Energia krisia

Gazpromek berriro itxi du Nord Stream 1 gasbidea, hiru egunez

Konponketa lanak egin behar ditu martxan duen konpresio gune bakarrean. Gaurtik irailaren 2ra arte etengo du hornidura.

Gazpromen egoitza San Petersburgon (Errusia). ANATOLY MALTSEV / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko abuztuaren 31
11:09
Entzun

41 egun igaro dira Gazprom Errusiako Estatuaren energia konpainiak Nord Stream 1 gasbidearen iturria berriro ireki zuenetik. Mantentze lanak zirela-eta itxi zuten gasbidearen giltza, eta, gaur ere, horregatik eten dute hornidura berriro. Gazpromek 04:00etan gelditu du orain arte martxan zuen konpresio gune bakarra (Euskal Herrian 03:00ak zirela). Hiru egun beharko dituzte mantentze lanak egiteko; irailaren 2ra arte itxirik egotea aurreikusten du konpainiak, Tass berri agentziaren arabera.

Behin gasbidea irekita, Alemaniak lehendik zetorkion gas kantitate bera jasoko du: 33 milioi metro kubo egunean. Hau da, Nord Stream 1en ahalmenaren %20 besterik ez —167 milioi metro kubo ponpatu ditzake—.

Europako agintari eta energia konpainiek, ordea, esaten dute Gazpromek ez duela gas gehiago hornitzea eragozten dion arazo teknikorik, eta salatu dute Errusia propio ari dela hornidura murrizten, Ukrainako gerrarengatik Alemania eta Europa estu hartzeko.

Kremlineko bozeramaile Dimitri Peskovek ziurtatu du Errusiari ezarritako zigorrek eragindako arazo teknikoez gainera «ez dagoela hornidura galarazten duen ezer».

Alemania ez da aste honetan murrizketak izango dituen herrialde bakarra. Gazpromek atzo iragarri zuen gas hornidura guztiz etengo ziola Engie Frantziako operadoreari —azken hilabeteotan ere murriztuz joan da gas isuria—. Engiek, baina, ukatu egin du horrek bere hornidura propioa oztoparaziko duela, aurreikusia baitzuen Errusiak gas gehiago ez bidaltzea.

Frantzia Errusiatik datorkion gas kontsumoa apalduz joan da, eta gorantz doaz gas erreserbak. Biltegiak %91 bete ditu, eta azarorako beterik izatea espero du. Gaur egun duen erreserba Frantziak urtean kontsumitzen duen gasaren laurdena adina da.

Bien bitartean, Europako Batasuneko gas biltegiak %80an daude. Berri onak dira, kontuan izanda espero baino bi hilabete lehenago lortu dutela maila horretara iristea. Iazko mailara iritsi dira biltegiak, beraz. Urrian %77 zeuden beteta; baina ehuneko hori %25era jaitsi zen martxoan, hornitzaile nagusiak, Errusiak, ohi baino ekarpen txikiagoa egin zuelako.

Horiek horrela, gaur-gaurkoz biltegiratze gaitasun handiena duten bost herrialdeetatik hiruk gainditu dute %80ko maila: Frantziak, Alemaniak (%83,65), eta Italiak (%81,90). Gainontzeko biak, Herbehereak eta Austria, atzetik dira (%77 eta %66, hurrenez hurren).

Gasaren prezioa

Joan den astean, gasaren megawatt-orduak gailurra jo zuen Europarako erreferentziazko merkatuan, Herbehereetakoan, une batez 346 euroan salerosi baitzen. Beherantz egin du ordutik: herenegun 265 euroan salerosi zen. Gazpromek Nord Stream 1 itxi izanak hautsak harrotu zituen, eta gaur goizean 284 eurora iritsi zen megawatt-ordua. Dena dela, aurreko eguneko prezioaren azpitik kokatu da gasa, 260 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.