Energia

Gas kontsumoa %15 txikitzea hitzartu du EBk, baina onartu du nekez beteko duela

Abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31 bitartean azken bost urteetako batezbestekoa baino %15 gutxiago kontsumituko duela esan dute, baina estatukide guztiak ez dira derrigortuta egongo murrizketa horiek egitera. Riberak uste du Espainiak %7 eta %8 artean murriztuko duela

Malta, Espainia, Polonia eta Italiako energia alorreko ministroak, gaur, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Iker Aranburu.
2022ko uztailaren 26a
13:36
Entzun

Ministroen bilera luze baten beharrik gabe hitzartu dute gasaren kontsumoa murrizteko plana. Europako Batzordearen hasierako proposamena urardoturik iritsi da Energia ministroen mahaira, eta bilera labur baten ondoren onartu egin dute, aurkako boto bakar batekin: Hungariarena.

Arau orokorra izango da estatukideek azken bost urteetako batezbestekoa baino %15 gas gutxiago erre beharko dutela abuztuaren 1etik 2023ko martxoaren 31 arte. Baina arau horrek salbuespen asko izan ditu, estatukide bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartzeko, eta horren ondorioz murrizketa %15era ez iristea posible dela onartu dute Europako Batzordeko iturriek: 45.000 milioi metro kubikoren aurrezkia 38.000 eta 43.000 milioi artean geratuko da, haien arabera.

Kopuru hori are gehiago jaitsi du Teresa Ribera Espainiako Trantsizio Energetikoko ministroak. Salbuespenen ondorioz 30.000 milioi metro kubikoren aurrezkia espero du, hau da, oraingo kontsumoaren %10.

Kopuru horiek borondatezkoak dira oraingoz, baina derrigorrezkoak bilakatuko dira baldin eta EB osoan energia alerta bat erabakiz gero, esaterako, Errusiak gasaren iturria erabat itxi duelako. Batzordeak edo bost estatuk eskatu beharko dute, baina gehiengoaren aldeko botoa beharko da indarrean jartzeko.

Espainia da, hain zuzen ere, %15eko helburua bete beharko ez duen estatu kideetako bat. Ribera izan zen Europako Batzordearen hasierako planaren aurka ozen mintzatu zen lehen ministroa. Hiru argudio eman zituen horretarako: Iberiar penintsulako sareak konexio txikia duela Europako beste herrialdeekin, GNL gas natural likidotua inportatzeko eta birgasifikatzeko sarerik zabalena duela —eta horregatik gutxi ekartzen duela Errusiatik—, eta energia berriztagarrien hedapenari esker, beste herrialde batzuek baino gas gutxiago erabiltzen duela.

Uharteek, zero

Irlanda, Zipre eta Malta uharteek, ez dute kontsumoa gutxitu beharko, konexiorik ez dutelako kontinenteko sareekin; ezta Baltikokoek ere, haien sarea Errusiara lotuta dagoelako.

Espainiaren kasuan, Riberak kalkulatu du %7 eta %8 artean murriztu beharko duela gas kontsumoa. Hori da, gutxi gorabehera, Errusiako gasak duen pisua. Iaz inportatutako gasaren %8,7 iritsi zen Errusiatik; aurten %8ra jaitsi da kuota hori, baina azken asteetan berriro gora egin du —%12 maiatzean—, biltegiak betetze aldera Errusiako hainbat gasontzi iritsi baitira Bilboko portura. Espainiaren hornitzaile nagusiak Aljeria (%42,8, iaz), AEBak (%42,8) eta Nigeria dira (%11,5).

Trukean, Riberak agindu du bere menpeko portuetako planta birgasifikatzaileetara itsasontziz iristen den GNL gas natural likidotua Europako beste herrialdeetan ere banatuko duela, eta biltegiratzea eskainiko diela. Euskal Herrian, Bilbon dago GNLa jasotzeko eta tratatzeko planta bat, eta biltegi bat ere badago, Gaviota ur azpiko putzua zena, Bizkaiko kostaldean.

Dagoeneko aldaketa bat gertatu da gasaren merkatuan: Euskal Herria zeharkatzen duten bi gasbideek (Euskadour eta Larrainekoa) beren ohiko fluxua aldatu dute Ukrainako gerra hasi zenetik, eta orain gas gehiago doa iparraldera hegoaldera baino. Zehazki, martxotik maiatzera 1.507 GWh gas sartu ditu Frantziako sareko banatzaileak Espainiakoan, eta 14.402 GWh kontrako bidean —2021 osoan baino gehiago—.

Alemaniaren kezka

EBko kideen arteko elkartasunaren onuradunen artean Alemania izango da, Errusia zuelako hornitzaile nagusia, eta zailtasun handiak dituelako mendekotasun hori gehiago gutxitzeko —%55ekoa zen, eta orain %30etik behera dago—. Robert Habeck Ekonomia ministroak ontzat jo du Bruselako akordioa, eta baikor azaldu da: «Agian %16ra edo %20ra iritsiko gara».

Kopuru horiek nekez lasaituko dute Alemaniako industria, asteak baitaramatza ohartzen gas eskasiak bere ekoizpen gaitasuna moteldu eta herrialdea —eta agian EB osoa— atzeraldi batera eraman ditzakeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.