Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Energiaren krisia. Bruselaren proposamena

Bruselak gas murrizketak agintzeko ahalmena eskatu die estatu kideei

Europako Batasuneko herrialde guztietan %15eko aurrezpena proposatu du. Borondatezko aukera hori derrigorrezkoa litzateke, baldin eta Europa mailako alerta bat ezarriko balu estatu kideekin adostuta
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, atzoko agerraldian.
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, atzoko agerraldian. STEPHANIE LECOCQ / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2022ko uztailak 21

Gasaren gerrarako ere prest dagoelako mezua igorri dio Errusiari Europako Batzordeak. Batasuneko kideei ere bidali die mezu bat Bruselak: Vladimir Putinen gasarekiko mendekotasuna apaltzeko ahalegin handiak egin behar direla, eta, egoera muturrekoa balitz, borondatezko ahalegin horiek derrigorrezkoak bihurtzea nahi duela. Nahitaez aurreztu behar da gasa negura begira, Errusiako hornidurarekin ez dagoelako fidatzerik dagoeneko.

Horiek horrela, %15erainoko murrizketa derrigor ezartzeko gaitasuna edukitzea proposatu du Europako Batzordeak, Gasaren Eskariaren Murrizketa Planaren barruan, betiere hornidura larrialdia balego. Bruselak nahi du Europako Batasuneko kideek %15erainoko murrizketa hori beren borondatez egin dezaten datorren urteko udaberrira arte, ez bada alertarik.

Edonola ere, arautegia aldatzea mahairatu du Batzordeak, Brusela bera gai izan dadin murrizketa horiek inposatzeko, Errusiak gas jarioa eteteko dagoen arriskua dela medio. Dena den, estatu kideekin hitz egin ondoren ezarriko lituzke gas eskariaren murrizketa horiek, eta ez da erraza aho batez ados egotea erabaki horretan, baina zaila da orain aurreikustea horniduraren egoera zenbat okertuko den. Alerta egoera ezartzeko, desoreka handia egon beharko luke eskaintza eta eskariaren artean.

«Errusia xantaia egiten ari zaigu, eta energia arma gisa erabiltzen ari da», azaldu zuen Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo. «Etenak erabatekoak edo partzialak izanda ere, Europak prest egon behar du». Bruselak gasa aurrezteko planari jarri dion izena esanguratsua da: «Gasa aurreztu negu seguru baterako». Von der Leyenek leporatu zion Kremlini «presioa» abiarazi zuela Europarako hornidura murriztuta Ukrainako inbasioa gertatu baino hilabete batzuk lehenago. Batzordeko presidenteak esplikatu zuen egun ohikoa den kantitatearen herena baino gutxiago jasotzen ari dela Batasuna.

Bezero babestuak

Horiek horrela, abuztuaren 1etik datorren urteko martxoaren 31 arte, gasaren erabilera %15eraino apaldu beharko dute Batasuneko kideek, eta horrek esan nahi du administrazio publikoek, familiek, industriak eta gas hornitzaileek neurriak hartu beharko dituztela gasa aurrezteko. Irailerako, energiari buruzko larrialdi planak egokitu beharko dituzte herrialdeek, %15eko murrizketa hori betetzeko. Ordutik aurrera, bi hilabetean behin Bruselari plan horien berri eman beharko diete estatuek. Horrez gain, gas hornidura solidarioa eskatzen duten herrialdeek frogatu beharko dute aurretik hartu dituztela behar diren neurriak gasaren kontsumoa %15 apaltzeko.

Ez alferrik, «zaurgarrienak» babesteko «elkartasuna» mahairatu zuen Ursula von der Leyenek. «Denek» egin behar dute gasa aurrezteko ahalegina, haren hitzetan. Jakina da Alemanian eta inguruko beste herrialde batzuetan eragin handiagoa lukeela erabateko gas etenak, baina Bruselak nahi du kide guztiek egitea ahalegin bera. Ikusteko dago Espainian eta Portugalen nola hartzen diren asmo horiek, Errusiako gasaren mendekotasuna arinagoa baita han. Datorren asteartean, hilak 26, Batasuneko Energia ministroek aparteko kontseilu bat egingo dute Bruselaren proposamenak aztertzeko eta onartzeko ala ez.

