Lan osasuna
Langile bat hil da Markinan, harritzar batek harrapatuta
Garbiketa eta laguntza lanak egiten ari zela jazo zen ezbeharra, atzo, Lekoitz harrobian. Aurten Euskal Herrian 52 behargin hil dira lanean ari zirela.

Behargin bat hil zen atzo arratsaldean Markinako Lekoitz harrobian (Bizkaia), harritzar batek harrapatuta, Ertzaintzak jakinarazi duenez. B.F. zuen izena, eta 34 urte zituen. UGTk ohar bidez zehaztu duenez, harria erori eta harrapatuta geratu zen, garbiketa eta laguntza lanetan ari zela.
LAB sindikatuak salatu duenez, harrobian «ez da betetzen» lan osasuneko araudia, eta langileek ez dute prestakuntzarik izan, harrobikoa «arrisku handiko jarduera izanik ere». Gehiengo sindikalak mobilizazioetara deitu du, senide eta lagunei babesa eskaintzeko eta lan osasunean «neurriak har daitezela eskatzeko». Etzi 12:00etan elkartuko dira, Donostiako Miramon pasealekuan, Amenabar Construcciones enpresaren egoitza parean.
Abuztuko bosgarren lan heriotza da Markinakoa. Eraikuntza langile bat eta garraiolari bat izan ziren lehenbizikoak, Errenterian bata eta Elgoibarren bestea (Gipuzkoa); beste garraiolari bat Oiartzunen (Gipuzkoa) hil zen joan den astean; baita basomutil bat ere, Zeanurin (Bizkaia). Sindikatuen arabera, aurten Euskal Herrian 52 behargin hil dira lanean ari zirela.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.