizazioen zenbatekoa gobernuak. Azkenengo proposamenak, bada, ez du zerikusirik hasierako eskaintzarekin. Bi muturretan daude aldaketak, gainera: hasieran Escrivak proposatu baitzuen gutxien irabazten dutenek 184 euroko kotizazioa izatea, eta ia 1.267 eurokoa gehien fakturatzen dutenek.

Bide luzea egin du negoziazioak gaur arte. 2020rako ezarri nahi zuen sistema berria hasieran. Hala adostu zuten 2018an, eta 2019an erdibideko sistema bat ere ezarri zuten. Baina pandemiaren ondorioz eten egin ziren negoziazioak, eta iazko maiatzean berrekin zieten. Ukrainako gerrak ere eragin du atzerapen horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.