Afganistan

Emakume afganiarrak «ez ahazteko» eskatu dute Bilbon

Talibanek agintea hartu eta urtebetera, elkarretaratzea egin dute Bilbon, Emakume Afganiarren Eskubideen Aldeko Elkarteak antolatuta.

Gaurko manifestazioa Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Nagore Arin - Lide Egizala Urteaga
2022ko abuztuaren 16a
15:20
Entzun

Afganistango emakumeen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean. Emakume Afganiarren Eskubideen Aldeko Elkarteak antolatu du elkarretaratzea, eta emakume afganiarrak «ez ahazteko» aldarrikatu dute bertaratutakoek. Hogei bat lagunek parte hatu dute; besteak beste, emakume afganiar talde batek.

Nilofar Bayat saskibaloi egokituko jokalari eta aktibista afganiarrak ere parte hartu du elkarretaratzean. Duela urtebete iritsi zen Bayat Bizkaira, talibanek Kabul hartu eta egun gutxira, Afganistandik ihes egin ondoren. Bayat pozik agertu da ikusita Ukraina zer-nolako babesa jasotzen ari den Errusiak inbaditu ostean, baina eskatu du Afganistango emakumeak eta haurrak ez ahazteko. Gainera, kazetariei egindako adierazpenetan salatu du orain ez dagoela «emakumeentzako bizitzarik» Afganistanen, ez dagoela «ez independentziarik ez askatasunik» emakumeentzat.

Parte hartzaileek ahotsa eman nahi izan diete «talibanek isilarazitako» emakumeei, eta «bakarrik ez uztea» galdegin diote nazioarteko komunitateari. Gainera, mobilizazioan irakurritako ohar batean eskatu dute ez onartzeko herrialdea «iluntasunera» eramaten dutenak, «emakumeei eskoletako atea ixten» dietenak, eta «etxea izeneko espetxe batean preso» edukitzearen erantzule direnak.

Elkarteak jakinarazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan 120 emakume afganiarretik gora bizi dira egun, eta horietako askok parte hartu dute elkarretaratzean. Horietaz gain, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Immigrazio eta Asilo zuzendaria eta Teresa Laespada Bizkaiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatua ere izan dira han.

Urte bat talibanen menpe

Duela gutxi bete da urte bat Afganistan talibanen menpe gelditu zenetik. Geroztik, nabarmen egin du okerrera hango bizimoduak, baina, talibanen esku hartze hori baino lehenago ere, giza krisi larria zuten herrialdean, gerra luze baten, lehorteen, elikadura segurtasunik ezaren eta barne desplazatuen eraginez. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, joan den abuztutik 19,7 milioi lagun dira berehalako elikadura laguntza behar duten norbanakoak, eta herritarren %95ek ez dute janari nahikorik.

Testuinguru horretan, emakumezkoak dira egunerokoan oztopo gehien dituztenak. AI Amnesty Internationalen Heriotza pauso geldian txostenaren arabera, azken hamabi hilabeteotan ia erabat desagerrarazi dute emakumeen hara-hona ibiltzeko askatasuna, eta itxi egin dituzte neskentzako bigarren hezkuntzako ikastetxeak. Horrez gain, emakumeek ezin dute gizonekin batera lan egin, eta haur parkeak ere sexuen arabera bereizi dituzte. Lan arloan ere ate asko itxi dira emakumeentzat. Indarrean diren arauen arabera, gizonezkoek ezin duten alorretan soilik lan egin dezakete emakumeek, edo «gizonezkoen lanak» ez direnetan: adibidez, emagin gisa edo etxeak garbituz.

Ikusi gehiago:Baztertuetan baztertuenak

Errealitate gordin horren testigu da LEARN Afghan erakundeko zuzendari Paxtana Durrani (Quetta, Pakistan, 1998). Kandaharren zegoen talibanak heldu zirenean, eta ezkutuan zen kazetariaren deiari erantzun zionean. Udazken hartan bertan ihes egin zuen Afganistandik, eta AEBetara joan zen, Wensleyra (Massachussets), senideak atzean utzita. Boterearen truke Afganistan «saldu» izana egotzi die talibanei, baina uste du AEBek pisu handia izan dutela prozesu horretan.

Ikusi gehiago:«Erregimenak gerra deklaratu die neska gazteei»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.