Albistea entzun

Energia krisia

Errusiak berriz zabaldu du Nord Stream 1 gasbidearen iturria

Hamar egunez egon da geldirik, mantentze lanengatik. Edonola ere, Errusiatik Alemaniara bidal dezakeen gasaren %40 besterik ez da garraiatzen ari.

Gas konpresio gunea Mallnowen, Alemanian, Poloniako mugan.
Gas konpresio gunea Mallnowen, Alemanian, Poloniako mugan. Filip Siner / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2022ko uztailak 21

Arnasa hartu dute Alemaniak eta Europako Batasunak oro har, baina ez dakite noiz arte eutsi ahal izango dioten horrela. Alemaniara doan Nord Stream 1 gasbidearen giltza ireki du ostegun honetan Errusiako Gazprom konpainiak, uztailaren 11n itxi ondoren, konponketa lan batzuen atzerapena argudiatuta. Hitzartu moduan, 06:00 aldera hasi da berriz martxan. «Nord Stream AG enpresak arrakastaz bete ditu planifikatutako lanak, ezarritako epeen barruan», azaldu du operadoreak ohar labur batean. Edonola ere, Alemaniako agintariek azaldu dutenez, eraman dezakeen gasaren %40 besterik ez da garraiatzen ari oraingoz.

Gaurko epea zuten hitzartuta Gazpromek eta haren bezeroek, baina Berlin eta Brusela beldur ziren Errusiak ez ote zuen iturria erabat itxiko, Ukrainako gerragatik Moskuri jarritako zigorren erantzun moduan. «Errusiak xantaia egiten digu. Energia arma gisa erabiltzen du. Europak prest egon behar du, Errusiak hornikuntza eteten duenerako», ohartarazi zuen atzo Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, gasaren kontsumoa murrizteko planaren aurkezpenean.

Bruselak Errusiari ezar diezaiokeen zigorrik handienetako bat da haren gasa erosteari uztea. Baina hori egin ahal izateko, aurretik bere gas biltegiak ahal bezain beste bete behar ditu, argindarra ekoizteko eta herritarren eta fabriken beharrak bermatzeko. Errusiako gasarekiko mendekotasun gehien duten herrialdeak buru-belarri dabiltza hornitzaile berrien bila.

Ikusi gehiago: Gasa aurrezteko gomendioak

Oraingoz, EBko gas biltegiak %64an daude beteta, baina Bruselak negua baino lehen %80ra iristea eskatu die estatu kideei, eta, horretarako, %15 aurrezteko bideak ezartzeko. Egoera bereziki kezkagarria da Europa ekialdeko herrialdeentzat: adibidez, Austriak %49an ditu bere erreserbak, eta Hungariak % 46,4an. Alemaniakoak eta Italiakoak, berriz, % 65ean eta % 67,8an daude. Aldiz, Espainiakoak eta Frantziakoak % 74,6an eta % 71,6an. Espainia da, hain zuzen, Batzordearen proposamenarekin kritikoen agertu den herrialdeetako bat. Harekin batera, Portugal eta Grezia azaldu dira aurka. Datorren asteartean bilduko da Europar Kontseilua.

«Ezer baino hobea»

Ekainaren erdialdetik Errusiatik Alemaniara doan gasbidea bere gaitasunaren % 40an aritu da. Gazpromek ematen zuen justifikazioa zen Kanada blokeatzen ari zela Siemensek han egiten duen turbina baten motorraren bidalketa. Dena den, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ohartarazi du pieza horretaz gain beste batek ere huts egin duela eta konpondu egin behar dela. Uztailaren 26rako epea jarri dute lan horiek amaitzeko.

Gazpromek Alemaniako isuriaren giltza ireki eta berehala nabaritu zen horren eragina gasaren etorkizuneko prezioetan. Erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TTFn, eguneko lehen salmentak 149 euroan egin ziren, %8 merkeago. Duela urtebete 21 euro eskas ziren, eta duela hilabete, berriz, 85 euro. Orduz gero, haren prezioa bikoiztu egin da, neguan Europan gas eskasia egon daitekeen beldurraren ondorioz.

Alemaniako energia erregulatzailearen buruak Klaus Muellerrek onartu du Nord Streamek mozketaren aurretik bezala jardungo duela, %40an. «Ezer baino hobea da hori. Hori lor badezakegu, [gasa] biltegiratzen jarrai dezakegu». Dena den, aitortu du kopuru horrekin oso zaila izan zaiola Alemaniari inguruko herrialdeak beren biltegiak betetzen laguntzea, Europako Batzordeak proposatu duen moduan. Dena den, Bruselaren plana babestu du.

Alemaniarekin batera Italia ere ordaintzen ari da Errusiako gasarekiko mendekotasuna. Ekainean Gazpromek Eni Italiako hidrokarburo konpainiari bi heren murriztu dio isuria, egunean, 21 milioi metro kubiko bidaliz. Enik jakinarazi du gaur 36 milioi jasotzen hasi dela, baina ez du baztertzen datozen egunetan gorabeherak egotea.

Nord Stream 1etik ez ezik, beste bi gasbidek lotzen dute Errusia Europako hainbat herrialderekin. Bata Jamal gasbidea da, baina iturri hori itxita dago, Poloniak uko egin ziolako Errusiari gasa errublotan ordaintzeari. Ukraina zeharkatzen duen Soiuz gasbidetik, berriz, ohi baino gas gutxiago garraiatzen ari da Gazprom.

Beste aukera Nord Stream 2 gasbidea martxan jartzea litzateke, Putinek aste honetan proposatu duen moduan. AEBak beti egon dira proiektu horren aurka, besteak beste, inguruko bere aliatu nagusietako bat kanpoan uzten duelako: Polonia. Iazko irailean amaitu zuten Errusia eta Alemania itsasoz lotzen dituen gasbide, baina Alemaniak balioztatzea geratu zuen, Errusiak Ukraina inbaditu ondoren eta AEBek presio handia egin ondoren.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Pantailan erosoago

Pantailan erosoago

Iker Aranburu

Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.

Mark Zuckerberg, AEBetako Kongresuan egindako agerraldi birtual batean. ©MICHAEL REYNOLDS / EFE

Pantailan erosoago

Iker Aranburu

Facebookekin, harreman birtualen sarea sortu zuen, eta orain, metabertsoarekin, errealitate birtualean beste urrats bat egin nahi du. Lobbyetan asko gastatzen du, Facebooken edukien kontrolari aurre egiteko.

Sindikatuen elkarretaratzea Errenterian, lan heriotzak salatzeko. ©LAB

Errenteriako eta Elgoibarko lan heriotzak salatu dituzte sindikatuek

Julen Otaegi Leonet

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Errenterian bildu dira. Salatu dute lan heriotzek ez dutela «etenik».

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Radio Euskadin. ©Radio Euskadi

Energia aurrezteko industrian eta «sektore guztietan» lan egin behar dela dio Tapiak

Julen Otaegi Leonet

Energia berriztagarriak bultzatzeko beharra erakutsi du, «industria intentsiboari» beste irtenbide bat bilatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...