AEB-ak

Arma nuklearrei buruzko dokumentuen bila sartu zen FBI Trumpen etxera

Miaketa agindua publiko egiteko eskatu du AEBetan fiskal nagusiak. Errepublikanoek iragarri dute auziaren inguruko ikerketa bat eskatuko dutela.

AEBetako fiskal nagusi Merrick Garland, atzo, Etxe Zurian egindako agerraldia. JIM LO SCALZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko abuztuaren 12a
11:38
Entzun

Ez da oraindik baretu AEBetako presidente ohiaren etxeko miaketak eragindako zurrunbilo politikoa. The Washington Post egunkariak zabaldu duenez, arma nuklearrekin lotutako dokumentuen bila joan zen FBI Ikerketa Bulego Federala Donald Trumpen Mar-a-Lagoko etxera. Ez dago argi, ordea, bilatzen ari ziren hori aurkitu ote zuten.

AEBetako fiskal nagusi Merrick Garlandek eman zuen miaketarako beharrezko agindua. Fiskala ikertzen ari da presidente ohiak dokumentu klasifikatuak eraman ote zituen bere etxera Etxe Zuria utzi zuenean. Izan ere, AEBetako legediaren arabera, gorde egin behar dira AEBetako presidente baten gutunak, oharrak, mezu elektronikoak, faxak eta beste hainbat komunikazio. Baina urte hasieran, AEBetako Artxibo Nazionalen eta Dokumentuen Administrazioak hamabost dokumentu kutxa berreskuratu zituen presidente ohiaren etxetik, Trumpek berak aitortu zuenez.

Buruzagi errepublikanoak, hala ere, bere aurkako «sorgin ehiza» salatu du, argudiatuz 2024ko presidentetzara aurkeztea eragozteko «kanpaina bat» egiten ari dela Alderdi Demokrata. Errepublikano askok bat egin dute haren salaketarekin, eta iragarri dute auziaren inguruko ikerketa bat eskatuko dutela, agintaldi erdiko bozetan Ordezkarien Ganberako gehiengoa berreskuratzen badute.

Bien bitartean, kritikak isilarazte aldera, miaketa agindua publiko egiteko eskatu dio Garlandek Justizia Departamenduari. Berdin egin du Trumpek berak. Estatuburu ohiak badu aginduaren ale bat bere esku, baina orain artean ez du publiko egin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.