Energia

Jaurlaritzak «konpentsazioak» eskatu ditu industria sektorearentzat

Bruselara bidali behar duen planerako proposamenak bidali dizkio Espainiako Gobernuari, enpresen eskaerekin. Etendura erregimena «berreskuratzeko» eskatu dio, kogenerazioa laguntzeko, eta erosketa bateratuak ahalbidetzeko.

ArantxaTapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, ostegun honetn Bilbon eginiko agerraldian. IREKIA
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 1a
13:04
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Madrili eskatu dio industria sektoreko enpresak «konpentsatzeko» baldin eta energia horniduran etenik bada edo beren borondatez kontsumoa eteten badute energia konpainiekin adostuta. Hala jaso du Espainiako Gobernuari bidali dizkion eskaeretan. Duela hiru aste aurkeztutako zirriborroari puntu bat gehitu dio, sektorearen proposamenekin. Puntu horretan aipatzen diren neurriak Espainiako Gobernuaren eskumen esklusiboak dira, eta Jaurlaritzak espero du Trantsizio Ekologikorako Ministerioak hil honetan Bruselara bidali behar duen energia aurrezteko kontingentzia planean jasotzea.

Ikusi gehiago: Eusko Jaurlaritzaren kontingentzia plana, osorik.

Neurri nagusietako bat da etendura erregimen deiturikoa «berreskuratzea», «baliabide gehiagorekin» eta gas kontsumora zabalduz. Argindarraren kasuan, mekanismo horri esker Espainiako Sare Elektrikoak enpresa baten hornidura eten dezake larrialdiren bat gertatu delako, eskariak gora egin duelako edo sorkuntzak behera egin duelako. Horren truke, atxikitzen direnek laguntza batzuk jasotzen dituzte. Jaurlaritzaren arabera, konpentsazio horiek araudi berrian berrikusi beharko lirateke, eta gasa erabiltzen dutenei zabaldu. Kontsumoa eteteko prest dauden enpresen fakturak merkatzea izan liteke laguntzetako bat, baina gehiago edo beste mota batekoak ere izan litezke; Jaurlaritzak ez du zehaztu.

Madrili eskatu dion beste neurri bat kogenerazioarekin lotuta dago. Teknologia horrek gasetik elektrizitatea eta beroa sortzea ahalbidetzen du. Enpresa askok —paper fabrikek batez ere— inbertsio handiak egin dituzte horrelako teknologiak beren eraikinetan jartzeko, baina horietako asko geldirik daude gaur egun, gasaren prezioaren ondorioz. Kogenerazioa erabiltzen dutenek, gainera, «zigor» gehigarri bat dute: ekoizten duten elektrizitate guztia saldu behar dute lehenik, eta, gero, sare orokorrari erosi, merkatuko prezioan (garestiago).

Bruselak onartutako eta duela hilabete abian jarritako iberiar salbuespenaren ondorioz, elektrizitatea sortzeko gasa erabiltzen duten ziklo konbinatuko zentralek konpentsazio bat jasotzen dute, baina ez kogeneraziokoek. Ez Espainian, baina bai Portugalen. Jaurlaritzaren ustez, «diskriminatzailea» da ziklo konbinatuko plantak soilik laguntzea.

Horrekin batera, Jaurlaritzak Madrili eskatu dio energia ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko «bitartekariaren figura» arautzeko; bide emateko, besteak beste, enpresa batzuk batzeko eta energia erosketa bateratuak egiteko, «prezio hobeagoetan».

Gasa ziurtatzeko neurriak

Jaurlaritzaren arabera, gaur egun arazorik ez dago gas hornidurarekin, baina ohartarazi du egoera asko zailduko litzatekeela Errusiak Nord Stream 1 gasbidea betiko edo denbora luzez itxiko balu —aste honetan, hiru egunez etengo dute, mantentze lanetarako—. Horren aurrean, hainbat proposamen egin dizkio Espainiako Gobernuari.

Batetik, programatuta dauden gas likidotuaren bidalketak «ziurtatzeko», eta iritsiko ez balira zigorrak ezartzeko. Bestetik, Bilboko portuan gasa deskargatzeko beste gune jartzeko eskatu dio, eta ahalik eta azkarrena egiteko. Horrekin batera, Hego Euskal Herriko gasbideen garraio bolumenak handitzeko eskatu dio, eta Frantziako sarearekin mugan dauden lotuneak hobetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.