Suteak

Ireki dute Biriatuko muga ibilgailu mota guztientzat

Gauean zehar muga igaro ahal izan dute, baina 07:00etatik aurrera berriz itxi diete, Gironda departamenduan piztutako suteagatik. 7.400 hektareatik gora kiskali ditu suak han, eta 10.000 pertsona ebakuatu behar izan dituzte.

Jone Arruabarrena - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko abuztuaren 11
08:24
Entzun

7.400 hektareatik gora kiskali ditu dagoeneko atzo Gironda departamenduan (Akitania Berria) piztutako suteak. Larria da egoera. 10.000 lagun inguru ebakuatu behar izan dituzte, eta 1.100 suhiltzaile ari dira sua itzaltzeko lanetan, eta Europako herrialde askotatik ere igorri dituzte suhiltzaileak, laguntzera: Alemaniatik, Errumaniatik, Poloniatik, Austriatik... Azkar zabaldu da sua azken orduetan, eta Landetara ere iritsi da ostegun goizerako.

Sutea dela eta, gaur ere A-8 eta A-63 autobideen arteko pasabidea itxi dute kamioientzat Gipuzkoa eta Lapurdi artean, Biriatun. Atzo gaueko 21:30ean ireki zieten pasabidea ibilgailu astunei, baina ostegun goizeko 07:00etan itxi egin diete berriz, eta bost kilometroko ilarak sortu dira bi orduren bueltan Baionarako noranzkoan. Oiartzunerantz (Gipuzkoa) eta Dantxarinerantz (Nafarroa) bideratu dituzte kamioiak. Hala ere, 12:15 inguruan berriro ere ireki dituzte bideak.

Mugarako bidean, hainbat kilometrotara jarri dituzte ilarak daudela iragartzen duten kartelak. Mozketaren ondorioz, zenbait kamioilari muga igaro ezinik geratu dira atzotik. Horietako bat da Jose Santarel. «Frantziara noa, eta atzotik nago hemen geldirik», dio, gasolindegi baten ondoan geratuta atseden hartzen duen bitartean. Gasolindegietan pilatu dira pasatzea lortu ez duten kamioi asko.

Goizean jakinarazi diote Santareli bidea berriro ere zabaldu dutela, eta 06:30ean mugarako bidea hartu du. Ordu eta erdi eman du bidean, ilara luzeen ondorioz: «Fronteraraino joan naiz, baina iritsi naizenean esan didate berriro itxi dutela, eta buelta eman behar izan dut berriro ere». Ardoa darama kamioiaren atzealdean, eta atzerapenak arazoak ekarriko dizkio: «Astelehenean jai da Frantzian ere, eta ez dakit noiz deskargatu ahal izango dudan ardoa».

Jose Maria Garciak, berriz, autoak eraman ohi ditu kamioiaren atzealdean. Bera, ordea, Frantziatik Bilbora zetorren, eta muga pasatzeko ez du arazorik izan: «Hori bai, ohi baino denbora gehiago eman dut, ilarak baitzeuden. Kamioi asko pilatu dira buelta emanarazi dietenean».

A-63 errepidea, gainera, erabat itxita dago 9. irteeratik aurrera (Saint Geours de Maremnen), era guztietako ibilgailuentzat. Paueraino A-64 errepidea hartzeko aholkatu dute, eta ondoren A-65 hartzeko, Bordelera. Girondako Suprefeturaren esanetan, suteen kea A-63 errepidera sartu da, eta ikusteko arazoak sortzen ari da; horregatik da beharrezkoa errepide hori ixtea.

Ertzaintzak laguntza eskatu die Foruzaingoari eta Guardia Zibilari, kamioien trafikoa erregulatzeko. Nafarroan, N-121-A eta A-15 errepideetatik Gipuzkoa aldera doazen kamioiak atxikitzeko eskatu diete, denak ez daitezen Biriatu aldean pilatu.

Atzo arratsean, bestalde, Baionako, Angeluko eta Miarritzeko herritarren artean kezka zabaldu zen ke usainagatik, eta suhiltzaileek dozenaka dei jaso zituzten. Angeluko Herriko Etxeak «lasaitzeko» eskatu zien herritarrei, ke usaina Landetako suteek eragina zela. Halaber, esan zieten suhiltzaileei ez deitzeko, telefono linea ez betetze aldera. Angeluko bi oihan handiak itxi dituzte su arriskuagatik: Piñada eta Lazaret.

