Energia

Bruselak proposatu du estatuek %15 murriztea gas kontsumoa

Beren borondatez murriztu dezaten nahi du Europako Batzordeak, Errusiak gasa erabat etengo duen arriskua dela eta, baina larrialdietan murrizketa horiek inposatzeko gaitasuna nahi du.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, gaur. STEPHANIE LECOCQ / EFE
xabier martin
2022ko uztailaren 20a
13:14
Entzun

Gasaren gerrarako ere prest dagoelako mezua igorri dio Europako Batzordeak Errusiari. Batasuneko kideei ere bidali die mezu bat Bruselak: Putinen gasarekiko mendekotasuna apaltzeko ahalegin handiak egin behar direla, eta, egoera muturrekoa balitz, borondatezko ahalegin horiek derrigorrezkoak bihurtzea nahi duela. Nahitaez aurreztu behar da gasa negurako, ez baitago fidatzerik Errusiako hornidurarekin.

Horiek horrela, %15erainoko murrizketa derrigor ezartzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Europako Batzordeak gaur, Gasaren Eskaria Murrizteko planaren barruan, betiere hornidura larrialdia balego. Bruselak nahi du Europako Batasuneko kideek %15erainoko murrizketa hori egin dezaten datorren urteko udaberrira arte, ez bada alertarik, beren borondatez.

Edonola ere, arautegia aldatzeaz mintzatu da Batzordea, Brusela bera gai izan dadin murrizketa horiek inposatzeko, Errusiak gas jarioa eteteko dagoen arriskua dela medio. Estatu kideekin hitz egin ondoren ezarriko lituzke gas eskariaren murrizketa horiek, dena den, eta ez da erraza aho batezko adostasuna lortzea erabaki horretan, baina orain zaila da horniduraren egoera zenbat okertuko den aurreikustea. Alerta egoera ezartzeko, desoreka handia egon beharko luke eskaintzaren eta eskariaren artean.

Ikusi gehiago:Nord Stream 2 gasbidea martxan jartzea proposatu du Putinek

«Errusia xantaia egiten ari zaigu, eta energia arma gisa erabiltzen ari da», azaldu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. «Etenak erabatekoak edo partzialak izanda ere, Europak prest egon behar du». Bruselak gasa aurrezteko planari jarri dion izena esanguratsua da: «Gasa aurreztu negu seguru baterako». Von der Leyenek Kremlini leporatu dio «presioa» abiarazi izana Ukrainako inbasioa gertatu baino hilabete batzuk lehenago Europarako hornidura murriztuta. Gaur egun Batasuna ohikoa zen kantitatearen herena baino gutxiago jasotzen ari dela esplikatu du Batzordeko presidenteak.

Bezero babestuak

Horiek horrela, abuztuaren 1etik datorren urteko martxoaren 31 arte, gasaren erabilera %15eraino apaldu beharko dute Europako Batasuneko kideek, eta horrek esan nahi du administrazio publikoek, familiek, industriak eta gas hornitzaileek neurriak hartu beharko dituztela gasa aurrezteko. Irailerako, energiari buruzko larrialdi planak egokitu beharko dituzte herrialdeek, %15eko murrizketa hori betetzeko. Ordutik aurrera, bi hilabetean behin Bruselari plan horien berri eman beharko diete estatuek. Horrez gain, gas hornidura solidarioa eskatzen duten herrialdeek frogatu beharko dute aurretik hartu dituztela behar diren neurriak gasaren kontsumoa %15 apaltzeko.

Ez alferrik, «zaurgarrienak» babesteko «elkartasuna» aipatu du Ursula von der Leyenek. «Denek» egin behar dute gasa aurrezteko ahalegina, haren hitzetan. Jakina da Alemanian eta inguruko beste herrialde batzuetan eragin handiagoa lukeela erabateko gas etenak, baina Bruselak nahi du kide guztiek ahalegin bera egitea. Ikusteko dago Espainian eta Portugalen nola hartzen diren asmo horiek, Errusiako gasaren mendekotasuna ez baita hain handia han. Datorren asteartean, hilaren 26an, Batasuneko Energia ministroek aparteko kontseilu bat egingo dute Bruselaren proposamenak aztertzeko eta onartu ala ez erabakitzeko.

