Lan istripuak

Markinako lan istripua salatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek

Astelehenean Amenabar enpresaren Zabaleta harrobian hildako behargina gogoratu dute. 34 urte zituen, eta harri handi batek harrapaturik hil zen.

Gaurko protesta, Amenabarren egotzaren aurrean. LAB
xabier martin
2022ko abuztuaren 25a
14:26
Entzun

«Lan istripu gehiagorik ez; prekaritatea hiltzailea» idatzita zuen kartel baten atzean elkarretaratu dira ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuetako ordezkariak, gaur, Donostian, Amenabar enpresaren egoitzaren aurrean. Joan den asteleheneko lan istripu hilgarria salatzea izan dute helburu. Markinan izan zen ezbeharra, Zabaleta harrobian. Harri handi batek 34 urteko langile bat harrapatu zuen, eta langilea hil egin zen, harriak eragindako zauriengatik.

«Euskal Herrian, behintzat 52 langile hil dira aurten beharrean, horietako bost abuztuan», azaldu dute sindikatuek. «Bost egunetik behin, behargin bat hil da 2022an». Eraikuntza langile bat eta garraiolari bat izan ziren hileko lehenbizikoak, Errenterian bata eta Elgoibarren bestea (Gipuzkoa); beste garraiolari bat hil zen joan den astean, Oiartzunen (Gipuzkoa), baita basomutil bat ere, Zeanurin (Bizkaia).

Halaber, salatu dute patronalak ez dituela betetzen osasun eta segurtasun neurriak. «Azken urteetan Amenabar enpresak pilatu dituen lan istripuen zerrenda beltza eta heriotzak ikusi besterik ez dago», esan dute.

Prebentzio neurrien aplikazioa

Prebentzio neurriak paperean jasota ikusten ohitu direla azaldu dute, gainera; «baina, gero, ez dituzte neurri horiek errealitatera eramaten, ez dituzte aplikatzen». Sindikatuen arabera, langileek «zailtasunak» dituzte segurtasun neurriak aplika daitezela eskatzeko, «lan harremanak prekaritatean oinarriturik daudelako».

Lan osasunaren arloan «alarma egoera» dagoela uste dute, eta neurriak «berehala» hartzea galdegin dute. «Ezin dugu ulertu nola ez den gai honi buruzko adierazpen bakar bat ere entzun Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien ahotan: bost egunetik behin, langile bat hiltzen da beharrean; non dago Urkullu jauna? Zertan ari da Idoia Mendia?», galdetu dute. Lan osasunaren araudia betetzea Eusko Jaurlaritzaren betebeharra dela argitu dute; «jakina da araudi hori ez dela betetzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.