EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk kirolaren legea aurrera ateratzeko akordioa egin dute

Lau ardatz nagusi izanen ditu legeak, eta ohitura osasuntsuak sustatzea da helburua.

Haurrak soka-saltoan jolasten. GUILLAUME FAUVEAU
Olaia L. Garaialde.
2022ko irailaren 8a
16:06
Entzun

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Legearen alde egin dute EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk. Gaur jakinarazi dute EH Bilduk bat egin duela. «EH Bildu beti dago akordioak lortzeko prest, baina beti edukien arabera. Edukiak onak badira herritarrentzat, onak izango dira guretzat ere, eta akordioetan egongo gara», adierazi du Rebeka Uberak, EH Bilduko legebiltzarkideak. Legeak ohitura osasuntsuak sustatu nahi ditu; Rakel Molina EAJko legebiltzarkideak adierazi du akordioa lortzea «premiazkoa» zela: «Positiboa da, eta legearen helburua eta espiritua islatzen ditu».

Legeak lau ardatz dituela nabarmendu du Uberak: «Bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura eraikitzea, eskolan kirola sustatzea, inklusioa eta kohesio soziala bultzatzea, eta Euskal Herriko lehiaketa esparrua sustatzea».

Uberak azpimarratu du planak «bereziki» kontuan hartuko dituela adingabeak, gazteak eta bazterkeria egoeran daudenak: «Bizitza aktibo eta osasuntsuaren kultura agenda politikoan sartuko da lehenengo aldiz». Horrez gain, kiroldegien iruditeria «klasikotik» urrundu nahi dute, kirola egiteko «gune ireki», «seguru» eta «egokiak» sortzeko.

Alderdiek nahi dute haurrek eta nerabeek eskolan denbora gutxiago pasatzea eserita eta «hezkuntza aktiboa» sustatzea. Horretarako, hiru etapatan egituratuko dute eskola kirola. Haur Hezkuntzan, jarduera fisikoa eta jolas librea sustatuko dituzte. Lehen Hezkuntzan, kirolak helburu ludikoa izatea nahi dute, eta askotariko kirolak sustatu. DBH kirol errendimendura bideratuta egongo da.
Horrez gain, desgaitasunen bat duten kirolariak ohiko kirol federazioetan sartzea nahi dute. «Inklusioa sustatzeko bide askotarikoak zehaztuko dira; hala nola lehiaketa mistoak egitea», gehitu du Uberak.

Euskal Herriko lehiaketak sustatzeko, Euskal Herri osoko federazioek txapelketak antolatu ahalko dituzte, Uberak azaldu duenez: «Euskal selekzioen parte hartzea sustatuko dugu lehiaketa ofizialetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.