Energia krisia

Nord Stream 2 gasbidea martxan jartzea proposatu du Putinek

Errusiako zerealari ezarri zaizkion murrizketak kentzeko eskatu du Errusiako presidenteak, Ukrainakoak esportatu ahal izateko.

Nord Stream 2 gasbidea. JOXEAN APEZTEGIA
jon ordonez garmendia
2022ko uztailaren 20a
11:10
Entzun

Europako energia krisia bideratzeko, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Nord Stream 2 gasbidea martxan jartzea proposatu du bart, TASS albiste agentziaren arabera. Urtean 55 mila milioi metro kubiko gas isurtzen ditu gasbide horrek, baina, erdia Errusiako kontsumorako bideratu denez jada, beste erdia da Europara bideratzea proposatu du. Aitortu du, hala ere, gasbide hori erabiltzeak arazoak ekar ditzakeela. Iazko irailean amaitu zuten Errusia eta Alemania lotzen dituen gasbide hori, baina Alemaniak balioztatzea geratu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren.

Putinek jakinarazi du duela hilabete eta erdi Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrari esan ziola aukera hori bazegoela, baina erabaki bat hartu behar dela. «Gazpromek beti bete du bere hitza, eta bere egitekoak betetzen jarraituko du», adierazi du Putinek.

Hain zuzen, Gasaren Eskaria Murrizteko Planean %15erainoko gas murrizketa derrigor ezartzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Europako Batzordeak, gaur, betiere hornidura larrialdirik badago. Edonola ere, Bruselak nahi du Europako Batasuneko kideek %15erainoko murrizketa hori egin dezaten datorren urteko udaberrira arte, ez bada horniduran alertarik, beren borondatez.

Energia krisian da Europa. Gazpromek duela hilabete iragarri zuen Nord Stream 1 gasbidearen hornikuntza %40 murriztuko zuela, Siemensi egozten dizkioten zenbait konponketa lanen atzerapenaren ondorioz, eta uztailaren 11n itxi egin zuen. Errusiatik Alemaniara eramaten du gasa horrek ere, eta turbina bat lortzen ez badu horrek garraiatzen duen gasa erdira jaitsiko dela esan du. «Turbina hori iristen bada, bi turbinarekin funtzionatuko du; iristen ez bada, bakarrarekin, eta, ondorioz, egunean 30 milioi metro kubiko soilik eraman ahal izango ditu, ez 60 milioi».

Putinek, gainera, esan du Ukrainako zerealak esportatzeko erraztasunak ematearen aldekoa dela, betiere Errusiako zerealei ezarritako murrizketak kentzen badituzte. «Estatubatuarrek Errusiako ongarrien hornikuntzari ezarritako murrizketak kendu dituzte. Munduko elikagai merkatuen egoera hobetu nahi badute, espero dut gauza bera egitea Errusiako aleekin. Gu prest gaude. 30 milioi tona ale esportatu ditzakegu, eta, emaitzaren arabera, 50 milioi tonara irits gaitezke», esan du Putinek.

Putinek atzo Teheranen adierazi zuenez, aurrerapausoak eman dira Ukrainako zereala berriro Itsaso Beltzetik merkaturatzeko negoziazioetan. Hori azpimarratu zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearekin izandako bileran. Errusiako berri agentziek kaleratu zutenez, ohartarazi zuen, ordea, negoziazioekin loturiko auzi batzuk «konpontzeko» daudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.