Eskozia

Hilekoarentzako produktuak doan banatuko ditu Eskoziak gaurtik aurrera

Gaur sartu da indarrean Hilekoarentzako Produktuen Legea Eskozian. Udalek eta eskolek banatuko dituzte tanpoiak eta konpresak, eta eskatzen dituen ororentzat eduki beharko dituzte eskuragarri, doan.

Nicola Sturgeon lehen ministroa, Eskoziako Parlamentuan. FRASER BREMNER/SCOTTISH DAILY MA
2022ko abuztuaren 15a
13:22
Entzun

«Hilekoarentzako produktuak doan izateko eskubidea benetakoa da gaurtik aurrera». Monica Lennon diputatu laborista harro agertu da Hilekoarentzako Produktuen Legea indarrean delako. Gaurtik aurrera, eskoziarrei udalek eta eskolek banatu beharko dizkiete hilekoaren higienerako produktuak, doan. Legez, eskatzen dituen ororentzat izan beharko dituzte eskuragarri konpresak, tanpoiak eta gainerako higiene produktuak.

2020ko azaroan onartu zuten legea; Alderdi Laboristako diputatu Monica Lennonen esanetan, «hilekoaren pobreziari» aurre egiteko. «Harro nago legea sustatu izanarekin, Eskozia eta mundua aldatzen ari baitira modu positiboan», adierazi du Lennonek STV Eskoziako telebista publikoan, eta gaineratu du udalek eta beste hainbat erakundek gogor lan egin dutela hilekoarentzako produktuak doan eskuratzeko aukera emateko.

Lennonen arabera, legea «beste mugarri bat da hilekoaren duintasuna defendatu duten aktibistentzat», eta erakusten du «gauzak lor daitezkeela aukera progresisten eta ausarten» alde eginez gero. «Harro gaude neurri hau onartzen duen lehen gobernu nazionala izateaz».

Eskoziako Gobernuak 32 milioi euro inguru jarri ditu 2017tik hilekorentzako produktuak finantzatzeko.

Espainiako Gobernuak hilekoarentzako produktuei BEZa murrizteko aukera aipatu izan du, baina maiatzean iragarri zuten ez zutela neurri hori onartuko, gobernua osatzen duten alderdien arteko koalizio akordioan jasota dagoen arren. «Ogasun Ministerioak ez du neurri hori legean jaso nahi izan, baina berriro negoziatuko dugu, Estatuko Aurrekontu Orokorretan», esan zuen Irene Montero Berdintasun ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.