Albistea entzun

Euskal presoak

Bakegileek erdiz erdi «blokeatu» dute Ipar Euskal Herria

2.000 ekintzaile inguruk hartu dute parte goizean goizetik martxan izandako ekintzetan, eta nabarmen trabatu dituzte bideak euskal presoen alde. Polizia asko izan dira protestak eragozteko lanean, baina ekinbideak aurrera egin du etenik gabe. 26 lagun atxilotu dituzte. Arratsaldean, ehunka lagun elkartu dira Baionako suprefeturaren aitzinean. Hautetsien ordezkaritza batek «momentu historikoaz» ohartarazi dio prefetari.

Uxue Rey Gorraiz -

2022ko uztailak 23

Bakegileek zinez erdietsi dituzte gaurko zehaztuak zituzten asmoak. Ipar Euskal Herriaren «blokeoa» zuten helburu, euskal presoen eskubideen alde egiteko eta Frantziako Gobernuari Euskal Herriko gatazkaren auzian jokabidea aldatu dezan exijitzeko xedez. Deiari segika, 2.000 bakegile inguruk hartu dute parte ekintzetan: ezin konta ahala oztopo jarri dituzte bideetan, eta gelditzera behartu, hala, hainbat auto, kamioi ugari, zenbait hegazkin. Gainera, protesta eguna ez da iraungi: trabak ez dira bide bazterrera alboratu oraindik ere. Arratsaldez ere borrokan segitzea da asmoa.

Azken egunotan iragarria zutenez, 10:00etarako zehaztu zuten Bakegileek Iparraldeko hainbat herritan biltzeko hitzordua: Baionan, Bidarten, Ziburun... Ordea, blokeoak ez du ordura arte itxaron. Izan ere, Miarritzeko aireportuan abiatu dute ekintzaileek protesta eguna, 8:30ak aldean. Sei bakegile aireportuko pistara azaldu dira, handik ateratzekoak eta han lur hartzekoak ziren hegaldiak oztopatzea xede. Frantziako Polizia ziztuan agertu da bertara. Edonola ere, bi hegazkin desbideratu behar izan dituzte eta Poliziak atxilo hartu ditu ekintzaileak.

Ordutik aurrera, errenkadan ailegatu dira beste blokeoak. Errepideak, herrietarako sarbideak, zubiak... arrakastaz itxi dituzte bideak protesta bidez. Aipatzekoak dira, esaterako, Bokale eta Baiona artean trenbidea trabatzeko eginiko protesta, bai eta Baionako bi irteerak blokeaturik izan dituena ere. Horiez gain, protestak beste gune batzuetara ere zabaldu dira: zirkulazioa eten dute, esaterako, Pausu eta Hendaia artean, Ziburu eta Donibane Lohizune artean, Azkaineko sarreran, Donibane Garazin, Ezpeletan eta Maulen.

13:00 baino lehen, berriz, A63 autobidea blokatu dute ipar eta hego Baiona artean, Miarritzeko norabidean. Sei lagunek eten dute zirkulazioa, eta auto ilara luzeak eragin dituzte.

Poliziaren kontrola

Esperotakoa zen Frantziako Poliziak dispositibo bereziak ezarriko zituela Bakegileek deitutako protestak geldiarazteko. Bada, bete dira susmoak, eta polizia ugari izan da horietan guztietan. 26 atxilotu ekintzaile atxilotu dituzte; Miarritzeko aireportuko, trenbideko eta A63ko ekintzetan parte hartu dutenak, baina iluntzerako aske geratu dira denak. Espainiako Poliziak ere parte hartu du operatiboan.

Bakegileek 16:00etan amaitu dituzte ordurako indarrean zeuden hamabost blokatzeak, eta dei egin dute 17:30ean Baionako suprefetura aitzinera joatera, atxilotuak aska zitzatela eskatzeko. Ehunka lagun elkartu dira bertan, eta hautetsien ordezkaritza batek, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria buru, prefetarekin eta suprefetarekin bilkura bat egin dute. Filipe Aramendi Urruñako (Lapurdi) Auzapezak azaldu du Etxegaraik herritarren haserrea helarazi diela, eta «kezka handia»: «Erran diogu momentu historiko batean garela eta ez dela huts egin behar».

Baionako fiskaltzak jakinarazi du aireportuan atxilotutako seirak prokuradorearen aitzinera deituko dituztela. Autobidean atxilotutako 11 ekintzaileak, berriz, Baionako auzitegira deituak izanen dira 2023ko urtarrilerako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Iosu Alberdi

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.
Etxerat-ek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Iosu Alberdi

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Julen Aperribai

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.