Albistea entzun

Artea

Urbelan, Altuna y Uria eta Campezo enpresek handituko dute Arte Ederren eraikina

41,1 milioi euroko kostua izango du obrak guztira —hasiera-hasierako proiektuan espero zutena baino ia hemeretzi milioi euro gehiago—, eta 2024ko abuztuan bukatu beharko lukete.

Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean.
Norman Foster, 2019ko abenduan, proiektua jendaurrean aurkeztu zuenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2022ko abuztuak 12

Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko obraren lehiaketa hutsik gelditu zen aurreko aldian, eraikuntza enpresek juzgatu zutelako ez zela posible obra egitea museoak agindutako prezioan. Bigarren aldiz atera zuten lehiaketara obra, eta, oraingoan bai, bi obra proiektu aurkeztu dira, eta museoak horietatik merkeena aukeratu du, abuztuaren 10ean. Gaur, ostirala, jakinarazi dute nork irabazi duen lehiaketa.

Aldi baterako bi enpresa elkarte aurkeztu ziren: Urbelan, Altuna y Uria, Campezo eta Teusa enpresek osatutakoa bat —obra 33,9 milioi euroan egitea proposatu dute, BEZa aparte—, eta Ferrovial, Cycasa eta Eraikuntza Birgaikuntza Artapena enpresek osatutakoa bestea —34,2 milioi euroan proposatu dute obra egitea, BEZa aparte—.

BEZa erantsita, lehiaketa irabazi duen obrak 41,1 milioi euroko kostua izango du guztira, museoak deialdi honetarako aurreikusitakoa baino ia 300.000 euro gutxiago —obraren kostuak, askotan gertatzen den bezala, garestitzen ez badira behintzat—. Baina museoa zabaltzeko proiektua aurkeztu zuten lehen aldian, 2019ko abenduan, adierazi zuten 18,6 milioi euroko kostua izango zuela obrak —alegia, BEZa gehituta, orain baino ia hemeretzi milioi gutxiago—.

Obraren adjudikazioari helegiteak aurkezteko epea hasi da orain, eta, horiek ebatzi ondoren, espero dute irail bukaeran egitea behin betiko adjudikazioa. Hartara, museoa handitzeko lanak urri bukaeran hasiko lirateke. Hortik aurrera, ia bi urte, zehazki 22 hilabete, edukiko dituzte obra bukatzeko: 2024ko abuztu bukaeran bukatuta legoke obra guztia, beraz.

Norman Foster eta Jose Luis Uriarte arkitektoek egin dute Arte Ederren Museoa handitzeko proiektua; Agravitas izena eman diote. Hiru fasetan edo eremutan eraikiko dute: 1970eko eraikinean egingo dituzte lan batzuk, eraikin berri bat eraikiko dute, eta 1945eko eraikinari (originalari) eta Arriaga plazari eragingo dio besteak.

1945eko eraikinaren gainean, hegal bat eraikiko dute airean, eta, horrekin, 6.700 metro koadro irabaziko ditu museoak —gaur egun, 8.000 metro koadro ditu; ia orain halako bi izango da, beraz—. Irabazitako eremu horretatik 1.600 metro koadro inguru hartuko dituzte erakusketentzat. Gainerako eremuan, BBK-Museoa gunea irekiko dute, eta terraza bat ere zabalduko dute.

2018ko abenduan aurkeztu zuten egitasmoa lehen aldiz, eta hasieratik izan ditu gorabeherak eta kritikak. Besteak beste, Iñaki Uriarte arkitektoak gidatzen duen Bilboko Arte Ederren Museoaren Defentsa Zibikoa herri mugimenduak salatu izan du proiektuak legea urratzen duela, eta auzitara ere jo izan du, proiektua geldiaraz dezatela eskatzeko.

Prezioa, etengabe gora

Lehiaketak ere gorabehera ugari izan ditu. 2019ko abenduan, 18,6 milioi euroko aurrekontu bat zuten aurreikusia. 2022ko martxoan egin zuten lehen lizitazioa, baina, eta 29,5 milioi euroan eskaini zituzten lanak orduan. Ez zen enpresarik aurkeztu lehiaketara, diru horrekin ezinezkoa zela argudiatuta. Azkenean, 33,9 milioi euroan eman dute, hasieran uste baino hamabost milioi euro gehiagoan. Eta aparte zenbatu behar da BEZa. Bestalde, lanek urtebeteko atzerapena izango dute gutxienez: museo berria 2023an zabalik egotea espero zuten hasieran.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Luis de Pabloren —argazkian, erdian— eta beste hainbat konpositoreren lanak interpretatuko ditu gaur. ©BERRIA

1972ko Iruñea harritu zuten doinuak akordura

Uxue Rey Gorraiz

Gaur hasiko dira 72-22 Topaketak Iruñean. Urriaren 18ra bitarte, eta orain dela 50 urtekoak gogoan, askotariko jarduerek eta emanaldiek artez jantziko dute hiria. Musika berebizikoa da gaur: Teresa Catalanen eta Tomas Marcoren solasaldi bat aurrena, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kontzertua ondotik.
Moto- Membra Jesu Nostri obrako lan taldea: Pau Auli, Eneko Sagardoi, Lucia Astigarraga eta Andoni Sierra. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Motoak eta gurutzeak

Iñigo Astiz

'Moto- Membra Jesu Nostri' kontzertu eszenifikatua estreinatuko du bihar Bilboko Arriaga antzokiak, Bieteritx Buxtehuderen musikarekin eta Eneko Sagardoik sortutako testuarekin
Kristof Arotzarena eta Aitziber Zugarramurdi, Zinegin festibalaren antolatzaileak, atzo, Baionan. ©GUILLAUME FAUVEAU

Zinegin festibala urriaren 20tik 23ra egingo dute, zenbait berritasunekin

Ainize Madariaga

Filmez gain, kontzertuak ere antolatu dituzte. Gaualdi «sataniko» sorpresa ere prestatu dute
Hertzainak taldeak joan den asten aurkeztu zituen amaierako kontzertuak. ©Monika del Valle / Foku

Hertzainak-ek beste kontzertu bat emango du BECen, abenduaren 17an

Mikel Lizarralde

Abenduaren 16ko emanaldirako sarrera guztiak amaitu dira dagoeneko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.