Peru

Peruko lehen ministroak dimisioa eman du, «arrazoi pertsonalengatik»

Gobernuburuaren erabakia ez da behin betikoa; Castillok badu atzera botatzeko eskumena

Pedro Castillo Peruko presidentea, eta Anibal Torres lehen ministro ohia artxiboko irudi batean. STINGER/EFE
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko abuztuaren 4a
16:54
Entzun

Beste kolpe bat hartu du Pedro Castillo Peruko presidenteak: duela urte bat baino gehiago hartu zuen kargua, eta, geroztik, lau aldiz aldatu behar izan du gobernuburua. Atzo Anibal Torres lehen ministroak dimisioa eman ondotik, bosgarrenez izendatu beharko du presidenteak lehen ministroa. Hori, Torres erabakia aldatzera behartzen ez badu. Izan ere, presidenteak ahalmena du lehen ministroaren dimisioa atzera botatzeko. Horren inguruan, ordea, oraindik ez du adierazpenik egin Castillok.

Ohar baten bitartez jakinarazi zuen Torresek hartutako erabakia: «Arrazoi pertsonalengatik, herrialdeko presidentearen esku utziko dut kargua». Castillori eskertu egin zion beregan jarritako «konfiantza», Justiziako lehen ministro izendatu zuenean lehenik, eta lehen ministroaren kargua hartu zuenean ostera. Bukatzeko, etorkizunerako «hoberena» opa zion presidenteari. Torres unibertsitateko irakasle izatera itzuliko da, hori baitzen haren lanbidea politikara sartu aurretik.

Torresen ibilbide politikoa iragan urtean hasi zen, Castillok hauteskundeak irabazi ondotik. Castilloren lege aholkulari ere izan zen hura presidente izan aurretik. Ostera, Guido Bellido, Mirtha Vasquez, eta Hector Valer lehen ministroen dimisioek bultzatuta iritsi zen kargura, iragan otsailean.

Litekeena da Castillok gobernu berriari bide eman behar izatea, eta, horretan, Diputatuen Ganberaren onespena behar du. Hain justu, lehen ministroa izendatzeko, presidenteak parlamentarien erdien baino gehiagoren babesa behar du. Herrialdeko lehen ministroa berresteko azken bozketan, Torresek aldeko 64 boto lortu zituen, eta aurkako 58.

Ez da erraza izango Castillorentzat parlamentarien botoak eskuratzea lehen ministroa izendatzeko. Are gehiago kontuan hartuta Peru Libre alderditik kanporatu zutela presidentea iragan hilabetean, eta, beraz, ez duela hasiera batean haien babesa Diputatuen Ganberan. Castillok alderdi horrekin lortu zuen Peruko presidente izatea. Hala eta guztiz ere, presidenteak bi zentsura moziori aurre egin behar izan die, eta, bietan, Kongresuko behe ganberan ez dute nahi adina boto eskuratu presidentea kargutik kentzeko; hain justu, 87 aldeko boto behar zituzten, parlamentarien bi heren.

Lehen zentsura mozioa Herri Berrikuntza, Herri Indarra, eta Herria Aurrera alderdiek bultzatu zuten, iragan abenduan. Castillori egotzi zioten «ezgaitasun moral iraunkorra» zuela, baina alderdiek ez zuten nahi adina babes lortu: mozioak aldeko 46 boto, aurkako 76, eta 4 abstentzio izan zituen. Bigarrenean, alderdien arteko lehia estuagoa izan zen, baina ez zuten mozioa aurrera ateratzea lortu. Iragan abenduan izan zen, eta Herri Berrikuntzak bultzatu zuen mozioa. Ustelkeria kasuak egozten zizkioten presidenteari, baita estatuburu izateko ustezko gaitasun falta ere. Diputatuen Ganberan egin zen bozketan, aldeko 55 boto, aurkako 54, eta 19 abstentzio izan zituen mozioak.

Castillok, inoizko onespenik txikiena

Ipsos Peruk joan den hilabetean kaleratutako inkesta baten arabera, Castillok presidente kargua hartu zuenetik inoizko onespen txikiena du. Zehazki, herritarren %76 ez datoz bat presidentearekin. Herritarrak ez dira bakarrak Castilloren kudeaketarekin ados ez daudenak: parlamentarien %79 ere iritzi berekoak dira.

Horrez gain, fiskaltzak bost ikerketa irekita dauzka Castilloren aurka; horietatik lau ustelkeria kasuengatik dira. Hain justu, gaur egin behar dio galdeketa fiskaltzak Castillori, indar armatuetako hainbat lagunen igoera «irregularren» inguruan. Izan ere, iragan hilabetean, fiskaltzak Castillori leporatu zion «egitura kriminal baten buru» izatea, herrialdeko Polizian eta armadan bere lagunak gorengo postuetara igotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.