Batzordeak garbi utzi du prest dagoela arautegia aldatu eta Europa mailako alerta ezartzeko gaitasuna eskuratzeko, modu horretan Batasuneko kide guztiak behartzeko, borondatezko murrizketak alde batera utzita. Betiere estatu kideekin adostu beharko luke alerta egoera hori. «Ez badago aurrerakuntzarik edo egoerak okerrera egiten badu, Batzordeak alerta aktibatu ahal izango du edonoiz, %15eko gas aurreztea ezartzeko», adierazi zuen Energia komisario Kadri Simsonek. «Ez diegu esaten kideei zer neurri hartu behar dituzten, baina hainbat aukera dituzte».

Batzordeak, izan ere, irizpide batzuk proposatu ditu gasaren erabilera modu koordinatuan murrizteko estatu guztietan. Gasa ordezkatzeko beste energia iturri batzuk erabili behar direla helarazi du, eta erregai fosilak sartu ditu proposamenean. Horrekin batera, sektore guztietan egin beharko diren aurrezpen neurriak jaso ditu bere planean.

Ikatza ere balekoa

Edonola ere, Europako Batzordearen proposamenak garbi dio familientzako gas hornidura bermatu behar dela, erietxeena eta ekonomiarentzat ezinbestekotzat jotzen diren industriena. Halaber, EBko lehiakortasunerako oinarrizkoa den eremuan ere gas hornidura bermatu dadin nahi du Bruselak; horregatik, gasa beste energia iturri batzuekin ordezka dadin nahi du, besteak beste ikatzarekin. Isuri kutsagarrien gaineko kontrola asko arinduko luke Batzordeak, eta begi onez ikusiko luke estatuek ikatzaren eta energia nuklearraren aldeko pizgarriak ematea. Brusela aditzera ematen ari da egungo egoeran trantsizio ekologikoak itxaron dezakeela. Negua iristerako estatu kideen gas erreserbak ahalik eta handienak izatea baitu helburu Bruselak.

Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi zion Alemaniari orain hamar egun, eta hura berriro irekiko ez den beldur dira Europan, nahiz eta azken orduetan Putinek jakinarazi duen zabaltzeko asmoa duela. Brusela ez da fio haren hitzarekin, eta eten handi baterako prestatzen ari da. Aurreikusitako mantentze lanak egin behar dira Nord Stream 1 gasbidean, eta ikusteko dago asteon bertan berriro zabalduko den ala ez.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Lan ikuskari bat lantegi batera eginiko bisitan. ©BERRIA

IKUSKARIAK, TANTAKA

Imanol Magro Eizmendi

Zenbait lan ikuskari berri iritsi dira Hego Euskal Herrira espedienteen azken lekualdatze kanpainan, baina oraindik hutsuneak daude betetzeko. Adituen ustez, bi dira arrazoiak: hautaproba gogorra eta baldintzak; batez ere, Nafarroan.
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Berriztagarrien burbuilak eztanda egingo du aurki»

Jokin Sagarzazu

Iberdrolaren bilakaeran oinarrituta, gaur egungo energia krisiaren gakoak aztertu ditu Oriol Mallok, eta ondorio batera iritsi da: trantsizio berdea «gutxi batzuentzat» da, eta ondorio ekonomiko larriak izango ditu.
Merkataritzako langileak greban, Donostiako San Martin merkatal zentroan. ©Maialen Andres / FOKU.

Merkataritzako langileek greba egin dute gaur Bizkaian eta Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Soldatak KPIaren arabera igotzeko eta igande eta jaiegunetan lanik ez izateko eskatu dute. Salatu dute sektoreko langile asko eta asko lanaldi partzialean ari direla.

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

Lan itunaren aurkakoek egoera irauli dute Mercedesen, eta argi irabazi

Aitor Biain

ELAk bederatzi ordezkari eskuratu ditu, aurretik baino bi gehiago, eta UGTri hiruren aldea ateratzen dio orain. LAB eta ESK sindikatuek ere ordezkari bana irabazi dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...