INDARKERIA MATXISTA

Sexu askatasunaren aurkako delituei buruzko deiak bikoiztu dira Jaurlaritzaren arreta zerbitzuan

Satevi zerbitzuak 1.427 kontsultari erantzun die 2022ko lehen seihilekoan. Hamarretik bederatzik lotura dute bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriarekin.

Puntu morea, Donostiako jaietan. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 22a
10:42
Entzun

Indarkeria matxistak, edozein forma hartzen duelarik ere, ez du etenik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, sexu indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzuak, Satevik, jakinarazi du ia bikoiztu egin direla sexu askatasunaren aurkako delituekin lotutako kontsultak, iazko datuekin alderatuta. 2021eko lehen seihilekoan, 20 dei jaso zituzten arreta zerbitzuan bortxa mota horri lotuta; aurten, berriz, 37 izan dira, urtarriletik ekainera bitartean sexu askatasunaren aurkako indarkeria pairatu duten emakumeak. Fenomenoa ez da unean unekoa edo bakana, igoera jarraitua izan baita hilabetetik hilabetera: hala, 7 emakume artatu zituzten 2021eko lehen hiruhilekoan; 13, urte hartako apiriletik ekainera; 15 izan ziren 2022ko urtarril eta martxo bitartean; eta 22, berriz, aurtengo ekainera arte.

Joera horrekin kezkatuta azaldu dira Satevi zerbitzuko arduradunak, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela sentsibilizazio kanpainei eustea, «eraso mota horiei buruz hitz egin dadin eta biktimengan eta gizartean kontzientzia handiagoa izateko». Zerbitzuko kideek gaineratu dute halako kanpainak funtsezkoak direla «biktimek edo haien hurbileko pertsonek informazioa, orientazioa, laguntza emozionala eta prozesuan laguntzeko eska dezaten».

Eraso gehienak, bikotearen barruan

Sexu askatasunaren aurkako delituetan emakumeak erasotzailearekin duen harremanari dagokionez, gertaera horien berri eman duten emakume gehienek erasotzailea ezagutzen zuten: «Ikaskideek edo lanekoek, lagunek, nagusiek edo profesionalek eraso egin zieten; hala nola, erregistratutako adibide bat aipatzearren, ginekologoak». Biktimarekin inongo loturarik edo harremanik ez zuten gizonezkoen erasoak ere erregistratu ditu Satevik, baina, datuek erakusten dutenez, askoz bakanagoak dira.

Sateviren arabera, deiak «unean unekoak» izan ohi dira; hau da, biktimek dei bakarra egiten dute beren egoera azaltzeko, eta gutxitan egiten dute dei bat baino gehiago. Eskaera esplizitua duten deiak izaten dira, laguntza emozional eta psikologikoa edo salaketa jartzeko moduari buruzko informazioa lortzeko.

Satevik, Etxeko indarkeriaren edo sexuagatiko indarkeriaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzuak, emakumeen aurkako edozein indarkeria motarekin lotutako deiak jasotzen ditu. 2022ko lehen bi hiruhilekoetan, 1.427 kontsultari erantzun die guztira. Ia %90 bikotearen edo bikotekide ohiaren indarkeriarekin lotuta zeuden, eta, ondoren, familia barruko genero indarkeriako eta sexu askatasunaren aurkako delituak.

900-84 01 11 telefono linea berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da, eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan. Eguneko 24 orduetan egoten da martxan, urteko 365 egunetan, eta profesionalek ematen diote arreta; batez ere, psikologoek, hezitzaileek eta etengabeko prestakuntzan dauden gizarte langileek. Zerbitzua egokituta dago entzuteko edo hitz egiteko ezintasuna duten pertsonei arreta emateko, keinu mintzairako interpreteak dituen bideo kanal baten bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.