AEB-ak

Trumpek uko egin dio New Yorkeko fiskal nagusiaren galderei erantzuteari

Ikertzen ari dira estatuburu ohiaren higiezinen enpresak bere jabetzen balioak faltsutu ote zituen. Ikerketak ez du murriztu Alderdi Errepublikanoaren babesa, alderantziz baizik: Trumpek babestutako hautagaiak nagusitu dira zenbait estatutan egindako primarioetan.

AEBetako estatuburu ohiaren jarraitzaileek haren aldeko kartelak jarri zituzten atzo New Yorken, Trump Dorrearen aurrean. JUSTIN LANE, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 10a
13:31
Entzun

Hainbat ikerketa ditu abian Donald Trump buruzagi errepublikanoak, eta azken egunotan justizia urrats ugari egiten ari da ikerketa horietan. Gaur estatuburu ohiak zabaldu duenez, zinpean deklaratzekoa zen New Yorkeko ikerketa dela eta. Ikertzen ari dira Trumpen familiaren higiezinen enpresak bere jabetzen balioak faltsutu ote zituen mailegu mesedegarriak lortu eta zerga gutxiago ordaintzeko.

Trump gaur bildu da ikerketa daraman New Yorkeko fiskal nagusiarekin, Letitia Jamesekin. «New Yorken nago gaur [atzo] gauean. Bihar [gaur] bilduko naiz New Yorkeko fiskal nagusi arrazistarekin AEBetako inoizko sorgin ehiza handienarekin jarraitzeko», txiokatu zuen atzo buruzagi errepublikanoak. Maiatzean Trumpen abokatuek salatu zuten «arrazoi politikoek bultzatutako auzia» zela New Yorkekoa, eta eskatu bertan behera uzteko. Auzitegiek, ordea, atzera bota zuten eskaria. Azkenean, ordea, estatuburu ohiak uko egin dio fiskal nagusiaren galderei erantzuteari. «Nire abokatuaren aholkuz eta beste arrazoi batzuk direla medio, ez diet erantzun AEBetako Konstituzioak herritarrei aitortzen dizkien eskubide eta abantailen inguruko galderei», idatzi du Trumpek Twitter sare sozialean.

Bestalde, FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federalak ez du agerraldirik egin, ez eta Justizia Departamentuak ere. Oraindik ez dago argi zeren bila joan ziren atzo segurtasun indarrak AEBetako presidente ohi Donald Trumpek Mar-a-Lagon (Florida) duen etxera, nahiz eta hainbat iturrik zabaldu duten dokumentuz beteriko hainbat kaxa atera zituztela eraikinetik. Ikerketa bera isilpean egin dute orain arte, eta badirudi hala jarraituko duela oraingoz; izan ere, Justizia Departamentuak ez du iragarri buruzagi errepublikanoaren aurkako neurririk.

Polizia federala ikertzen ari da ea presidente ohiak dokumentu klasifikatuak eraman ote zituen bere etxera Etxe Zuria utzi zuenean. Izan ere, Presidentetzaren Erregistroen 1978ko Legearen arabera, gorde egin behar dira AEBetako presidente baten gutunak, oharrak, mezu elektronikoak, faxak eta beste hainbat komunikazio, eta, ikerketatik gertuko iturrien arabera, Trumpen etxetik ateratako dokumentuen artean klasifikatutakoak zeuden. Hala, delitu federal bat egin duela frogatuko balitz, hiru urte arteko kartzela zigorra edota inhabilitazioa jaso ditzake.

FBIk Mar-a-Lagoko etxea miatzeko baimena jaso izanak frogatzen du badela delitua egin den zantzurik, eta horren frogak lirateke etxean topatutako dokumentuak, legearen arabera AEBetako Artxibo Nazionalen eta Dokumentuen Administrazioaren esku egon beharko luketenak. Hori hala balitz, Polizia Federalak bidea zabalik izango luke bestelako ikerketa bat zabaltzeko, argudiatuta dokumentu klasifikatuak horretarako baimenduak ez dauden pertsonen eskuetatik igaroak izan daitezkeela.

«Antolatutako kanpaina bat»

Sare sozialetan zabaldutako mezuetan bere aurka «antolatutako kanpaina bat» salatu du buruzagi errepublikanoak, eta berdin egin dute haren gertukoek ere. Trumpen eledun Taylor Budowichen esanetan, FBIren operazioa, «inoiz gertatu gabea» izateaz gain, «zentzugabea» ere bada: «Botereari eusteko demokraten ahalegin etsiek batu eta handitu egin dute mugimendu kontserbadorea».

Budowichi ez zaio arrazoirik falta. Azaroan egingo dituzte agintaldi erdiko hauteskundeak AEBetan, eta horietarako hautagaiak aukeratzen ari dira egunotan alderdiak. Errepublikanoetan, primarioak egin zituzten atzo Wisconsinen eta Connecticuten, eta bietan Trumpek babestutako hautagaiak gailendu dira.

Wisconsinen, Tim Michelsek garaitu egin du Rebecca Kleefisch gobernadore izandakoa —Mike Pence presidenteorde ohiaren babesa zuen horrek, besteak beste—. Eraikuntza alorrean aritzen den enpresari bat da Michels, eta oraindik 2020ko bozetan iruzurra izan zela diotenetako bat. Buruzagi errepublikanoak milioika dolarrekin lagundu du Michelsen kanpaina, zeinak, beste hainbat ideiaren artean, abortuaren erabateko debekua defendatu duen. Egungo gobernadore demokrata, Tony Evers, izango du aurrez aurre Michelsek.

Gauza bera gertatu da Connecticuten ere: Pencek eta buruzagi errepublikano moderatuagoek sostengatutako hautagaiak, Themis Klaridesek, galdu egin du. Han, Leora Levy izan da garaile: Trumpen gertukoa hori ere.

Gaur jakinarazi dituzte Washingtonen joan den astean egindako primarioen emaitzak, eta Joe Kent izan da garaile. Jaime Herrera Beutler zuen aurkari. Ordezkarien Ganberako kidea da Beutler, eta Kapitolioaren aurkako erasoaren ostean Trumpen aurkako epaiketa politikoa egitearen alde bozkatu zuen, beste hamar kiderekin batera. Trumpek berak komunikatu batean zoriondu zuen Kent, eta «demokraten esanetara» jarri izana egotzi zion Beutlerri.

Orduan oraindik estatuburu zena auzipetzearen alde bozkatu zuten hamar ordezkari errepublikanoetatik soilik bik jaso dute nahikoa babes agintaldi erdiko bozetara aurkeztu ahal izateko. Gobernadore izateko lehiari dagokionez, berriz, sei estatutan atera dira garaile estatuburu ohiak babestutako hautagaiak: Wisconsinen, Connecticuten, Arizonan, Michiganen, Georgian eta Pennsylvanian. Connecticut ez beste estatu guztiek Trumpen alde egin zuten 2016ko bozetan, baina Joe Biden hautagai demokrataren alde lau urte geroago. Adituek aurreikusi dute estatu horiek erabakigarriak izango direla beste behin 2024an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.