Sute arriskuagatik, Larhun mendia ere itxita dago, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko prefetaren aginduz. Gaurtik hasi eta ostiral arratsera arte, debekatua izanen da han ibiltzea. Azaldu du tenperatura beroengatik eta idortearengatik suteak izateko arriskua handia dela, eta, beraz, prebentzio neurri bat dela. Izan ere, idorteengatik, ura baliatzeko murrizketak ezarri dituzte Ipar Euskal Herrian; besteak beste, Larhun inguruko herrietan.

Horrez gain, Euskal Hirigune Elkargoak erabaki du gaur arratsaldean hondakindegiak ixtea beroarengatik eta sute arriskuagatik.

Europako suteak

Girondan bertan sute handi bat izan zen uztailean, Landirasen, eta, joan den asteartean, beste batzuk piztu ziren. Asteazkenean indarra hartu zuten, eta gaur, ostegun iluntzean, jakinarazi dute bi egunotan 7.400 hektarea inguru kiskali dituela suak; hiru foku nagusi daude, eta 40 kilometro inguruko eremu bat hartu dute su garrek.

Elisabeth Borne Frantziako lehen ministroa eta Gerald Darmanin Barne ministroa herri horretan izan dira eguerdian, eta iragarri dute Frantziako suhiltzaileek Europako beste herrialde batzuen sostengua jasoko dutela. Greziak eta Suediak, kasurako, sua baretzeko ura jaurtitzen duten bina hegazkin igorriko dituzte. Gainera, Alemaniak, Errumaniak, Poloniak eta Austriak dozenaka suhiltzaile igorri dituzte Girondara, laguntzera. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak «Europako Batasunaren elkarlana» txalotu du sare sozialetan.

Sutea nola piztu den, hipotesi guztiak mahaiaren gainean daude. Horrelako kasu askotan gertatzen den bezala, oraingo hau ere norbaitek nahita piztu ote duen ikertzen ari dira. Baina, era berean, beste aukera bat ere aztertzen ari dira: uztaileko sute handiak ez ote ziren erabat amatatu, eta txingarrak turbaren azpian ezkutatuta gelditu ote ziren. Uztaileko sutean, 10.000 hektarea baino gehiago erre ziren Landirasen bertan.

Maine eta Loira eskualdean, beste sute batzuek 1.500 hektarea erre dituzte; batez ere basoa kiskali dute. Sute txikiago batzuk ere indarrean dira Frantzian, Isere eskualdean esaterako.

Portugalen, 10.000 hektarea

Girondakoa bezainbestekoa edo handiagoa da Portugalen piztuta dagoen beste sute bat, Serra da Estrela parke naturalean: 10.000 hektarea erre ditu suak han. Larunbatean sortu zen, eta sei egun daramatza piztuta, zabaltzen. 1.500 suhiltzaile ari dira su garrak mendean hartu nahian, Covilha, Manteigas, Gouveia eta Guarda herrien inguruan. Suaren aurka ari ziren 11 pertsona zauritu dira; ez daude larri.

Suak bioaniztasunari egingo dion kalteaz kezkatuta daude, munduan bakarrak diren hamabost bat espezie bizi direlako bertan —flora zein fauna elkartuta—. Ez dute uste espezie horien iraupena arriskuan dagoenik, baina bai suak kalte egingo diela.

Urtea hasi zenetik uztailaren 31ra, 58.000 hektarea kiskali ditu suak Portugalen. Asko da, azkeneko hamar urteetan urtero batez beste kiskali den baino askoz gehiago: %59 gehiago, zehazki. Eta Serra da Estrelako suteak 10.000 hektarea erre gehiago erantsiko dizkio kontu horri.

Galizian ere piztuta daude hainbat foku. Guztira 2.000 hektarea inguru kiskali dituzte suteek han. Eta Espainian ere indarrean dira sute batzuk, Caceresen, Cuencak eta Leonen handienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.