Indarkeria matxista

Ziztada kasuetarako gomendioak gehitu ditu Jaurlaritzak udako plan berezian

Beatriz Artolazabal Berdintasun sailburuak «irmo» gaitzetsi ditu erasoak. Ertzaintza hamabi salaketa ikertzen ari da, eta ez da droga arrastorik atzeman orain arteko analisietan

Eraso matxistak salatzeko elkarretaratzea egin zuten Villabonako Errebote plazan igande arratsaldean. LEYRE CARRASCO / TOLOSALDEKO HITZA.
joxerra senar
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

Jaietan ziztada kasuak ugaritu direla ikusita, Jaurlaritzak bere udako plana egokitu du. Duela aste batzuk, Emakundek prestatutako Beldur barik, eraso matxista eta sexistarik gabeko uda gida aurkeztu zuen. Orain eguneratu egin dute agiria, eta irizpideak eta gomendioak ematen dira sumisio kimikoko kasuetarako eta ziztada bat jaso dutela susmatzen dutenentzat. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Berdintasun sailburuaren esanetan, plana udalei, ostalariei, txosnetako arduradunei eta festetako eragileei bidali diete. Sailburuak «zuhur baina irmo» salatu zituen erasook: «Emakumeok eskubidea dugu libre izateko eta festak nahi dugun bezala bizitzeko».

Oraingoz, Ertzaintza dozena bat salaketa ikertzen ari da. Atzo, Josu Bujanda Ertzaintzaren buruzagiak EITBn baieztatu zuen ikertutako kasuetan, Osakidetzaren analisietan, ez dela azaldu droga arrastorik edo gai kimikorik. Bujandaren arabera, egileek ez dute asmorik azaleratu: «Asmorik ez bada ikusten, zaila izaten da jakitea sexu delitu baten edo beste mota bateko delitu baten aurrean gauden». Oraingoz, ez dute hipotesirik baztertzen, eta «arduratuta» daudela azpimarratu zuen. Ikertzen ez ezik, Bujandak zehaztu zuen prebentzio lanetan ere ari direla, ondorengo asteetako jaietarako.

«Espero dugu honek guztiak gure festetan ez eragitea errepikatzeko ahalegin bat», adierazi zuen Beatriz Artolazabalek. Nahiz eta orain arte aurkeztutako salaketetan drogen arrastorik ez agertu, ez zion garrantzirik kendu nahi izan auziari. «Egileak ikertzen ari dira, eta ikusiko dugu zein den emaitza, baina ematen du ez duela xede sexu askatasunaren aurkako edo beste mota bateko delituak egitea». Haren esanetan, «kalean gertatzen ari den guztia ez da inongo txantxa, eta ez du graziarik».

Sumisio kimikoa edo izua

Protokoloaren arabera, sumisio kimikoa indarkeria matxista mota bat da. «Aldez aurretik pentsatutakoa» izan daiteke, biktima «ezgaitzeko». Gainera, azaldu du substantzia bi modutara ematen ahal dela: «edari batean isurita» edo «ziztaden bidez gorputzeko parteren batean». Hala ere, dokumentuan argitu dute ziztada egon arren ez duela zertan sumisio kimikorik egon. Halakoetan, «beldurra» hedatzea lortzen da.

Protokoloak gehitzen duenez, emakumea sumisio kimikoaren biktima izan bada, honako sintomak izan ditzake: zorabioa, goitika edo goragalea, nahasketa eta ikusmen alterazioak. Horietako batzuek zerikusia dute alkoholaren eta drogen gehiegizko kontsumoaren sintomekin, baina, gidaren arabera, sumisio kimikoaren ondorioak «intentsitate handiagokoak» dira.

Protokoloak dioenez, ziztada nabaritu edota arestiko sintomak sentituz gero, lagunei berehala jakinaraztea eta 112 larrialdi zerbitzuetara deitzea gomendatzen da. Gaineratzen duenez, garrantzitsua da bakarrik ez geratzea barruko sentsazio hori horrela joango ote den esperoan. Lagunei, halaber, eskatzen die kontakizunari «garrantzirik ez kentzeko», bakarrik ez uzteko, eta, kideak bere kabuz ezingo balu, 112ra deitzeko. Aholkatzen dute jaietako antolatzaileei edo indarkeria matxistaren aurkako informazio guneetako ordezkariei gertatu denaren berri emateko, horiek, era berean, protokoloa aktibatu eta larrialdietara eta Ertzaintzara dei dezaten. Gainera, sumisio kimikoaren ondorioz erasoak jasan dituztela uste duten emakumeei ospitalera joatea gomendatzen zaie, eta Ertzaintzan salaketa jartzea.

Larunbatean, Algortako jaietan (Bizkaia) hiru emakumek «zorabioak» nabaritu zituzten ziztada jaso ostean, mugimendu feministaren arabera. Gainera, Zarautzen (Gipuzkoa) bi neska adingabek salaketa aurkeztu zuten arrazoi beragatik. Igande gauean, Azpeitian, (Gipuzkoa) bi emakume artatu zituzten osasun etxean ziztada jaso ostean. Udalak baieztatu zuen emakumeak onik daudela eta beste hiruzpalau kasuren inguruko informazioa biltzen ari dela. Udalak gogor salatu ditu gertaera horiek.

Baionako bestetan ere izan da ziztaden itzala. Asteazkenetik igandera 122 pertsonak jo zuten sokorri zerbitzuengana ziztatuak izan zirelakoan, Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi duenez. Horietako hamabosti odol analisiak egin dizkiete, baina ez dute horiei buruzko informazio gehigarririk eman. Gaur-gaurkoz, ez da salaketarik jarri.

Ikusi gehiago:Ziztatua izan den emakume baten testigantza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.