Batzordeak garbi utzi du prest dagoela arautegia aldatu eta Europa osoan alerta ezartzeko gaitasuna eskuratzeko, eta, modu horretan, Batasuneko kide guztiak behartzeko, borondatezko murrizketak alde batera utzita. Betiere, estatu kideekin adostu beharko luke alerta egoera hori. «Ez badago aurrerakuntzarik edo egoerak okerrera egiten badu, Batzordeak alerta aktibatu ahal izango du edonoiz, %15eko gas aurreztea ezartzeko», adierazi du Energia komisario Kadri Simsonek. «Ez diegu esaten kideei zer neurri hartu behar dituzten, baina hainbat aukera dituzte».

Izan ere, Batzordeak irizpide batzuk proposatu ditu gasaren erabilera modu koordinatuan murrizteko estatu guztietan. Gasa ordezkatzeko beste energia iturri batzuk erabili behar direla helarazi du, eta erregai fosilak sartu ditu proposamenean. Horrekin batera, sektore guztietan egin beharko diren aurrezpen neurriak jaso ditu bere planean.

Ikatza ere, balekoa

Europako Batzordearen proposamenak garbi dio familientzako gas hornidura bermatu behar dela, baita erietxeena eta ekonomiarentzat kritikotzat jotzen diren industriena ere. Halaber, EBko lehiakortasunerako oinarrizkoa den eremuan ere gas hornidura bermatu dadin nahi du Bruselak; horregatik, gasa beste energia iturri batzuekin ordezka dadin nahi du: besteak beste, ikatzarekin. Isuri kutsagarrien gaineko kontrola asko arinduko luke Batzordeak, eta begi onez ikusiko luke estatuek ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko pizgarriak ematea. Egungo egoeran, trantsizio ekologikoak itxaron dezakeela esaten ari da Brusela, esan gabe. Negua iristerako estatu kideen gas erreserbak ahalik eta handienak izatea baitu helburu.

Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zion Alemaniari orain dela hamar egun, eta hura berriro irekiko ez den beldur dira Europan, nahiz eta Putinek zabaltzeko asmoa duela jakinarazi duen azken orduetan. Brusela ez da fio haren hitzarekin, eta eten handi baterako prestatzen ari da. Aurreikusitako mantentze lanak egin behar dira Nord Stream 1 gasbidean, eta ikusteko dago asteon bertan berriro zabalduko den ala ez..

Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zion Alemaniari orain hamar egun, eta hura berriro irekiko ez den beldur dira Europan, nahiz eta Putinek zabaltzeko asmoa duela jakinarazi duen azken orduetan. Brusela ez da fio haren hitzarekin, eta eten handi baterako prestatzen ari da. Aurreikusitako mantentze lanak egin behar dira Nord Stream 1 gasbidean, eta ikusteko dago asteon bertan berriro zabalduko den ala ez.

Izan ere, kontraesanez betetako joko batean murgilduta daude Europako Batasuna eta Errusia. EBk Errusia zigortu nahi du Ukraina inbaditzeagatik, eta badaki zigorrik handienetako bat dela haren gasa erosteari uztea. Baina hori egin ahal izateko, aurretik bere gas biltegiak ahal bezainbeste bete behar ditu, neguan etxeak berotzeko, fabrikek funtzionatzeko eta argindarra sortzeko nahikoa gas egon dadin. Eta, horretarako, ia derrigorrezkoa da Errusiako gasa, etorkizun ez oso urrun batean erosi nahi izango ez duen gasa.

Kontraesana du Moskuko gobernuak ere. Gerra ekonomiko bat deklaratu dioten herrialdeak gasez hornitzen ari da, haiei laguntzen berarekiko mendekotasuna behin betiko hausten. Baina, aldi berean, gas horrek ematen dizkion diru sarreren beharra dauka, bere kutxak betetzen dituen iturri nagusietako bat baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.