Albistea entzun

Mugimendu feministak esan du Algortan ez zietela oztoporik jarri ertzainei

Nabarmendu dute ez dutela mugimendu feministaren «kriminalizaziorik» onartuko, eta azaldu dute jaietako protokoloa bete zutela

Mugimendu feministak egindako agerraldia, gaur arratsaldean, Getxon
Mugimendu feministak egindako agerraldia, gaur arratsaldean, Getxon maril ramirez / foku Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko abuztuak 17

Algortako Portu Zaharreko jaietan (Getxo, Bizkaia) gertatutakoak segida izan zuen atzo. Neska batek esan zuen ziztatu egin zutela, eta Ertzaintzaren eta mugimendu feministako kideen artean desadostasunak daude ondoren gertatutakoaren inguruan. Ertzaintzak ziurtatu du hura artatu zuten bi arduradunek oztopoak jarri zizkietela hari arreta emateko, «txosnak ziztaden harira jarduteko bere protokoloa zuela ziurtatu ondoren». Bi pertsona horiek ikertzen ari dira desobedientzia delitu larria egotzita. Gaur arratsaldean, Algortako mugimendu feministak prentsaurrekoa eman du, bere bertsioa hedatzeko. Azaldu dute mugimendu feministako bi kide arduratu zirela artatzeaz, eta ukatu egin dute Ertzaintzari oztopoak jarri izana: «Inork inongo momentutan ez zuen oztoporik jarri».

Areago, nabarmendu dute ziztadaren berri izan bezain laster 112 larrialdietarako zenbakira deitu zutela, anbulantzia eskatzeko: «Jaietarako prestatutako protokoloak halaxe zioen, Ertzaintzaren zein Eusko Jaurlaritzaren protokoloei jarraikiz». Eta, gainera, ziurtatu dute Ertzaintzarekin adostu zutela nola jokatu: «Eraso polizial eta judiziala jaso duten bi kideak dira, hain justu, egun hartan 112ra deitu, gurasoekin harremanetan jarri eta Ertzaintzarekin urrats guztiak koordinatu zituztenak. Hortaz, egin diren adierazpen faltsuak atzera botatzea eta mugimendu feministako gure bi kideen aurkako salaketak berehala bertan behera uztea exijitzen dugu».

Ertzaintzaren jarrera ez ezik, mugimendu feministaz ematen ari diren irudia ere deitoratu dute: «Mugimendu feminista kriminalizatzeko eta jopuntuan jartzeko estrategia politiko orori irmotasunez erantzungo diogu». Ez daude geldirik egoteko: «Jarraituko dugu eraso matxistarik gabeko Euskal Herri feminista bat eraikitzen».

Soka luzeko auzia

Jai giroan gertatzen ari diren eraso matxistei erantzuteko protokoloen harira, zalaparta sortu da azken egunetan. Algortako gertakarien ostean, Ertzaintzaren Esan sindikatuak zer edo zer egiteko eskatu zion Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, eta segidan etorri zen Josu Erkoreka Segurtasun sailburuaren erantzuna. Esan zuen «larria» dela ziztada kasuetarako ondua duten protokoloa ez betetzea: «Jarduera zabar horrekin arriskuan jarri ahal izan zuten biktimaren osasuna». Harrezkero Erkorekak ez du adierazpenik egin, eta, BERRIA Segurtasun Sailarekin harremanetan jartzen saiatu bada ere, ez diote telefonoa hartu.

Segida izan du auziak. Gaur El Correo egunkariak eman duen albiste baten arabera, Eusko Jaurlaritzak Bilboko konpartsei exijitu die ziztadengatiko salaketarik «ez oztopatzeko»: «Gobernu autonomikoak lehenbailehen SOS Deietara hots egiteko beharra nabarmendu du, eta eskatu du asistentzia lana ez oztopatzeko». Gezurtatu egin dute Bilboko Konpartsek: «Eusko Jaurlaritza ez da gurekin harremanetan jarri inolako eskaerarik edo exijentziarik egiteko». Zehaztu dute zein modutara jardungo duten ere: «Bilboko Konpartsen jai gunean zerbait gertatuz gero, betidanik, Bilboko Udaltzaingoarekin jartzen gara harremanetan».

Esan sindikatuak berean segitu du: kritikatu du hainbat herritako festetan jarritako puntu moreetan —informazioa ematen dute, baita eraso matxistak jasan dituztenak artatu ere— ere ez dutela Ertzaintzarekin kolaboratzen. Donostiako kasua aipatu du, eta esan du bertan «traba asko» jarri dizkietela. Horrela adierazi du: «Eskatzen dugu [Segurtasun] Sailak talde antisozial eta totalitario hauen aurka egitea, gazteak ezin direlako jende honen eskuetan utzi». Erne sindikatuak ere bide beretik jo du, eta esan du «zentzugabekeria» dela txosnek, konpartsek edo festa batzordeek hartzea ziztadak jaso dituztenei laguntzeko lana.

Sexu eraso gehiago

Ziztadez gain, beste zenbait eraso matxista ere egon dira. Laudioko mugimendu feministak (Araba) salatu du bart gauean eraso matxistak gertatu zirela, eta, gaitzesteko, protesta egin dute gaur. Amurrion ere atzo gauean eraso matxista bat egon zela jakinarazi du herriko mugimendu feministak, eta atzo hura gaitzesteko batu ziren. Udalak ere deitoratu du: «Gaitzespenik sendoena adierazi nahi dugu, baita biktimari eta ingurukoei laguntza eta haiekiko hurbiltasuna ere».

Biktima izan diren emakumeentzako arreta zerbitzua

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. ©Raul Bogajo / Foku

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Itunpeko sare langileek apirilaren 25ean egin zuten mobilizioa ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean

Iraia Vieira Gil

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

 

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.