indarkeria matxista

Justizia, Segurtasun eta Osasun sailak elkarlanean arituko dira ziztadei «berehala» erantzuteko

Eusko Jaurlaritzak jarduera protokolo koordinatu bat ondu du, egoerari erantzun «uniforme eta berehalakoa» emateko. Artolazabalek «lasai egoteko eta zuhur jokatzeko» deia egin du.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. NURIA GONZALEZ
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko abuztuaren 2a
15:50
Entzun

Azken egunotako ziztada kasu eta salaketen harira, Eusko Jaurlaritzak jarduera protokolo koordinatu bat ondu du, egoerari erantzun «uniforme eta berehalakoa» emateko. Horrela, ziztada kasuen aurrean, Justizia, Segurtasun eta Osasun sailak elkarlanean arituko dira, «arinago eta azkarrago» erantzuteko.

Protokoloa lantzeko, bilera profesionalak egin zituen atzo Jaurlaritzak epaileekin eta Osasun, Segurtasun eta Justiziako ordezkariekin, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen bitartez. Bileretan sail bakoitzak izango duen jarduera ildoa zehaztu zuten, halako kasuetan bakoitzak nola jokatu behar duen argitzeko.

Protokoloan azaltzen denez, ustezko ziztadarik bada, kasua salatzeko edo publiko egiteko hiru bide daude: 112 telefonora deituz, Poliziaren bitartez, edo ospitale edota osasun zentro baten bidez. Larrialdi zerbitzuetatik Poliziarengana bideratu beharko dute kasua, eta Segurtasun eta Osasun sailek «berehala» jarri beharko dute elkarrekin harremanetan: biktima lehenengo ospitalera badoa, bertatik Poliziari emango diote abisua, eta alderantziz.

Ospitaleak lesioen partea, argazkiak eta odol eta gernu laginak hartu beharko dizkio ziztatu dutenari. Behin horiek eginda, berriro bideratuko diote kasua Poliziari, eta hortik guardiako epaitegira eraman beharko dute kasua. Epaitegiak ikerketa prozesua jarriko du martxan, eta, delituren bat izan dela baieztatuz gero, auzitegiko medikuek egingo dituzte proba medikoen interpretazioak.

Protokoloan, era berean, zehazten da biktimak ez duela bakarrik geratu beharko, eta kontzientzia egoera aldatzen zaiola sentitzen badu osasun zentro batera jo beharko duela.

Ikusi gehiago:Ziztada kasuetarako gomendioak gehitu ditu Jaurlaritzak udako plan berezian

Gaur egun, Ertzaintza ziztadekin lotutako hamabi salaketa ari da ikertzen, eta, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azken egunotan baieztatu duenez, horietan ez dago jasota substantzia toxikorik sartu denik. Oraindik ziztadak egitearen xedea ari dira ikertzen, baina, oraingoz, baztertu egin dute sexu erasoak egiteko asmoa.

Artolazabalek «emakumeen aurkako indarkeria modu berri» gisa deskribatu zituen atzo erasook, eta gaitzetsi egin zituen: «Emakumeok aske izateko eta nahi dugun bezala dibertitzeko eskubidea dugu». Horrekin batera, jaiak, kaleak eta gaua emakumeenak ere badirela aldarrikatu zuen, eta ohartarazi egoera ezin dela izan «atzerakada» bat emakumeen askatasunean, «hori baita benetako mehatxua». Horiek horrela, «lasai egoteko eta zuhur jokatzeko» deia egin zuen, eta berdintasunaren alde «eragile aktibo» bihurtzeko eskatu zien herritar guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.