Hezkuntza

Graduko 35.000 ikaslek hasiko dute ikasturte berria EHUn

Ikasleen %53,5ek euskaraz egingo dituzte ikasketak, eta %46,5ek gazteleraz. Datorren asteazkenean hasiko du EHUk ikasturte berria.

EHUko hainbat ikasle. EHU
2022ko irailaren 9a
13:18
Entzun

2022-2023 ikasturtean 35.000 ikaslek egingo dituzte graduko ikasketak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean; horietatik 8.316 lehen mailan hasiko dira. EHUk jakinarazi duenez, ikasle berrien %57 emakumeak dira, eta %43 gizonezkoak. Hizkuntzari dagokionez, graduko ikasketak euskarazko taldeetan egingo dituzte matrikulatutako ikasleen %53,5ek, eta gazteleraz, %46,5ek. Campusei dagokienez, Bizkaikoak jasoko du ikasle kopuru handiena: matrikulatu diren ikasleen %53,3. Gipuzkoako campusean matrikulatu dira ikasleen %25,7, eta Arabakoan %21.

Ikasturte berria hasiko duten ikasleek EHUko 105 graduetako bat egingo dute. Horietako hamalau gradu bikoitza dira. Hizkuntzari dagokionez, gradu guztiak bi hizkuntza ofizialetan egiteko aukera dagoela adierazi du EHUk. Horrez gainera, graduko lau ikasletik batek Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpoko beste unibertsitateetan ikasiko du. Hain zuzen ere, 2.372 ikaslek gutxienez lauhileko bat egingo dute atzerriko unibertsitateetan, eta beste unibertsitate batzuetako 902 ikaslek EHUn ikasiko dute.

Hilaren 14an egingo dute EHUren ikasturtea hasteko ekitaldia, Bizkaia Aretoan; Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eva Ferreira errektorea izango dira bertan. Ikasturte berriari begira, Ferreirak azpimarratu du EHUk «eskaintza sendoa» duela eta «etengabe eguneratzen» ari dela nazioartekotzeko helburuarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.