Memoria historikoa

Nafarroako Memoria Gune sareak beste lau ibilbide osatu ditu

Iruñean 1936ko altxamendu militarrean atxilotze zentro gisa erabilitako eremuak eta errepresaliatuen fusilamendurako eta jazarpenerako erabilitako guneak sartu ditu Memoriaren Nafarroako Institutuak lau ibilbidetan. Euretako bik Ezkabako gotorlekua eta 1938ko ihesa dute ardatz.

Iruñeko zezen plaza. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2022ko uztailaren 28a
11:59
Entzun

Aurten Iruñeko zezen plazak ehun urte bete ditu, eta ospakizun batean oharkabean pasatu da toki hura presondegi inprobisatu gisa erabili zutela 1936an Emilio Mola jeneralaren agindupean altxatu ziren erreketeek, falangistek eta orotariko faxistek. Halaber, gerraren amaieran, kontzentrazio esparru gisa ere erabili zuten.

Ez da hain ezaguna ere handik gertu, Eskolapioen eraikinean paratu zutela egoitza erreketeek, eta bertan atxilotuak torturatu egin zituztela. Falangisten buruzagitzak, berriz, Salesianoen eraikina erabili zuen kuartel gisa, eta, Izquierda Republicana alderdiaren egoitza goitik behera ebatsi ostean —Gazteluko plazan baitzegoen—, bertan atxilotuak jipoitu egin zituzten, eta errizino olioa ere eman zieten. Edo, 1939an, frankistek kontzentrazio esparru gisa erabili zuten Donibane auzoko futbol zelai zaharra —1960ko hamarkada amaieran eraitsia—.

Orotara, Iruñean beste hainbat toki erabili ziren behin-behineko kartzela gisa, eta, horiekin, Memoria Gune sarea proiektuaren barruan, ibilbide bat osatu du Memoriaren Nafarroako Institutuak. Udazkenean, Aralar kalean atxilotze zentroen inguruko memoria gune bat inauguratuko da. Informazio hori guztia Oroibidea erakusketa birtualean oinarrituta dago, eta bertan ikus daiteke nolakoa izan zen gatibutasuna Iruñean, atxilotuen lekukotasunak irakurri edo zentro bakoitza zertarako erabili zen kontsultatu daiteke.

Ez da ibilbide bakarra. Memoria Gune sarearen barruan, iaz Pirinioak: muga eta memoria lehen ibilbidea egin zen, eta, orain, atxilotze zentroekin batera, beste hiru ibilbide gehiago diseinatu dira. Ibilbideetako batean, errepresaliatutako pertsonak non fusilatu zituzten jakin daiteke. Gaztelugibeleko harresiak dira erreferentziazko tokietako bat, baina beste hainbat mugarri kontsultatu daitezke.

Beste ardatz nagusia Ezkabako gotorlekua da. XIX. mende amaieraren eta XX. mende hasieraren artean eraikitako gotorlekua kartzela gisa erabili zuten frankistek 1945era arte, oso baldintza txarretan. Hala, Ezkabaren inguruetan barrena ibilbide bat egin da, eta bertan memoriarekin erlazionatutako hainbat mugarri daude. Webgunean arakatuz eta ingurunea esploratuz haiek bertatik bertara ezagut daitezke.

Ezkabatik Urepelaino, berriz, GR-225 bidean barrena, azken ibilbidea antolatu da, 1938ko ihesa erreferentzia gisa harturik. Bertan 27 mugarri atera dituzte.

Josemi Gaston Memoriaren Nafarroako Institutuko zuzendariaren arabera, lau ibilbide berrietan guztira 80 mugarri eta afixa berreskuratu dituzte. Dena den, etengabe eguneratu beharrean daudela gaineratu du. Kasu, asteon bertan Baternainen topatutako hobiak eta hamar fusilaturen gorpuzkiek erakusten dute hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.