Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Nord Stream 1en itxiera luzatuz erantzun die Moskuk G7koen asmoei

G7koen taldeak petrolio errusiarrari gehieneko prezio bat ezartzea adostu ostean etorri da Gazpromen oharra. Konpainiaren arabera, gasbidearen mantentze lanetan isuri bat topatu dute. Gazpromek esan du isuria konpondu arte gasik ez dutela bidaliko, eta ez du datarik eman.

Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon (Errusia).
Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon (Errusia). ANATOLY MALTSEV / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2022ko irailak 2

G7ko finantza ministroek petrolio errusiarraren prezioari muga jartzea erabaki eta ia berehala etorri da erantzuna Kremlinetik, Gazpromen bitartez: «Mantentze lanengatik» hiru egunez itxita egon ostean bihar atzera zabaldu behar zen Nord Stream 1 gasbidean hornidurak etenda jarraituko du, topatu duten isuri bat konpondu artean.

Hori da Gazpromen azalpena, baina egia da ere Errusiak egunak zeramatzala esaten gasa moztuko ziotela Europari G7ko herrialdeek petrolioaren prezioari muga jartzen bazioten.

Lehendik ere Nord Stream 1aren emaria oso murriztuta zetorren Europara, ohiko hornikuntzaren %20 soilik betetzen ari zelako Gazprom, Mendebaldearen zigorrek eragindako arazoak argudiatuta. Joan den asteartean mantentze lanak egin behar zituela eta, Gazpromek itxi egin zuen gasbidea. Printzipioz hiru egunetakoa izan behar zuen Nord Stream 1aren itxierak, baina orain ez du zabalera datarik.

Eta, beste behin, agerian gelditu da Europak Errusiako gasarekiko duen menpekotasuna. Alemaniak eta Europako Batasuneko beste zenbait herrialdek jada espero zuten Errusiak gasa moztea, baina horrek ez du esan nahi prestaturik daudenik.

Europar Kontseiluko presidente Charles Michelen erreakzioak ere etsipen doinua: «Gazpromen mugimendua, zoritxarrez, ez da harritzekoa. Gasa arma gisa erabiltzeak ez du EBren erabakia aldatuko. Energia burujabetzarako bidea bizkortuko dugu. Gure betebeharra da gure herritarrak babestea eta Ukrainaren askatasuna babestea».

G7ak Mosku petrolioarekin lortzen ari den itzelezko irabaziak —94.870 milioi euro martxotik uztailera— murriztu nahian hartu du Errusiako petrolioari gehieneko prezio bat ezartzeko erabakia, eta beti ere Ukrainako Gerra pizteagatik Errusiari jarritako zigorrei lotuta. Alemaniak, Frantziak, AEBek, Erresuma Batuak, Italiak, Kanadak eta Japoniak osatutako taldearen esanetan, neurriak energia merkatuak ere egonkortuko ditu.

Petrolio errusiarra zigortzeko bigarren pausoa izan da. Aurretik AEBek, Erresuma Batuak eta Kanadak debekua ezarri zieten Errusiako petrolio inportazioei eta Europako Batasuna aztertzen ari zen abendutik aurrera debeku osoa ezartzea itsasoz inportatutako Errusiako petrolioari eta geroago, 2023. urte hasieran petrolioaren eratorriei.

Debekuek, ordea, min gutxi egin diote Moskuri; dirutza jasotzen jarraitu du, upelak Txinari, Indiari eta beste hirugarren herrialdeei salduta, eta Europak berak ere segitu du Errusiako petrolioa hartzen. Petrolio gutxiago salduta ere, prezio garestiarekin Mendebaldearen zigorrak hutsal bihurtu dira Errusiarentzat.

Nola konpondu arazo hori? AEBena da ideia, Errusiako petrolio errusiar upelari gehieneko prezio «global» bat ezartzea, Kremlinaren diru etorria murrizteko, «ezin jarrai dezan Ukrainako gerra finantzatzen». Nola behartu hirugarren herrialde erosleak Errusia prezio mugatuaren ataka horretan jartzera? Erosle horiei petrolio erosketetan beharrezkoak diren aseguru eta finantza zerbitzuak baldintzatuta: prezio mugatu horretan erosi petrolioa Errusiari, asegururik nahi izanez gero. Londresen eta Europako Batasunean kontratatzen dira, gaur egun, itsasoz munduan egindako petrolio garraio guztien %95.

Dena den, G7ko herrialdeek atzo adostutakoa, berez, proposamen bat da, hirugarren herrialdeei aurkezteko, eta neurri batean Mendebaldeak Errusia zigortzeko neurriekin bizi duen ezintasuna azaleratzen du. G7aren agiriak, esaterako, ez du prezio mugaren inguruko zenbaki bat bera ere eman.

Izan ere, proposatutakoa indarrean jartzea zaila da, oso. Besteak beste, hirugarren herrialdeetako erosleek erabaki dezakete errusiarren beraien aseguruak erabiltzea, nahiz eta murritzagoak izan Europakoak baino.

Ezin baztertu ere, Errusiako petrolioak beste herritartasun bat lortzea itsas bidaian zehar. Ez dago batere argi nork eta nola kontrolatuko lukeen hori, nork zainduko lukeen hirugarren herrialdeetako erosleek prezio muga betetzen duten edo ez.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Artxiboko argazkia. ©Marisol Ramirez / FOKU

Langile bat hil da Berriobeitiko Saint Gobain Abrasivos enpresan

Iñaut Matauko Rada

Lanera sartzen ari zela, ondoezik sentitzen hasi da 56 urteko langilea, eta hil egin da.

Ertzaintzak eragindako zaurietako batzuk. / ©LAB Ezkerraldea

Ertzaintzak lau grebalari zauritu ditu metalgintzako piketean

Imanol Magro Eizmendi

Arteako Pekos Fabricacion lantegiaren aurrean izan da oldarraldia. Sindikatuek elkarretaratzera deitu dute 17:00etarako, indarkeria gaitzesteko.

Prentsaurrekoaren ostean LABek egindako argazkia, Adegiren egoitzaren atarian. ©BERRIA

Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko hitzarmenaren alde borrokatuko da LAB Gipuzkoako metalean

Iñaut Matauko Rada

Abenduaren 31n iraungiko da Gipuzkoako metalgintzako hitzarmena, eta LABek prentsaurrekoan adierazi du sektoreak dituen beharrei aurre egingo dien hitzarmen baten alde borrokatuko dela.

Anton Arriola, Kutxabankeko lehendakari berria. ©Kutxabank.

Kutxabankek presidente berria du, baina ez du aldatuko estrategia nagusia

Iker Aranburu

Anton Arriola durangarrak ordezkatu du Gregorio Billalabeitia. Kutxabanken «berezitasunari» eta errotzeari eutsiko diola ziurtatu du presidente berriak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...